Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta erabilera aktibatzea bilatzen duen Gipuzkoa Arigune ekimena martxan jarri da

Gipuzkoa arigune aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak, Soziolinguistika Klusterra eta Badalabekin batera, Gipuzkoako komunitate zabala euskararen erabileraren alde inplikatuko duen egitasmoa. Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala nagusitzea ditu xede. Lau oinarri ditu egitasmoak: ikuspegi komunitarioa, antolaketa kolektiboa, adostasun zabalak eta metodologia berritzaileak. Otsailaren 7an Tabakaleran (Donostia) izan da aurkezpena.

Egitasmoa esperimentazio fasean dago. Gaur egun, 2.000 eta 3.000 biztanle arteko bi udalerri eta auzo batean pilotatzen ari dira: Antzuolan, Aian eta Donostiako Añorga auzoan.

Euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi, eta 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da, beraz, joera mantentzen bada, eta bertara bizitzera etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatzen bazaizkie, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. Baina ulermenetik harago, erabileran badago zer hobetu, aipatutako hamar hiztun horietatik lau direlako egun euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenak. Gipuzkoa da euskararen alorrean faktore hoberenak dituen lurraldea, ulermen unibertsaletik gertuen dagoena, hizkuntza erabiltzen eta transmititzen den eremu gehien dituena, eta euskara sustatzearen aldeko jarrera zabalduen duena.

Egiteko moduetan ez ezik, metodologietan ere berritzailea da Gipuzkoa arigune egitasmoa. Oinarri garrantzitsu bat izango da Soziolinguistika Klusterra 2010. urtetik garatzen ari den Aldahitz ikerketa. Imanol Larrea zuzendariak azaldu duenez, “hipotesi gisa hartzen du ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea hitz egiten hasteko, ulertzea nahikoa izan litekeela besteak guri euskaraz egiten hasteko, betiere, horretarako kontestua sortzen badugu”. Hipotesi hori garatzeko hiru metodologia ari dira prototipatzen, pilotatzen eta garatzen. Lehena, Uler-saioak: ulermena erdiestean jartzen du fokoa, eta 120 ordutan, B1 ulermen-mailara iristea da helburua. Gipuzkoa arigune egitasmoaren baitan, alor informalean hasi dira probatzen. Ulerrizketa da bigarrena: euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzen dira. Eta Eusle metodologia da hirugarrena, denetan ezagunena, beharbada, Euskaraldia metodologia honetan oinarritzen baita ahobizi eta belarriprest rolen dinamika proposatzerakoan. Eusle metodologian parte hartzen duten kide guztiek ulertzen dute euskara, eta eusleek ulertzen duten guztiekin euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen dute. Gainerako kideek, berriz, haiei euskaraz egiteko gonbidapena egiten diete eusleei eta, era berean, nahi duten hizkuntza erabiltzeko aukera dute.

Imanol Larrearen hitzetan, herritarren arteko kooperazioa da metodologia hauen bereizgarrietako bat: “Hiztunek elkarren arteko harremanetan eta elkar lagunduz garatzen dituzte gaitasun berriak, eta gaitasun horiek praktika berri bilakatzeko kontestu bat ere topatzen dute, elkarri hizkuntza-ohiturak aldatzeko zilegitasuna aitortuz”.

Egitasmoa tokian toki egikaritzeko prozesu bat jarri da abian. Egitasmoa antolatuko duen foroa askotarikoa izateko ahalegin berezia egiten da, Udala, udalbatzarra osatzen duten alderdi politikoak, euskalgintza eta herritarrak ordezkatzen dituen talde txiki bat biltzen da, eta mapeo bat egin ondoren, jendea aurkezpenera banan-banan gonbidatzeko ardura hartzen du. Ondoren, tokian tokiko komunitateak berak aztertzen eta adosten du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den. Eta behin azterketa eginda, dinamika herri edo auzoko talde eta elkarteetan abiatzen da. Hizkuntzen gaia mahai-gaineratu, eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko modua adosten da, betiere, kide guztien ulermena bermatzeko bitartekoak jarriz. Lanketa horren ondoren zabaltzen da dinamika herrira, eta azterketa komunitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza plan bat adostu eta garatzen da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN