Hizkuntza aniztasuna sustatzeko NPLD sarearen baitan ikerguneen bilgunea sortzeko prozesua aurrera eraman da azken urtean zehar. Ekainaren 13 eta 14an, Oradea hirian Errumaniako hungarieradunen unibertsitatean egin dira UniNet bilgune berriaren lehen bilera ofizialak. Soziolinguistika Klusterrak sortze prozesuan aktiboki parte hartu du eta bilguneko kide da hasieratik. Frisia, Eskozia, Gales, Errumania eta Herrialde Katalanetako 15 unibertsitate eta ikergune autonomok sortu dute UniNet, NPLD beraren eta Frisiako gobernuaren diru laguntzarekin. Sarearen helburuak dira ikasleen trukea bultzatzea, irakasle eta ikertzaileen mugikortasuna sustatzea eta elkarrekin ikerketa proiektuak lantzea.
Errumaniako bileretan erakunde bakoitzak bere jarduna aurkeztu zuen; tartean, Imanol Larrea zuzendariak Soziolinguistika Klusterraren nondik norakoak. Horrez gain, elkarlanerako aukerak identifikatzen lan egin zen eta datozen hilabeteetan horiek gauzatzeko konpromisoa hartu zuten parte hartzaileek.