Behaketa bidezko ahozko hizkuntza-erabileraren neurketak 80ko hamarkadan hasi ziren Euskal Herrian erabiltzen. Udalerri zehatz bateko kaleetan hizkuntzaren egoera ahalik eta modurik fidagarrienean ezagutzeko helburuz heldu zioten metodologia honi zenbait ikerlarik.
25 urte baino gehiago igaro direlarik, esan daiteke ordutik hona neurketek ibilbide aberatsa eta emankorra egin dutela. Soziolinguistika Klusterrak baliagarritasun handia ikusten die erabilera-neurketei hizkuntzaren egoera erreala ezagutzeko eta hizkuntza-plangintzarako oinarri gisa erabiltzeko. Behaketak hobetu eta sendotzeko etengabeko berrikuntza beharrezkoa dela ikusten da, orain arte izan den bezala. Klusterrak metodologia honen garapenerako ildo bat martxan du eta azken urteetan urrats esanguratsuak eman dira, proiektu ezberdinen bidez.
Prozesu horretan, Soziolinguistika Klusterrak NPLDren eskariz (Network to Promote Language Diversity) eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean, «Hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko gida metodologikoa – A guide to language use observation survey methods» liburua idatzi du. Liburuaren egileak, Soziolinguistika Klusterreko teknikari Olatz Altuna eta Asier Basurto dira.
Liburuaren euskarazko bertsioa eta ingelesezkoa eskuragarri dituzue lotura hauetan.
PROIEKTUAREN BILAKAERA
2016-2015
Metodologia doitu da erabileraren neurketak gune itxietan eta hiztun kopuru gutxiko gune irekietan egiteko, bai diseinuari zein mugikorreko aplikazioari dagokionean. Hala, Baztaneko udalerri txiki batzuetan egin ditugu neurketak, eta Pasaian haur eta gazteen eskolaz kanpoko kirol jardueretan.
2014
Erabileraren neurketarako aplikazioan bi berrikuntza egingo dira: Batetik, erabilera neurtzeko aplikazio malgua sortuko dugu, Klusterreko bazkideek datu-bilketarako euskarria beraien beharretara moldatu ahal izateko. Orain arte neurtu beharreko aldagaiak edota neurketa eremuak finkoak izan dira, baina aurrera begira erabiltzaileek beraien neurketa ezaugarrietara egokituko dute mugikorreko aplikazioa, formulario dinamikoen bidez. Bestetik, nabigatzaile arruntetarako datuak sartzeko aldaera sortuko da datuak webgune batetik jaso ahal izateko, eremu batzuetan (lan-bulegoetan, esate baterako) datu-bilketarako tresna egokiagoa baita ordenagailua mugikorra baino.
2013
Metodologiaren garapenari jarraipena eman diogu eta neurketak telefono mugikor bidez burutzeko aplikazioa bi udalerri txikietan frogatu dugu: Iruran eta Gabirian. Udalerri horietan bi datu-bilketa egin dira, bata udaberrian eta bestea udazkenean eta emaitza oso emankorra izan da. Horren adibide da, besteak beste, aplikazioa hiztunen hizkuntza-gaitasuna ere neurtzeko egokitu izana. Bestalde, ikastetxeetan neurketak egiteko aplikazioa moldatu dugu, eta adinaren aldagaia ikasmailaka jasotzeko aukera garatu da.
2012
2012an ere neurketetako metodologiaren garapen ildo hauek martxan izan dira. Metodologia errejistratu, homologatu eta zabaltzea izan dira helburuak.
2010-2011
Neurketarako metodologien garapenerako hurrengo proiektu hau bi fasetan garatu zen. Lehenik eta behin, Yosu Yurramendirekin lankidetzari jarraipena emanaz, aurrez garatutako eredu matematikoa fintzeko lanak burutu ziren. Eredu matematikoaren parte diren balio batzuen neurri estandarrak ezagututa, neurketetako lagina fidagarriago izan dadin ziurtatzeko modua bilatzea zen helburua.
Eta bigarrenik, kaleetan, lantokietan eta jolaslekuetan neurketak fidagarritasunez egin ahal izateko, laginaren kalkulurako tresna sortu eta zabaldu zen, neurketak egin nahi dituzten guztien eskura jarriz.
2009
Bi lan-lerro izan zituen proiektuak: erabilera neurtzeko metodoen bilduma eta metodologiaren bateratzea.
Bilduma egiteko, Euskal Herrian testuinguru ezberdinetan behaketa bidezko neurketak egin ohi dituzten 10 erakunderen irizpide metodologikoak bildu ziren. Neurketak nork, non eta nola egiten dituen ezagutzeko aukera izan zen, proiektuaren bigarren ildoan hauen bateratzeari ekin aurretik.
Bateratze-lana Euskal Herriko Unibertsitateko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Saileko, Yosu Yurramendi irakaslearekin elkarlanean garatu zen. Irizpide metodologiko erabilienak zeintzuk ziren ikusirik, aurrera begira erabiltzeko egokienak zeintzuk diren definitu zen. Gainera, pertsonen arteko hizkuntza erabilera eta hizkuntza-hautua matematikoki deskribatzeko eredua garatu zen. Eredu honi esker, neurketetan erabili beharreko lagina eta laginaren araberako datuen fidagarritasun maila kalkulatzeko aukera zabaldu zen.
LOTURAK:
ERANSKINAK: