Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Arnasguneen inguruko nazioarteko ezagutza argitalpen batean bildu da

Sei ekarpen, arnasguneen garrantzia hainbat ikuspegitatik aztertzeko

Liburua Mikel Zalbideren lanetik abiatzen da. Zalbidek arnasguneen kontzeptua, ezaugarriak eta euskararen indarberritzean duten garrantzia azaltzen ditu. Liburuan jasotakoa Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 110. zenbakian argitaratutako «Arnasguneak. Etorkizuneko erronkak» artikulutik hautatutako pasarteak dira. Arnasguneak hizkuntza gutxitua sozialki nagusi den eremuak dira, eta bertan hizkuntzaren erabilera eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa beste ingurune batzuetan baino modu naturalagoan garatzen dira.

Conchúr Ó Giollagáinek hizkuntza gutxituen komunitate bernakularren biziraupena aztertzen du, gizarte-dinamika eta bizindar etnolinguistikoa erdigunean jarriz. Étienne Lemyrek, berriz, Kanadako eta Quebeceko datuak baliatzen ditu frantses-hiztunen tokiko dentsitateak hizkuntzaren erabileran, transmisioan eta ezagutzan duen eragina azaltzeko.

Elin Haf Gruffydd Jonesek Galesko hiztun-dentsitate altuko, ertaineko eta baxuko komunitateen arteko loturak eta kodependentzia aztertzen ditu, hizkuntza-politikaren eta lurralde-antolaketaren ikuspegitik. Artikuluak Galesko eta Euskal Herriko egoerak elkarrizketan jartzen ditu, eta dentsitate desberdineko eremuen arteko harremanak kontuan hartzeko beharra azpimarratzen du.

Euskal Herriari buruzko bi ikerlanek osatzen dute bilduma. Asier Basurto Arrutik eta Iñaki Iurrebaso Biterik hiztunen bizileku-mugikortasunak eta dentsitate soziolinguistiko desberdineko lurraldeen arteko joan-etorriek euskararen erabileran dituzten ondorioak aztertu dituzte. Iñaki Iurrebasok, bestalde, euskalduntzeak lurraldearen ezaugarri soziolinguistikoen arabera duen inpaktua aztertzen du, eta euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia baten beharra proposatzen du.

Ezagutza teorikotik hizkuntza-politiketarako proposamenetara

Argitalpenean bildutako lanek ikuspegi eta metodologia desberdinak erabiltzen dituzte, baina abiapuntu partekatu bat dute: hiztun-dentsitate handiko eremuek lehentasunezko arreta behar dute hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Eremu horietan hizkuntza-komunitatearen erreprodukzioa, gizarte-garapena eta hizkuntzaren erabilera naturala bermatzea ezinbestekoa da.

Aldi berean, argitalpenak erakusten du arnasguneak ezin direla isolatutako lurralde gisa ulertu. Hiztun-dentsitate baxuagoko eta altuagoko eremuen arteko mugikortasunak, harremanek eta elkarrekiko eraginek hizkuntza-komunitate osoaren bilakaera baldintzatzen dute. Horrenbestez, arnasguneen babesa eta garapena hizkuntza-politika, lurralde-antolaketa, jarduera sozioekonomiko eta gizarte-kohesioarekin lotutako estrategia zabalagoen barruan kokatu behar dira.

Liburua euskararen biziberritzearen inguruan lanean ari diren ikertzaile, teknikari, erakundeetako arduradun eta gizarte-eragileei zuzenduta dago. Nazioarteko ikertzaileentzat ere erreferentzia izan nahi du, arnasguneen, komunitate bernakularren eta hiztun-dentsitatearen inguruan hainbat hizkuntza-komunitatetan garatutako ikerketa-ildoak elkarren artean lotuz.

Argitalpen osoa UEUren argitaletxearen webgunean eskura daiteke. Liburua osorik kontsultatzeaz gain, sei artikuluak banaka deskarga daitezke euskaraz eta ingelesez argitalpenaren webgune akademikoan. Argitalpen osoak DOI identifikatzaile propioa du, baita bertako artikulu bakoitzak ere.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN