Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Presentación

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikarekin ikerlarien lana bultzatzea eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

Txillardegi – Hausnartu Saria izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da. Txillardegik, besteak beste, unibertsitatetik euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lan. 20 urtez izan zen Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle, 1983/84 ikasturtean Zorroagako campuseko Pedagogia Fakultatean lanean hasi zenetik. Irakasle lanetan hasi berri zela defendatu zuen tesia, gerora ‘Euskal azentuaz’ liburua bihurtu zuena. Bereziki azpimarratzekoa da, era berean, soziolinguistika matematikoaren oinarriak hamabost urteren buruan finkatu zituela izen bereko argitalpenarekin. BAT soziolinguistika aldizkaria sortu zuen 1990ean eta zuzendari lanak bete zituen 2002ra arte.

Menú