Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Hirigintzaren eragina euskararen kale erabileran

Proiektuak aztertzen du nolako lotura egon daitekeen hirigintza zaintzailearen eta euskararen erabileraren artean.

Horretarako, hirigintza zaintzailearen adierazleak eta hizkuntzen erabileraren kale-neurketetatik eskuratutako datu geolokalizatuak gurutzatu dira, eta haien arteko lotura estatistikoak identifikatu. Kale espazioak azken hamarkadetan izan duen bilakaera ulertu, eta bilakaera horrek euskararen erabileran izan dezakeen eragina aztertu da.

Azterketa Euskal Herriko bost udalerri ertainetan egin da: Hernanin, Gernika-Lumon, Zarautzen, Amorebieta-Etxanon eta Tolosan. Zehazkiago, udalerri horietako auzoak hartu dira proiektuko ikerketa-unitatetzat.

Ikerketak metodologia parte-hartzailea erabiltzen du hasierako fasean, herritarrekin auzoen definizioa adostean. Ondoren, ezaugarri urbanistikoak zein soziolinguistikoak uztartuz, ikuspegi teknikoago batekin, auzo-tipologiak osatu dira.

Aurrekaririk gabeko ikerketa-lana da, eta beharrezko ikusten da jarraipena ematea, bai metodologian bai ondorioetan sakondu ahal izateko. Azken batean, ikerketa-lerro berri baten oinarriak ezarri dira, eta interesgarria litzateke beste udalerri batzuetan ere inplementatzea.

Ikerketa galdera:

  • Zertan eta nola eragiten dute  euskararen kale-erabileran hirigintzak eta lurralde antolaketako erabakiek?

Hipotesia:

  • Zaintzak erdigunean jartzen ez dituen hirigintza-ereduak eragin mugatzailea du hizkuntza gutxituen kale-erabileran.

Helburu nagusia:

  • Hirigintzak eta lurralde antolaketako erabakiek euskararen kale-erabileran zertan eta nola eragiten duten ulertzea.

Helburu partzialak:

  • Euskararen kale-erabilera sustatzeko hirigintza eta lurralde antolamendutik zer egin daitekeen ulertzea.
  • Beste testuinguru batzuetan aplikagarria izan daitekeen ikerketa metodologia sortzea.
  • Metodologia horren aplikaziorako adierazle egokiak identifikatzea eta, ondorioz, datu-bilketan egon daitezkeen gabeziak identifikatzea.
  • “Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa [ELE]” tresna hobetzeko ekarpenak egitea.

Hirigintzak eta lurralde antolaketako erabakiek, euskararen kale-erabileran zertan eta nola eragiten duten ulertzeko irizpide anitzeko metodologia finkatzea proposatzen da.

Eskema metodologiko orokorra honakoa izan da: Soziolinguistika Klusterrak azken hogeita hamar urteetan egindako neurketetatik eratorritako datuak hartu dira abiapuntutzat. Bestalde, Botoi Ikerketa Taldeak hirigintzaren ikuspuntutik gertatutako bilakaeraren analisia egiteko oinarriak finkatu ditu. Horrela, parte hartzean oinarrituta tokian tokiko gizartearen antolaketa hurbilketa egin da, herri bakoitzean bertako herritarrek auzoen antolaketa nola bizi duten eta espazioen erabilera zein den ulertuz. Ondoren, soziolinguistika zein hirigintza eremuetatik eratorritako datu kualitatibo eta kuantitatiboen gurutzaketa egin da. Horretarako, GIS tresna (Geographic Information System) baliatuz, datuak modu bisualean geolokalizatzeko eta aztertzeko aukera eman du.

Hurbilketa teorikoaren ondoren, Euskal Herri mailako lurralde azterketa egin da, eta herri ertainak aztertzearen egokitasuna ondorioztatu da. Hala, 15.000 biztanletik 25.000 biztanle bitarteko bost udalerri aukeratu dira, Udalen prestutasuna eta eskuragarri zeuden kale-neurketen datuak kontuan hartuta.

Ikerketa prozesua bi fasetan egin da. Lehen fasean (2023an) proba pilotua egin zen Zornotzan eta Zarautzen. 2024. urtean, azterketa metodoa finduta, Zornotzako analisiaren berrikusketa batzuk egin ziren eta Tolosa, Hernani eta Gernika-Lumo aztertu ziren. Ikerketa kasu horiek udalerri mailan eta eskala xehetuagoan, auzo mailan, aztertuta, tokiko emaitzak lortu dira; horrela, azken metodoa finkatzea lortu da.

Metodoak aurrez analisirako adierazleak finkatzea eskatu du. Adierazle horiek lanketa eta hausnarketa ugariren ondoren etorri dira eta marko teorikoari lotuta egon dira. Elkarlan modu bera erabili da, behin azterketa garatu eta datuen irudikatzea eginda, ondorioak atera ahal izateko. Prozesu horretarako, aztertutako bost herrietako berrogeita hamabi auzoetako datuak gurutzatu dira analisi estatistikoan. Gurutzaketa estatistiko horretan elkartu dira hirigintzari dagozkien eta euskararen kale-erabilerari lotuta dauden datuak.

Laburbilduz, metodoak herri mailako ondorio partikularrez gain, ikertu diren herri guztietako auzo guztien datuak jarri ditu hartu-emanean. Bertatik antzeko errealitateetan gertatzen diren egoerak plazaratu dira, eta hizkuntza erabilera antzeko datuek hiri errealitate ezberdinekin dituzten loturak erakutsi.

Lan taldea:

  • Koldo Telleria Andueza (EHU)
  • Irati Otamendi Irizar (EHU)
  • Ainhoa Guerras Alfonso (EHU)
  • Oihana Santolaria del Campo (EHU)
  • Olatz Altuna Zumeta (Soziolinguistika Klusterra)
  • Miren Otxotorena Aranguren (Soziolinguistika Klusterra)
  • Asier Basurto Arruti (Soziolinguistika Klusterra)

Sustatzaileak:

  • Soziolinguistika Klusterra
  • Botoi ikerketa taldea (Euskal Herriko Unibertsitatea)

Babesle-laguntzaileak:

  • Eusko Jaurlaritza (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)
  • Bizkaiko Foru Aldundia (Euskara Saila)
  • Gipuzkoako Foru Aldundia ( Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza)
  • Zarauzko Udala
  • Amorebieta-Etxanoko Udala
  • Tolosako Udala
  • Gernika-Lumoko Udala
  • Hernaniko Udala

[HITZALDIA]

Kaleen eta espazio publikoaren bilakaera azken hamarkadatan

Koldo Telleria, Oihana Santolaria eta Irati Otamendi

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2022

2022/06/22 Bizkaia Aretoa, Bilbo

[ARTIKULUA]

Kaleen bilakaera eta euskararen erabilera. Zein da lotura?

Koldo Telleria, Irati Otamendi, Oihana Santolaria

Euskararen kaleko erabileraren inguruko neurketek emaitza ezberdinak eman dituzte urteetan zehar eta aldaketa horiek aldagai ezberdin askorengatik eman dira. Gure lurraldea antolatzeko ezarri den hiri ereduak eragina izan du, beste faktore globalen artean, Euskal Herriko kaleetan, espazio publikoetan, eman diren aldaketetan. Eta, bestalde, aldaketa horiek gure eguneroko bizitza ohituretan eragin dute: nola mugitzen garen, nola elkar zaintzen dugun, nolako elkarbizitza dugun, etab. Kaleen forma, funtzionamendua eta izaera aldatzeak, beraz, gure harremanetan eta hizkuntza ohituretan ere eragina izan du. Faktore soziodemografikoek hirigintzarekin duten erlazioan sakonduz, hirien, herrien eta auzoen garapena euskararen erabilerarekin eta haren bilakaerarekin erlaziona daiteke. Soziolinguistika Klusterrak jasotako datuak oinarri hartuta, euskararen erabilerak eta hiri eraldaketak duten lotura ikertzen hasteko lehen pausua izan nahi du artikulu honek.

Hitz gakoak: euskararen erabilera, hirigintza, espazio publikoa, kalea, elkarbizitza