Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Soziolinguistika Klusterrak aitortza jaso du EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen graduazio ekitaldian

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 2024/2025 ikasturteko graduatuei diplomak banatzeko antolatutako ekitaldia maiatzaren 22an egin da, Leioako Areto Nagusian, graduatu berrien, fakultateko ordezkarien, erakundeetako kideen eta gonbidatuen parte-hartzearekin.

Ekitaldiari hasiera Ana Irene del Valle Loroño Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak eman dio. Ondoren, aitortza ekitaldia, graduatu berriei bekak jarri eta diplomak banatzeko unea eta bestelako ekitaldiak izan dira. Amaieran, Estitxu Garai Artetxe Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak ere hartu du hitza.

Fakultateak euskara biziberritzeko ikergunearen ekarpenari aintzatespena egin dio, besteak beste ikasleen praktikaldiaren eta bekaldiaren bidez hauei lan-mundurako ibilbidean aktiboki laguntzeagatik. Aitortza ekitaldiaren baitan, Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak hitza hartu du. Bere hitzaldian gogorarazi du Soziolinguistika Klusterrak harreman iraunkorra duela EHUrekin eta, bereziki, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin. Halaber, nabarmendu du 20 urte baino gehiagoko ibilbidean proiektu xume gisa abiatu zena erreferentziazko ikergune sendo bihurtu dela.

Larreak azpimarratu du Euskal Herriaren gizarte-testuinguruan hizkuntza-biziberritze prozesu soziala fenomeno interesgarrienetako bat dela, eta horregatik euskal soziolinguistika gizarte-ikerketarako diziplina emankorra, berritzailea eta aberatsa dela.

Graduatu berri diren ikasleen aurrean, ikerketa aplikatuak gizartearentzat erabilgarria izango den ezagutza sortzeko duen garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, gizartearen beharrei lotutako ikerketa egitea funtsezkoa da, eta soziolinguistikak ekarpen berezia egin dezake norabide horretan, hizkuntzaren, komunitatearen eta gizartearen arteko harremanak ulertzeko tresnak eskaintzen dituelako.

Halaber, ikerketa lana euskaraz egiteak berak euskararen biziberritzean duen balioa ere aipatu du. Ezagutza euskaraz sortzea eta zabaltzea hizkuntzaren erabilera-eremuak indartzeko modua dela azpimarratu du, eta graduatu berriak animatu ditu etorkizuneko ibilbide akademiko eta profesionalean gizarteari ekarpena egingo dion ezagutza sortzera.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN