Testuinguru erdaldunetako ikastetxeetan ahozko komunikazioa lantzeko Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) zuzendaritzarekin, 2017/2018 ikasturtean abiatutako Berba-Lapiko proiektuak bere bidea jarraitzen du. 2025/2026 ikasturtean, egitasmoa EAEko 44 eskolatan garatu da, eta bertan proiektuaren baitan sortutako metodologia aplikatu da Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako geletan. Proiektuan parte hartu duten ikasgelek, guztira, 6.460 ikasle eta 340 irakasle bildu dituzte.

2025eko udazkenean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Euskara eta Hizkuntzen Irakaskuntzaren Institutuaren (EUSHI) aholkularien bitartez, proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako irakasleek formazioa jaso zuten. Prestakuntza bi saioko ibilbide baten bidez antolatu zen, eragin-gune edo zonalde bakoitzeko ikastetxeekin landuta. Formazioan, ahozko hizkuntzaren didaktikaren oinarriak landu ziren, testuinguru soziolinguistikoa abiapuntu hartuta. Horrez gain, metodologia azaldu zen, maila bakoitzerako material didaktikoa ezagutarazi zen, eta amaieran, materiala inplementatzeko gakoak eta elkarrekintza estrategiak partekatu ziren.
Urtarrilean, irakasleak metodologia geletan inplementatzen hasi ziren, eta horretan jardun dute, martxora arte. Azken urteetan bezala, ikasturte honetako esperientziek ere erakutsi dute Berba-Lapikon ahozkotasuna erdigunean jarrita proposatzen diren esku-hartzeak eraginkorrak izan daitezkeela ikasleen euskarazko gaitasuna, erabilera eta euskararekiko jarrera lantzeko.

Inplementazioan parte hartu duten zenbait ikastetxeri jarraipen berezia egin zaie metodologien eraginkortasuna ikertzeko. Zehazki, 44 eskolatatik 3tan, bana Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 2022/2023 ikasturtean abiatutako 4 urteko ikerketaren azken datu-bilketa egin da ikasturte honetan. Ikerketaren helburu nagusia da aztertzea zer nolako aldaketak ekar ditzakeen testuinguru soziolinguistiko erdalduneko ikasleen ahozkoan Hizkuntza errutinen metodologia lau urtez jarraian (LH1-LH4) inplementatzeak, eta, aldi berean, ikasleen ahozko ekoizpenetan urtez urteko aurrerapena zein izan den ikustea.
2026ko urtarrilean, LH4ko geletan inplementazioaren hasierarekin batera, lehenengo datu-bilketa egin zen, eta martxoan, bigarrena. Urtero, metodologia inplementatu aurretik ikasleen ahozkoaren diagnosia egiten da, eta lanketa amaitu ondoren, berriz jasotzen dira ikasleen ekoizpenak; ondoren, ahozko testu horiek alderatzen dira ikasleen urteko aurrerapena aztertzeko. Datorren ikasturtean, ikerketan parte hartu duten hiru ikastetxeetan emaitzen berri emango da.
Azken urteetako txosten lana eta ibilbidea islatzen duten txostenak ikusgai daude: www.soziolinguistika.eus/berba-lapiko

