Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, Hizkuntza gutxituen aldeko aktibazio soziala: egoera eta etorkizunerako gakoak ikastaroa egiten ari da uztailaren 7 eta 8an UPV/EHUren uda ikastaroen baitan.
Euskararen aldeko aktibazio sozialaren gaur egungo egoera aztertzen ari da: aukerak eta indarguneak, herritarrak aktibatzeko oztopoak eta baliagarriak izan daitezkeen gako nagusiak identifikatuz.
Herritarrek mugimendu sozialetan eta mugimendu euskaltzalean esku hartzeko moduak, euskararekiko atxikimendua, hizkuntzekiko jarrerak, euskalgintza profesionalizatzea, biziberritze-prozesuak behar duen bultzadaren inguruko adostasunak edota testuingurua aztertu eta egokitzeko beharra nabarmendu dute. Beste mugimendu sozialetan gertatzen ari diren aldaketekin eta Herrialde Katalanetako esperientziekin erkatzeko ariketa ere egiten da ikastaroan.
Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarra ikerlariak eta EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldeko Zesar Martinezek “Herritarrak eta euskara. Tokian tokiko aktibaziorako gakoak eta prozesu-proposamena“ aurkezpena egin dute, Tokian tokiko hizkuntza aktibazioa proiektua oinarri hartuta.
Alde batetik, tokian tokiko herritarrak euskararen gainean aktibatzeko zaindu beharreko gakoak zeintzuk diren identifikatu dituzte, eta, beste alde batetik, aktibazio horretarako prozesua zein izan litekeen marraztu edo proposatu dute. Hainbat herritako aktibazio esperientzietatik (euskararen ingurukoak, beste arloetakoak, Euskaraldikoak…) ateratako ikasgaiak plazaratu dituzte, esperientzia horietako adibidez hornituta.