Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Pandemiaren agerpenak proban jarri ditu erakundeen komunikazio praktikak eta hizkuntzak kudeatzeko moldeak

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean garatzen duten Jendaurrean Erabili proiektuan “COVID-19aren eragina erakundeen komunikazio publikoan” ikerketa egin dute 2020 eta 2021 artean.

Komunikazio publikoan jarduten duten denetariko 18 erakunderen testigantzetan oinarritu dira ikerketaren ondorioak: enpresak, unibertsitateak, erakunde publikoak, sindikatuak, kultur-erakundeak…

Asko eta oso desberdinak izanik, erakunde guzti hauetan pandemiak izan duen eragina desberdina izan. Ikerketaren arduradunek emaitzen txosten osoan jaso dituzte gaikako ondorioak eta xehetasunak. Baina ikuspegi orokor batetik nabarmendu daitezkeen ondorioak ere atera dituzte:

  1. Pandemiaren agerpenak eta bere ondorioek eragin emozional esanguratsua izan dute erakundeen komunikazio arduretan jardun dutenengan. Erronka eta taldetasun sentimenduak indartu diren guneak eta momentuak egon badira ere, orokorrean ziurgabetasunak eta larritasun sentsazioa zama handia izan dira. Pandemiaren agerpenaren lehen hilabeteetan egindako komunikazioaren balorazio tekniko eta profesionaletik haratago, langile eta lantaldeetan higadura nabarmena izan da.
  2. Itxialdia eta osasun larrialdiari aurre egiteko neurriei egokituz lan-taldeak eta lan-funtzionamenduak berrantolatu eta espresuki berregokitu zituzten erakundeek balorazio hobea egiten dute aurreko (ohiko) moldeei ahalik eta aldaketa gutxienekin eusten saiatu izan zirenek baino.
  3. Erakundeen barne-komunikazioan esperientzia positiboak eta negatiboak daude. Lankideak informatuta eta kohesionatuta izateko ahalegina egin izan da hainbat erakundetan. Badaude praktika eta ikasgai interesgarriak zentzu horretan. Hala ere, barne-komunikazioan gabezia nabarmenak azaldu dituzte beste erakunde batzuk, ziurrenik beste arlo batzuk baino plangintza eta protokolizatze maila baxuagoa duen arloa delako.
  4. Erakundeek beren komunikazio jarioari eusteko eta ahal izan duten neurrian indartzeko ahalegina egin dute. Hilabete hauetan gizarte mailan agertu eta hedatu den “elkartasun” eta “batasun” giroa eta tonua barneratu dute neurri batean, informazio eta komunikazio ildo osoa busti zuena, batez ere lehen hilabeteetan.
  5. Telelana gure artean geratzeko heldu delako ustea orokorra da. Horretara egokitzeko prozesuak errazagoak edo zailagoak izan dira erakundeen arabera. Gainera, hilabete hauetako esperientziak telelanaren abantailak eta arriskuak azaleratzeko balio izan du. PK-ko erakundeen esku geratu den aukera bat da eta erakundeek zein langileek horren erabilera egokiena egiteko modua bilatu beharko dute orain.
  6. Komunikaziorako tresna digitalen (ezinbesteko) erabilera areagotu da. Pandemiaren agerpenaren aurretik hautazkoak edo noizbehinkakoak ziren praktikak egunerokora eta orokortzera pasa dira. Martxan zegoen trantsizio digitalaren azelerazio handia eman da eta erakunde batzuk besteak baino prestago topatu dira horrekin.
  7. Erakundeen jendaurreko komunikazioak garrantzi handia hartu du, bai erakundeen barne-bizitzan eta baita gizarte-bizitzan ere, isolamendu eta urruntze garaian. Aldi berean komunikazio molde batzuetara egokitu edo hauek asmatzeko zeregina izan dute komunikazio lantaldeek. Une berean, ardura hori zuten pertsonen bizi-baldintzak ere ez ziren ohikoak. Lan-karga gehigarria eta askotan gehiegizkoa jasan dute, estres eta neke handia eragin duen epealdia izan da pandemiaren agerpenaren lehen hilabeteetakoa. Informazio eta mezu mingarriak edo kezkagarriak komunikatu beharra egokitu zaienean areagotu egin da aldarte hori
  8. Erakundeen hedabideekiko harremanean estutze edo gerturatze bat eman da. Bideak, ohiturak eta tresnak aldatu dira batzuetan, baina batzuen eta besteen funtzionatzeko modua aldatzean, elkarren beharretara egokitzeko prozesua bera izan da gerturatzea ekarri duena.
  9. Erakundeei komunikazio publikoan barne eta kanpo mailan sortu zaizkien erronkak aukera bat izan dira beren izaera, nortasuna, funtzioa eta gizartearekiko harremana ulertzeko duten modua komunikatzeko. Horrela identifikatu eta baliatu dute erakunde askok. Beren praktika komunikatiboen ezaugarrietan eta balio sinbolikoko ekimenetan islatzen saiatu izan dira erakundearen balioak.
  10. Hizkuntzen erabilerari dagokionez, erakunde gehienetan ohiko irizpideei eusten saiatu dira eta lortu dute. Irizpide horiek zehaztuta, formalki onartuta, erakundean zabalduta eta langileek barneratuta dituzten erakundeetan hala izan da eta ez da atzerapausorik eman euskararen erabileran. Irizpideak ohitura informalen eta norbanakoen borondateen menekoago diren beste erakunde batzuetan, praktika eta erabilera-gune berriak agertzean euskararen erabileran gabeziak edo atzerapenak eman dira.
  11. Erakundeen barne-komunikazioan euskararen erabilerak atzera egin duen komunikazio mota batzuk identifikatu dira. Batetik, presa eta larrialdiak bustirik erakundeen erabakiguneetatik langileei zuzendutako mezu eta informazioetan. Bestetik, online tresna bidezko ahozko komunikazio guneetan. Kasu gehienetan edo guztietan, agertutako desoreka eta atzerapausoak konpondu egin dira. Hala ere, inertzia eta aurreikuspen-eza euskararen kalterako faktore izan ohi direla ikusarazi du.
  12. Jendaurrean Erabili praktika komunitateko hainbat erakundek euskal gizartean eta euskarazko komunikazio publikoaren esparruan funtzio berezitu bat jokatzen dutenaren kontzientzia hartu dute neurri batean. Egokitu behar izan dituzten euskarri eta tresna komunikatiboak zabaltzeko ekimena izan dute. Gainera hedabideen eremuan euskaraz zenbait ikuspegi eskaintzeko subjektu kualifikatu gisa agertzeko aukera izan dute.
  13. Pandemiaren agerpenak proban jarri ditu erakundeen egokitzeko gaitasuna, komunikazio praktika eta estrategien baliagarritasuna eta hizkuntzak kudeatu eta erabiltzeko moldea. Erakunde bakoitzak proba horren balorazioa egingo du, baina denentzat geratu dira agerian indarguneak, ahulguneak, hurrengo urteetarako erronkak eta gehiago landu beharreko elementuak.

Jendaurrean Erabili

Jendaurrean Erabili proiektua 2015etik martxan dagoen Praktika Komunitatearen inguruan artikulatzen da. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Soziolinguistika Klusterreko kidez osatutako ikerketa-talde batek du Praktika Komunitatearen jarduera koordinatu eta elikatzeko ardura. Era berean, ikerketa-taldeak ikasgai eta ondorio orokorrak ateratzeko ikerketa-ildoak gauzatzen ditu.

  • 2015etik 2017ra Praktika Komunitatearen metodologia hizkuntza gutxitu baten biziberritzearen testuinguruan baliatzearen esperientzia bera ikertu zen.
  • 2018 eta 2019 artean, erakundeen eta hedabideen arteko praktika linguistikoak eta harremanak ikertu ziren.
  • 2020ko irailetik 2021eko ekainera COVID19aren pandemiak erakundeen komunikazioan izandako eraginaren gaineko ikerketa hau, hirugarren ikerketa-ildoa izan da.

Antolatzaileak: Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitatea

Ikerketa-taldea: Irati Agirreazkuenaga (UPV/EHU), Eduardo Apodaka (UPV/EHU), Idurre Eskisabel (UPV/EHU), Beatriz Zabalondo (UPV/EHU) eta Asier Basurto (Soziolinguistika Kusterra)

Praktika Komunitateko kideak: AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Bai euskarari elkartea, Donostia Zinemaldia, Donostiako Udala, ELA sindikatua, Elhuyar aholkularitza, Emun, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Legebiltzarra, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Guggenheim Bilbao Museoa, LAB sindikatua, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia eta Sakanako Mankomunitatea.

Babesleak: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN