Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Soziolinguistika Klusterraren eta Bat aldizkariaren webgune berrituak prest

Webgunea da gaur egun erakunde batek eta aldizkari zientifiko batek sortzen dituzten edukiak interneten plazaratzeko euskarri nagusia. Erabiltzaile eta irakurleekin harremana eta komunikazioa errazteko asmoz, Soziolinguistika Klusterraren eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren webguneak berritu dira. Iametza komunikazio enpresarekin aritu gara lan honetan azken hilabeteetan eta Klusterraren zein Aldizkariaren sareko atariei goitik beherako berritzea egin diegu. Edukiak antolatu eta erakusteko modua egokitu da, eduki batzuen formatuak aldatu dira eta diseinu grafiko berri batez jantzita eskaintzen dira orain.

Soziolinguistika Klusterraren webgunean (www.soziolinguistika.eus) lau atal nagusitan antolatu dira edukiak:

  • Nor gara: erakundearen izaera, ezaugarriak eta funtzionamenduari lotutako informazioa. Baita Soziolinguistika Klusterra osatzen duten pertsona eta erakundeen gainekoa ere.
  • Aktualitatea: euskal soziolinguistikaren azken berriak eta hitzorduak.
  • Zabalpena: soziolinguistika ezagutzaren kudeaketarekin lotutako egitasmo eta baliabideen bilgunea da. Ekitaldiak, argitalpenak, deialdiak, albistaria…
  • Proiektuak: Soziolinguistika Klusterrak garatu dituen eta garatzen diharduen proiektu bakoitzaren atala biltzen da hemen.

Webgunearen azalean gehien erabiltzen diren atal eta edukietara sarbide erraza eskaintzen da, erabiltzailea behar duen edukietara ahalik eta lasterren hel dadin.

Webgunearen gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko aldaeratan erakundearen izaera eta antolaketari lotutako oinarrizko informazioa hizkuntza horietan eskaintzea bermatu da.

Bat Soziolinguistika Aldizkariaren webguneari (bat.soziolinguistika.eus) lehenago ez zuen entitatea eman zaio. Webgune beregaina bihurtu da orain. Sarreran aldizkariaren azken zenbakian jartzen da arreta.  Aldizkariaren izaera, ibilbidea eta egitura jasotzen dira aldizkariari buruz atalean. Aldizkarian idazteko gonbitea presente dago webgunean eta horretarako egin beharrekoak eta jarraitzen den prozedura azalduta daude. Azkenik, aldizkariaren aldaera digitala emailean edo/eta paperezkoa postontzian jaso nahi duenak harpidetzeko aukera eskaintzen da.

Bat Soziolinguistika Aldizkaria aldizkari zientifikoen nazioarteko parametro homologatuen arabera funtzionatzeko urratsak ematen ari da azken urteetan eta webgune honen sorrerak bide horretan aurrera egitea ere badakar berekin. Hainbat atal eta ezaugarri inplementatu dira parametro horien arabera.

Aldizkari osoak edo artikuluak solte eskuratzeko aukera eskaintzen da. Beti bezala, azken lau zenbakiak eta bertako artikuluak salgai daude eta hori baino zaharragoak direnak doan deskargatu eta irakurri daitezke. Webgunearen eraberritzearekin Bat Soziolinguistika Aldizkariaren artxibo historikoa digitalizatu, bildu eta antolatu da.

Webguneak aldizkariaren edukietan bilaketa aurreratuak egiteko aukera eskaintzen du besteak beste. Erdarazko ataletan aldizkariaren definizioa eta ezaugarri nagusiak azaltzen dira, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Espero dugu euskal soziolinguistikara hurbildu eta ezagutza sortu eta partekatu nahi duen ororentzat tresna baliagarriak izatea webgune hauek. Edozein iruzkin, ekarpen edo proposamen egin nahi izatekotan, gogo onez hartuko ditugu!

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN