Este apartado solo está disponible en euskera Ver

XI. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2019. Euskaraldia aztergai

Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean antolatuko dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamaikagarren edizioa.

Euskaraldia euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan da. Milaka herritarrek zuzenean parte hartu dute hizkuntza-ohituretan eragiteko ariketa sozial erraldoian. Gainera, hamarnaka erakunde, elkarte, entitate eta batzorderen arteko elkarlanari esker izan zen posible ekimena. Emaitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak ateratzea helburu hartuta, soziolinguistikan diharduten ikerlari eta teknikariei, erakunde publikoetako arduradun eta langileei, euskalgintzako dinamizatzaile eta aktibistei zein euskaltzale eta herritar orori luzatu zaio Jardunaldian parte hartzeko gonbidapena.

  • 09:00 Dokumentazioaren banaketa
  • 09:15 Sarrera
  • 09:30 Euskaraldiaren ikerketa: emaitzen aurkezpena – Pello Jauregi eta Uxoa Anduaga
  • 11:00 Atsedenaldia
  • 11:30 Beste Ikerketak
    • Euskaraldia zenbakitan (Parte Hartzea) – Gaindegia
    • Nerabeak Euskaraldian (Lasarte Oria) – Ebete
    • Aktibaziorako gakoak Euskaraldian – Soziolinguistika Klusterra
  • 12:30 Tailerrak: emaitzen azterketa elkarlanean
  • 14:00 Bazkaria
  • 15:15 Panela: Euskaraldiaren ondorioei eta ikasgaiei hiru begirada
    • Paula Kasares
    • Josu Amezaga
    • Garikoitz Goikoetxea
  • 17:00 Itxiera

Euskaraldiaren emaitzak eta ondorioak aztertu dituzte ehun pertsonak Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldian Euskaraldia ekimena sakonean aztertu da egun osoz Tolosako Topic-en.

Tolosako alkate Olatz Peonek eman die ongi etorria bertaratutakoei. Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek jardunaldi hauetan euskararen sustapenean ikuspegi ezberdinetatik dabiltzan ikerlari, teknikari eta aktibistek analisi partekatua egitearen garrantzia azpimarratu dute sarreran.

Soziolingusitika Klusterrak Eusko Jaurlaritza, Kutxa eta beste zenbait erakunde publikoren babesarekin egindako ikerketa azaldu dute goizeko hitzaldi nagusian Uxoa Anduaga eta Pello Jauregik. Euskaraldiaren esperientzia arrakastatsutzat jotzeko datuak aurkeztu dituzte; besteak beste, ekimenak parte hartzaileen euskararen erabileran igoera eragin duela eta hiru hilabete beranduago igoera horri neurri batean eutsi egiten zitzaiola. Era berean, ekimenak izan dituen zenbait muga eta oztopo ere identifikatu dituzte. Esate baterako, euskaraz hain ongi moldatzen ez diren pertsonekin euskararen erabilerari eusteko zailtasunak edo ahobizi eta belarriprest rolen inguruan sortutako gaizki ulertuak.

Atsedenaldiaren ostean, Euskaraldiaren inguruan egin diren beste zenbait ikerketa aurkeztu dira. Gaindegiako Imanol Esnaolak geoestatistika teknikak erabiliz egindako lana aurkeztu du. Euskaraldiaren eragina Euskal Herriko lurraldeen demografia eta banaketa funtzionala kontuan hartuta aztertu dituzte. Lasarte Oriako Oriarte institutuan nerabeekin egindako Euskaraldiaren moldaketaren berri eman du Ebeteko Iñaki Eizmendik. Esperientzia horren arrakasta gazteen euren inplikazioan eta autoantolaketan oinarrituta dagoela nabarmendu du, besteak beste. Azkenik Soziolinguistika Klusterraren izenean egindako beste lan baten berri eman dute Helene Armentia eta Zesar Martinezek. Euskaraldia zenbait herri eta auzotan nola garatu den bereziki aztertu dute. Azterketa horretatik atera dute arrakastaz gauzatutako esperientzietan identifikatutako gako eta mugen zerrenda.

Goizaren azken zatian tailerretan bildu dira Jardunaldiko parte hartzaileak. Bakoitzaren lan-jardunetik, herritik eta Euskaraldiarekin izandako harremanetik izandako bizipenak besteekin partekatzeko guneak izan dira. Goizean zehar aurkeztutako ikerketetan ikusitakoa liseritu eta ikasgaiak ateratzeko baliagarri suertatu dira tailerrok.

Arratsaldeko saio nagusia hiru adituren arteko panela izan da. Paula Kasares NUPeko irakasleak, Josu Amezaga EHUko irakasleak eta Garikoitz Goikoetxea kazetariak Euskaraldiaren eta honen gaineko ikerketen beren irakurketa egin dute. Paula Kasaresek Euskaraldiaren ikerketa hobetzeko zenbait proposamen egin ditu eta parte hartu ez duten sektoreak identifikatzeko ahalegina proposatu du. Josu Amezagak azpimarratu du euskaldun hartzaile profila duten pertsona gehiago erakartzeko beharra. Horrez gain, hedabideek hurrengo Euskaraldian praktikan jartzeko zenbait proposamen egin ditu. Garikoitz Goikoetxeak Euskaraldiak euskara eta hizkuntza-ohituren gaia agenda publikoan jarri duela esan du. Gainera, esku hartze integralaren beharra ere atera du mahai-gainera: euskalduntze-alfabetatzea, hedabideen eta kultur kontsumoa…

Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak laburbildu ditu eguneko ondorioak amaieran eta Mariona, Topic zentroan bizi den txotxongilo bihurriak egin dituen zenbait galderarekin irribarre batez eman zaio itxiera lan-jardunaldi aberats eta emankorrari.