Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Bilboko gurasoen hizkuntza-praktiken eraldaketa soziolinguistikorako aukerak aztertu dituzte

Soziolinguistika Klusterrak egin du ikerketa Bilboko Alde Zaharrean eta Deustun. Hiri testuinguruetan euskararen presentzia indartzeko aukera eta erronkak azaleratu ditu.

Bilboko Udalak bultzatutako ikerketa honek hiru helburu izan ditu: gurasoen hizkuntza-ideologien eta eguneroko praktiken berri izatea, familien arteko harreman-sareak aztertzea euskararen erabilera sustatzeko aukerak identifikatzeko, eta etorkizuneko esku-hartzeetarako gako praktikoak zehaztea. Informazioa bilketarako teknika etnografikoak eta elkarrizketak baliatu dira. Horrez gain, ikerketaren amaieran, Gau Beltzaren inguruko dinamika antolatu zen Txantxiku Aisialdi Taldearekin Deustun eta Alde Zaharrean. Ehun pertsona baino gehiagok parte hartu zuten familia tailerrean eta antolatu ziren beste ekimenetan.

Gurasoen ikasketa prozesua

Hizkuntzen belaunez belauneko prozesua dinamikoa eta aldakorra izan ohi da. Guraso batzuk beraien familiaren historian, euskara berreskuratu dute; eta aldiz, beste askoren kasuan estreinakoz euskara ikasi duten belaunaldia izan da. Ikasketa prozesuari dagokionez hiru ibilbide nabarmendu dira: Batetik, familiari edo inguruneari esker euskara ikasi dutenak; bestetik, gazte garaian hizkuntza-aldaketa egin dutenak; eta azkenik, gurasotasunarekin lotuta euskara ikasi dutenak edota erabiltzen hasi direnak.

Haurren ikasketa prozesua

Eskolak euskararen irla gisa funtzionatzen du, baina eskolaz kanpo gaztelaniaren presioa nabarmena da. Aisialdia, lagunartea eta kale giroa eremu erdaldunetan garatzen dira, eta horrek hizkuntza-aldaketa eragiten du haur askorengan. Euskarazko harreman sareak sortzea eta haurrei aisialdi testuinguru euskaldunak eskaintzea ezinbesteko urratsak dira erabilera soziala bermatzeko.

Familia hizkuntza-politikak

Hizkuntzari lotuta familian hartzen diren erabaki esplizituak zein inplizituak asko dira. Familia hizkuntza-politika deitu diogun erabakimenean sakontzeko hiru osagai landu dira: ideologia, kudeaketa eta praktika. Hizkuntza-ideologiari dagokionez, euskara nortasunaren parte eta zaurgarri agertu da nagusiki, baina, era berean, liberalismo linguistikoa presente dagoen diskurtsoa da. Familiek euskararen erabilera sustatzeko estrategia ezberdinak erabiltzen dituzte; esate baterako, haurrekin euskaraz hitz egitea, euskaraz egingo duen eskola batean matrikulatzea; eremu informalean eta ez formalean euskaraz bizitzeko aukera ematea ondo pasatzeari garrantzia emanez; hizkuntzaren egoerari buruz familian solastea; edota, euskaraz artatzen zaituzten dendetara eta zerbitzuetara joatea.

Laburtuz, esan daiteke, familiek eta gurasoek euskararen aldeko praktika eraldatzaileak garatzeko gaitasuna badutela. Horretarako eremu informaletan eta auzo mailan sare euskaldunak indartzea, esku hartze komunitarioak sustatzea eta planifikazio malguak diseinatzea giltzarri dira.

Ikerketaren txosten osoa irakurgai dago Soziolinguistika Klusterraren webgunean: https://soziolinguistika.eus/eu/argitalpenak/haur-txikiak-dituzten-gurasoen-hizkuntza-bizipenak-praktikak-eta-harreman-sareak/

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN