Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean. Nazioarteko konferentzia.

2025eko urriaren 16a eta 17a Azpeitia (Euskal Herria)
Euskal Herrian “arnasgune” deitutako eremu geografikoetan arreta jarri izan dute soziolinguistikak, hizkuntza politikak eta euskararen aldeko gizarte mugimenduak. Antzeko baldintzak dituzten eremuak “hiztun dentsitate altuko lurraldeak”, “hizkuntzaren gotorlekuak” edo “komunitate bernakularrak” bezala definitu izan dira Europan eta Munduan hizkuntza gutxituen eta gutxiengo linguistikoen alorrean.
Arnasguneak, hizkuntza gutxituen testuinguruetan, funtsezko espazio soziolinguistikoak dira, ahalbidetzen dutelako bertako hiztunek beste inon baino modu naturalagoan garatzea euren hizkuntza-ohiturak eta hizkuntza transmititzen jarraitzea. Bertan, hizkuntza gutxituaren erabilera nagusi da eta belaunaldi arteko transmisioa bermatzen da. Hizkuntza gutxituko hiztunentzat ingurune erosoak dira, diskriminazio eta menderakuntza egoeratik babesten direlako eta eguneroko komunikazioan sendo mantentzen direlako. Gune hauetan berezko dinamika soziolinguistikoak hizkuntza gutxituaren indartzea dakar, hizkuntza gutxitua erabiltzeko eta transmititzeko joera gailentzen da.

Bestalde, arnasguneekhizkuntza biziberritze prozesuetan zeregin estrategikoa dute. Hiztun berriak sozializatzeko eta erabileran murgiltzeko gune aproposak dira, eta hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzen dute. Gainera, arnasguneetako esperientziak eta praktikak esportagarriak izan daitezke, hizkuntza gutxituaren presentzia txikiagoko inguruneetan presentzia hori handitzeko eta hizkuntza aktibazio ekimenak inspiratzeko.

Hainbat erakundek arnasguneen identifikazioan, babes juridikoan eta garapen integralean lan egiten dute, horien finkapena eta hedapena helburu. Sarritan, arnasguneen egoera soziolinguistikoak hizkuntzaren osasun orokorraren gaineko seinaleak ematen ditu; izan ere, arnasgunerik gabeko hiztun komunitatea galbidean dago eta egoera sendoan dauden hizkuntzek arnasgune geografiko zabalak dituzte.  Horregatik guztiagatik, politika publikoetan lehentasunezko arreta behar dute. Ingurune hauetan hizkuntza gutxituaren aldeko norabidean dinamika soziala piztea eta elikatzea, bereziki demografia, hezkuntza eta eremu sozioekonomikoko baldintzei dagokienez, hizkuntza gutxituen etorkizunaren alde lan egitea da.

Nazioarteko konferentzia honek bi helburu nagusi izango ditu:

  • Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz gogoeta eragitea Europako hizkuntza gutxituen eremuan.
  • Arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa indartzeko proposamenak eta neurriak plazaratzea.

Batzorde Zientifikoa

  • Xan Aire Hasquet, Plazara.
  • Patri Arburua Etxeberria, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea.
  • Miren Artetxe Sarasola, Euskal Herriko Uniberstitatea (EHU-UPV).
  • Asier Basurto Arruti, Soziolinguistika Klusterra.
  • Maddi Dorronsoro Olamusu, European Centre for Minority Issues (ECMI).
  • Mikel Gartziarena San Policarpo, Euskal Herriko Uniberstitatea (EHU-UPV).
  • Conchúr Ó Giollagáin, University of the Highlands and Islands (UHI).
  • Iñaki Iurrebaso Biteri, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA).
  • Elin Haf Gruffydd Jones, University of Wales – European Language Equalty Network (ELEN).
  • Jon Mentxakatorre Odriozola, Mondragon Unibertsitatea (MU).
  • Jon Sarasua Maritxalar, Mondragon Unibertsitatea (MU) – Euskaltzaindia.
  • Arkaitz Zarraga Azumendi, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU).

Batzorde Antolatzailea

               

Babesleak

  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Azpeitiko udala
   Proiektu honek Europako Parlamentuaren laguntza ekonomikoa jaso du. Ardura bakarra egilearena da, eta Europako Parlamentuak ez du bere gain hartzen bertan aurkezten den informazioaz egiten den erabilerarekiko inolako erantzukizunik.

2025-10-16

09:00 – 09:30 Harrera eta dokumentazio banaketa
09:30 – 09:50 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena
  • Azpeitiko Udala
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Coppieters Fundazioa
  • Udako Euskal Unibertsitatea
  • Soziolinguistika Klusterra
  • Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea
09:50 – 10:10 (Bideoa) Arnasguneen gaia: kontzeptua eta ikusmoldea [IKUSI BIDEOA]
  • Mikel Zalbide (Euskaltzaindia)
10:10 – 11:10 Komunitate bernakularren babesa hizkuntza gutxituen biziberritzean: dinamika sozialaren analisia [AURKEZPENA]
  • Conchúr Ó Giollagáin (University of the Highlands and Islands)
11:10 – 11:40 Atsedenaldia
11:40 – 12:30 Kanadako frantses hiztunen tokiko kontzentrazioa eta horren lotura hizkuntza erabilera eta transmisioarekin [AURKEZPENA]
  • Étienne Lemyre (Statistique Canada)
12:30 – 13:00 Arnasguneen egoera eta bilakaera-joerak Hego Euskal Herrian [AURKEZPENA]
  • Garikoitz Goikoetxea (Tolosako Udala)
13:00 – 13:30 Jarraipena eta elkar-dependentzia: galesera hiztun dentsitate baxu, ertain eta altuko komunitateen dinamika [AURKEZPENA]
  • Elin Haf Gruffydd Jones (University of Wales – ELEN)
13:30 – 14:00 Eskualde-buruen garrantzia arnasguneen biziberritze-prozesuan [AURKEZPENA]
  • Jon Aizpurua (Eusko Jaurlaritza)
14:00 – 15:30 Bazkaltzeko tartea.
15:30 – 16:00 Dentsitate ezberdinetako lurralde-eremuen elkarreragina euskararen ahultze eta indarberritze prozesuetan [AURKEZPENA]
  • Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra)
16:00 – 16:30 Kulturgintza komunitarioa arnasguneetan: ekiteko marko bat eta hainbat eredu [AURKEZPENA]
  • Iratxe Retolaza (Irakaslea eta ikerlaria)
16:30 – 17:00 Hizkuntza-ahalduntzea sustatzen: Kataluniatik hurbilpena [AURKEZPENA]
  • Jaume Aspa (Colectiu l’Escambell)

2025-10-17

09:15 – 09:30 Ongi etorria
  • Jardunaldiaren antolatzaileak
09:30 – 10:00 Esku hartze sozio-ekonomikoa dentsitate altuko eremuetan: kontratazio irizpideak eta beste ekintza batzuk [AURKEZPENA]
  • Cynog Prys eta Rhian Hodges (Bangor University)
10:00 – 10:30 Gutxiengoen babeserako Italiako marko legala: Hego Tiroleko italiera, alemaniera eta ladiniera hiztunen ikuspegia [AURKEZPENA]
  • Mattia Zeba (EURAC)
10:30 – 11:00 Serbiako Voivodina Probintzia Autonomoan gutxiengoen hizkuntza-politiken ezarpena [AURKEZPENA]
  • Adrian Borka (Voivodinako Gobernu Autonomoa)
11:00 – 11:30 Atsedenaldia.
11:30 – 12:00 Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka [AURKEZPENA]
  • Alaitz Aizpuru, Mikel Artola eta Haritz Garmendia (Ikerlariak)
12:00 – 13:00 Gogoeta batzuk euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia bati begira [AURKEZPENA]
  • Iñaki Iurrebaso (UEMA)
13:00 – 14:00 XXI. menderako hizkuntza politika arnasguneentzat
  • Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza. HPS) eta Jabi Arakama (Nafarroako Gobernua. Euskarabidea)
14:00 – 14:15 Ondorioak eta itxiera
  • Jardunaldiaren antolatzaileak
Arnasguneak. Nazioarteko konferentzia.

Elkarrizketa:Asier Basurto Arruti:«Arnasgune baten osasun soziolinguistikoa hizkuntza-komunitatearen osasun orokorraren isla izaten da»

· «Lurraldetasuna» hizkuntza politikara eramateko proposamena (Berria, 2025-10-18).

· “Ez gaude xahuketetarako, arnasguneei lehentasuna ematea proposatzen dut” (Argia, 2025-10-20).

· Arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia aztertu dute (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2025-10-20).

· Euskarak ba al du periferiarik? Ba al du zentrorik? (Berria, 2025-10-18).

· «Euskara hauspotzen ari garelakoan erdara hauspotzen dugu» (Gara, 2025-10-18).

· Ondorioak aurkeztuta itxi dute arnasguneen gaineko nazioarteko konferentzia (Guka, 2025-10-17).

· Arnasguneek lege babesa behar dutela adierazi du nazioarteko konferentziak (El Diario Vasco, 2025-10-20).

· Elin Haf Gruffydd: «Klima larrialdiarekin nola, hala jardun behar dugu hizkuntzarekin» (El Diario Vasco, 2025-10-18).

· Hiztun komunitateak «babesteko» estrategien bila (Berria, 2025-10-17).

· Arnasguneen gaineko nazioarteko konferentziaren lehen jardunaldia osatu dute (Guka, 2025-10-16).

· Hizkuntza gutxituak biziberritzeko arnasguneek duten garrantzia aztertuko dute egunotan Azpeitian (Orain, EITB).

· El uso del euskera sigue siendo mayoritario en 45 municipios de Gipuzkoa, el mayor ‘arnasgune’ vasco (El Diario Vasco, 2025-10-16).

· International Conference on Territories of Higher Speaker Density Areas in Minoritised Language Communities (Ideas For Europe, Coppieters).

· Hasi dute arnasguneei buruzko topaketa (Guka, 2025-10-16).

· Expertos internacionales abordan en Azpeitia los retos de las lenguas minorizadas (El Diario Vasco, 2025-10-12)

· Hizkuntzaren planifikazio sozial eta nazionala (Gara, editoriala, 2025-10-27).

· Elin Haf Gruffydd Jones: «Galesen oso inportanteak dira continuuma eta interdependentzia» (Gara, 2025-10-27).

PODCASTA

· Arnasberritu, ez itotzeko (Berria, 2025-10-16)

TELEBISTA

· ETB (Egun on): erreportajea (ETB, 2025-10-16).

[Urriak 16 goiza] “Arnasguneek hizkuntzaren indarberritze-prozesuan toki zentrala behar dute”

Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia da gaur eta bihar Azpeitian egiten ari den nazioarteko konferentziaren ardatza. UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Europako Coppieters fundazioak antolatutako konferentziak 250 lagun inguru elkartu ditu Soreasu antzokian. Gaur goizean, soziolinguista, hizkuntzalari, irakasle eta erakunde publikoetako ordezkariekin batera, nazioarteko zein Euskal Herriko hainbat eragilek zuzenean entzun ahal izan dituzte bi eguneko egitarau mamitsuaren lehen hitzaldiak.

Antolatzaileen eta konferentzia babestu duten erakunden ordezkariek hartu dute hitza lehenik, guztiek ere arnasguneen garrantzia nabarmenduz. Nagore Alkorta (Azpeitiko Udala), Garbiñe Mendizabal (Gipuzkoako Foru Aldundia), Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Irazabalbeitia (Coppieters fundazioa), Ane Sarasua (UEU), Jasone Mendizabal (Soziolinguistika Klusterra) eta Martin Aramendi (UEMA) izan dira hizlari, eta nazioarteko hizkuntza gutxituetako ordezkariek arnasguneei buruzko ezagutza partekatzea garrantzitsua dela ere adierazi dute, elkarren berri izateko, ikasteko, eta arnasguneak sendotzeko beharrezkoak diren hizkuntza politikak aldarrikatzeko.

Martin Aramendi: “Euskararen erabileran eta biziberritzean duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu izan gara urte askoan”.

UEMAko lehendakari Martin Aramendiren hitzetan, “euskararen erabileran eta biziberritzean duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu da urte askoan UEMA. Zehazki, horixe da UEMAren izatearen eta izaeraren oinarri nagusietako bat: udalerri euskaldunak eta arnasguneak sendotzea, babestea eta garatzea”. Horregatik, Aramendik nabarmendu du “atsegin handiz” datozela UEMAko kideak eta UEMAko kide diren herrietako ordezkariak “arnasguneen garrantziari buruzko nazioarteko lehen konferentzia honetara. Izan ere, urte askoan UEMAk etenik gabe aldarrikatu duena, gaur egun oinarri sendoarekin defendatzen da, bai euskalgintzan, eta baita bateko eta besteko erakunde publikoetan ere. Gaur eta bihar, berriz, Euskal Herriko eta nazioarteko adituek ere hitz egingo digute hizkuntza gutxiberrituen biziberritzean arnasguneek duten funtzioari eta garrantziari buruz”.

Mikel Zalbide: “Arnasgunea hizkuntza gutxitua sozialki nagusi den espazio geoterritoriala da, eta hizkuntzaren indarberritze-prozesuan toki zentrala behar du”.

Josua Fishman hizkuntzalariaren “Breathing Space” kontzeptua euskarara ekarri eta “arnasgunea” bihurtu zuen Mikel Zalbide euskaltzain eta soziolinguistaren bideoa ikusi ahal izan da ondoren. Arnasguneak zer diren eta zer ez diren adierazi du bideoan Zalbidek: “Arnasgunea hizkuntza gutxitua sozialki nagusi den espazio geoterritoriala da. Bertako hiztunek hizkuntza gutxitua darabilte nagusiki euren hartu emanetan, hizkuntza horretan moldatzen dira errazago, eta testuinguru horretan, transmisio betea gertatzen da belaunaldi berrietara. Arnasguneak funtsezkoak dira hizkuntza gutxituarentzat. Hizkuntzaren indarberritze-prozesuan toki zentrala behar dute”. Horrekin lotuta, adierazi du ordua dela “gure paradigma soziolinguistikoan beste ikusmolde eta lege berrien inguruan hausnartzeko, bizirik iraun nahi badugu”.

Zalbiderentzat, “arnasguneak ez dira bitxi eta anormal, gure artean dauden espaziorik normalenak baizik. Hori azpimarratu egin behar da, zeren badago joera zenbakiz txikiak direlako garrantzia kentzekoa”.

Mikel Zalbideren bideoa, osorik:

Conchur O Giollagain: «Irlandan eta Eskozian egin den akatsa izan da hiztun komunitate biziari behar duen zentralitatea ez ematea, eta hizkuntza politikek beste zeregin batzuetan jartzea arreta”.

Eskoziako gaelikoa eta Irlandako gaelikoa gertukoak dituen Conchur O Giollagain (Dublin, 1966) irlandarraren hitzaldia izan da ondoren. Highlands and Islands unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria aditua da hizkuntza gutxituen kulturan, soziologian eta hizkuntza plangintzan, eta gaelikoaren biziberritzeaz aritu da bereziki. Hizkuntza gutxituen dinamika nazioartean aztertuta, argi adierazi du “hizkuntza-talde bat mantentzeak esan nahi du bizirik dagoen gizarte-errealitate gisa mantentzea. Toki askotan, Irlandan eta Eskozian kasu, egin den akatsa izan da hiztun komunitate biziari behar duen zentralitatea ez ematea; hizkuntza-politikek funtsezkoa den alderdi horretan beharrean, beste zeregin batzuetan jartzea arreta”.

Besteak beste, aitortu du «arreta osoa” eman diotela “bigarren hizkuntzaren irakaskuntzari, baina ez dugu aintzat hartu lehen hizkuntzak izan duen beherakada».

Atsedenaldiaren ondoren, Quebec-etik heldu den Etienne Lemyre soziologoaren txanda izan da. Statistique Canada estatistika erakunde publiko ofizialeko ikerketa unitateko burua da Lemyre, eta frantses hiztunen konzentrazioak adierazle soziolinguistika nagusiekin nolako harremana duen aletu du bere hitzaldian, Kanadako datuetatik abiatuta.

Adieraz duenez, «Kanadatik, ikasi dugu bi hizkuntza lehian dauden lurraldeetan dentsitatearekin loturik, dinamika soziolinguistiko ezberdinak garatzen direla lurraldean. Eta hori fenomeno orokortua izan daitekeela, segur aski, hizkuntza gutxituetan. Laburtuz, gutxiengoan dagoen hizkuntza nagusi duten lurraldeek hizkuntza indartzeko joera dute, bai erabileran eta bai transmisioan; dentsitate gutxiago dutenetan, berriz, berezko joera gutxitzean sakontzen jarraitzearena da».

Garikoitz Goikoetxea: «Kualitatiboki ez ezik, kuantitatiboki ere garrantzia handia dute arnasguneek, eta horiek desagertzea egundoko galera litzateke euskararentzat».

Garikoitz Goikoetxea kazetariaren eta Tolosako Udaleko euskara zerbitzuburuaren txanda izan da ondoren. Berria egunkariko kazetaria eta UEMAko ikerketa-teknikaria izandakoa da Goikoetxea, eta 2017, 2020 eta 2023an Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan saritua izan da. 2016an Euskara irabazteko bidean liburua argitaratu zuen eta 2025ean Esnatu ala hil aurkeztu berri du Iñaki Iurrebasorekin batera.

Euskararen arnasguneen egoera soziolinguistikoa ulertzen laguntzeko argazki bat erakutsi du, datuak emanez eta horien interpretazioa eginez. Nazioarteko beste hizlariek esandakoa euskararen arnasguneetan ere errepikatzen dela erakutsi du Goikoetxeak: “Soziolinguistikoki dinamika ezberdinduak daude hizkuntzaren nagusitasun mailaren arabera. Arnasguneak dira aldeko joko-zelaiak, eta arnasguneeetan bizi diren gurasoek euskara transmititzen dute batez ere, baita euskaraz hain eroso jarduteko gaitasuna ez dutenen artean ere. Arnasguneetan ekosistema bat dago, euskara erabiltzera bultzatzen duena. Baina arnasgune gutxi ditugu Hego Euskal Herrian, eta ahultzen ari dira. Gainera, egindako proiekzioek iragartzen dute, zer edo zer egin ezean, galdu egingo ditugula arnasguneak datozen urteotan. Arnasgune bete batzuk erasanak izatera igaro dira, eta erasan batzuk nagusitasunik gabekora. Euskararen nagusitasun eremuaren galera argia da”.

Arnasguneen ekarpena ere erakutsi du datuetan Goikoetxeak: “Ikuspegi demografikotik, arnasguneetan Hego Euskal Herriko biztanleen %5a soilik bizi da, baina euskararen eguneroko erabileran askoz pisu handiagoa dute: %30a”. Beraz, alde kualitatibotik ez ezik, alde kuantitatibotik ere arnasguneek egundoko garrantzia dutela adierazi du.

Siadeco etxeak UEMArentzat egindako proiekzio demografikoaren datuak erakutsi ditu ondoren, egoera irauli ezean 2036rako arnasguneen galera sakondu eta areagotu egingo dela gogoratuz. Demografikoki, %0,2an geratuko lirateke euskararen arnasguneak.

Horren aurrean, honek aldaketa eskatzen duela eta benetan gai honi sakon heldu behar zaiola nabarmendu du, eta lau gako nagusi edo titular emanez amaitu du:

· Arnasgunea ez da euskara asko erabiltzeko lekua bakarrik: ekosistema osoa osatzen du.
· Galera nabarmena izan zen XX. mendean, eta ez da eten: arnasgune bete oso gutxi geratzen dira.
· Erabileraren herena dute arnasguneek: kuantitatiboki ere ekarpen handia egiten dute.
· Proiekzioek ez dute aurreikusten bilakaera aldatuko denik: desagertzeko bidean daude arnasguneak, eta hori galera handia litzateke.

Elin Haf Gruffydd Jones: “Larrialdi linguistikoari orain heldu behar diogu; ezin diegu hurrengo belaunaldiei pasatu zama guztia”.

Elin Haf Gruffydd Jones galestarrak hartu du hitza ondoren. University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria da Haf Gruffydd Jones. Baita ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarearen lehendakaria ere. Euskaraz egin ditu lehen minutua. Izan ere, Euskal Herriaren aspaldiko laguna da, eta hainbat aldiz izan da hemen kongresu, jardunaldi edo ikastaroetan zein lagunen ohiko bisitetan. Hizkuntza gutxituetako hedabideen gaia izan da bere ikergai nagusia urtetan zehar.

Galesen inoiz egin den ikerketa-proiektu handiena den BRO inkesta gidatzen duen taldeko kide da, gaur egun, eta horixe aletu du datuetan: hizkuntza gutxituko hiztunen dentsitate handiko zonaldeen errealitatea zein den Galesen. Eremu horiek zein harreman eta zein eragin duten galeseraren presentzia baxuko eremuekin erakutsi du hitzaldian.

Soziolinguistikoki galesaren eta euskararen arteko antzekotasunak aipatu ditu, eta eremu digitalean hizkuntza gutxituek erronka handiak dituztela ere adierazi du.

Galesaren egoera ulertzeko zenbait kontu aipatu ditu: hiztun kopurua handitu da, bikoiztu da erabilera, baldintzak hobetu dira… baina kezkatzeko arrazoiak ere erakutsi ditu. Batez ere galesaren dentsitate handiko eremuak biztanleak galtzen ari direla esan du, eta arnasguneen biziraupena kolokan dagoela gaur egun Galesen.

Horren aurrean, “arnasguneak loratu nahi baditugu, erdi mailako dentsitateko galestar hiztzunak erakarri behar” direla adierazi du. “Larrialdi linguistikoari orain heldu behar diogu, eta ezin diegu hurrengo belaunaldiei pasatu zama guztia”.

Jon Aizpurua: «Eskualdean izaten diren eguneroko joan-etorriak oso kontuan izan beharko lirateke euskararen erabilera normalizatzeko neurriak proposatzeko orduan».

Goizeko saioa amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan Saileko zerbitzuburua aritu da hizlari: Jon Aizpurua. Azken urteotan Eustatek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eginiko inkesta soziolinguistikoen eta ikerketen ezagutza handia du Aizpuruak. Argitalpen ugariren egilea izateaz gain, Euskaltzain urgazlea ere bada.

Arnasguneen biziberritze prozesuan eskualde-buruek zer-nolako garrantzia duten erakutsi du, datuak erakutsita eta batez ere Tolosaldeko egoera aipatuta. Hiru gakorekin amaitu du bere hitzaldia:

Batetik, “eskualdean izaten diren eguneroko joan-etorriak oso kontuan izan beharko lirateke euskararen erabilera normalizatzeko neurriak proposatzeko orduan”. Bestetik, “udalerriz udalerri egin daitezkeen euskararen ekintza-planez gain, eskualde-mailako ekintza-plana landu beharko litzateke, eta eskualde-buruek giltzarri izan beharko lukete”. Azkenik, “gizartearen mugimenduak (migrazio-mugimenduak zein eguneroko mugikortasuna) hizkuntzaren ikuspegitik aztertzeak ikerketa-lerro ugari irekiko luke”.

[Urriak 16 arratsaldea] “Ezin da ulertu erdararen nagusitasun handiko eremuetako euskararen ekosistema, zonalde euskaldunagoetatik heldutakoen eragina aintzat hartu gabe”

Bazkalostean, Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kidea eta nazioarteko konferentziaren batzorde zientifikoko kidea izan da arratsaldeko saioari hasiera eman diona. Euskara biziberritzeko ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuetan aritu da urte askoan Basurto, eta bere lan esparru nagusien artean daude gazteen hizkuntza-erabilera, hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologiak (behaketa bidezkoak, besteak beste), komunikazio irizpideak eta hizkuntza-teknologien inpaktu soziolinguistikoa.

Bere hitzaldian, lurralde-eremu euskaldunagoen eta erdaldunagoen arteko elkareragina nolakoa den azaldu du, datuetan oinarrituta eta bereziki Euskal Herriko barne-biztanleria fluxuei arreta eskainita.

Horiek aletuta, ondorioak eta zenbait gogoeta partekatu ditu entzuleekin.

Ondorioei dagokienez, batetik, jaiolekuak eta bizilekuak baldintzatzen dutela hiztunen portaera. “Batek hizkuntza-sozializazioaren baldintzak ezartzen ditu, eta besteak erabilera erosorako aukerak. Ekosistema linguistiko batek bizitoki mugikortasunetik jasotako hizkuntzak bere dinamikara moldarazteko duen gaitasuna partziala da”.

Bigarren ondorioa: “Arnaasguneetan nagusiki erdaraz aritzen diren hiztunen gehiengo oso handiak du jatorria ingurune erdaldunetan. Azkenik, erdarararen nagusitasun handiko eremuetan euskaraz aritzen diren hiztunen artean pisu ohargarria dute euren jatorria zonalde euskaldunetan dutenek”. Esaldi batekin laburtu du hori Basurtok: “Ezin da ulertu erdararen nagusitasun handiko eremuetako euskararen ekosistema, zonalde euskaldunagoetatik heldutakoen eragina aintzat hartu gabe”.

Azkenik, “euskararen nagusitasun eremuetan dauden baldintzek, nagusiki euskaraz aritzeko hiztunak sortzeko eta erreproduzitzeko ahalmena ematen diote hiztun komunitate osoari”.

Horien berri emanda, zenbait gogoeta egin ditu, esku hartzeko zenbait eremu zehaztearekin batera: hirigintza, lurralde antolaketa, mugikortasuna, eredu ekonomikoa edo espazioaren konfigurazioan eta erabileran zeresana duten faktoreak kontuan hartu behar direla, esaterako, eremu horiek bere horretan ere hizkuntza politika zehatz bat bultzatzen dutela aipatuz.

Egoeraren kontzientzia hartzea beharrezkoa dela esanez amaitu du, ekinbide berrien beharra nabarmenduz: erdararen nagusitasun eremuetan euskararen presentzia handiagoko eremuetatik heldutako hiztunak ahalduntzeko harrera, edota saretzeko beharra, besteak beste.

Iratxe Retolaza ikerlariaren eta irakaslearen txanda izan da ondoren. Kulturgintza komunitarioa arnasguneetan izan du hizpide, “ekiteko marko bat eta hainbat eredu” eskainiz.

Filologoa eta literaturan aditua da Retolaza. Irakasle aritu zen EHUn 2006tik 2021era. Azken urteotan Euskal Kulturaren Eragiletza Masterrean da irakasle. Era berean, hezkuntzaren eremuko ahokulari gisa aritzen da, formakuntza proiektuak gidatzen eta eraldaketa prozesuak bideratzen. Euskaltzain urgazlea da. Kultura arloan, izaera komunitarioari arreta berezia eskaini izan dio, eta arnasguneek kultura gutxitu baten biziberritzean izan dezakeen eragina aipatu nahi izan du. Baita arnasgune batek kultura gutxitu bat biziberritzeko izan dezakeen eragina ere.

Hiru urratsetan josi ditu gogoetak:
· Kulturgintza, arnasbide emankor. Hiztun aktiboak eta transmisio erak.
· Kultur politiken eta kultur ereduen zotinak. Indarguneak eta ahulguneak.
· Kulturgintza komunitarioa, hauspo eraginkor. Hainbat bide eta eredu.

Hizkuntzaren transmisioak oro har kulturaren transmisioan duen eragina aipatu du, eta kultur hezkuntzak eta kultur esperientziek hizkuntza gaitasuna elikatzen dutela nabarmendu du, argi: “Hizkuntza gaitasuna elikatzen du kultur esperientziak”

– Kultura erritual eta esperientzia kolektiboak sortzea: esperientzia partekatu bat bizitzeko bide, elkar ezagutzeko bide, hartu-emanak hobetzeko bide, (hitz) egiteko modu bat garatzeko bide, pertenentzia-sentimendua elikatzeko bide.

– Kultura jardueren eta esperientzia estetikoetan trebatzeko aukera ematen du nork bere ahotsa gorputzteko, nork bere ikuspuntutik izendatzeko mundua.

– Kultura jardunek eta esperientzia estetikoek norbak bere bizi izan dituen esperientziak birpentsatzeko eta birkokatzeko leihoak zabaltzen dituzte.

Arnasguneetan kulturgintzak dituen ahulguneak ere aipatu ditu. Arnasbeherak deitu die horiei. Hizkuntza politikak, kultura politikak eta gizarte politikak ez uztartzeko joera badagoela adierazi du, eta horiek bateratzeko politika integralen beharra nabarmendu du.

Arnasgorak izendatu dituen indarguneak aipatzean, berriz, kultura eredu komunitario eta parte-hartzaileak sustatzea aipatu du lehenik. Trukerako espazio aproposak sortzea eta tokiko kultura sareak eta tokiko kultura ohiturak zein premiak ardatz izatea ere beharrezkoa dela adierazi du: kultura transmisiorako, kultura trebakuntzarako eta kultura zabalkunderako tokiko egitasmo integrala diseinatzea. Bateko eta besteko adibideen artean, Azpeitiko kultur eredua, Zarautz Eleka, Airaldeko bertso eskola edota Ondarroako Etxelila ekimenak aipatu ditu, besteak beste.

Gaurko jardunari amaiera emateko, Herrialde Katalanetako Jaume Aspa psikologoaren hitzaldia izan da. Aspa Colectiu l’Escambel kolektiboaren sortzaileetako bat da. Kolektibo horren helburua da ohitura soziolinguistikoen aldaketa eragiten laguntzea, katalan hiztunen ahalduntzean arreta berezia jarrita; baita hizkuntza-ohituren botere eraldatzaileaz jabetzea ere, aldaketa indibidual eta kolektiboak eragiteko. Bide horretan, hizkuntza aldatzera eramaten gaituzten faktore sozial eta psikologikoak aztertu ditu, eta hiztunen ahalduntzerako gakoak bilatzeko eta lantzeko moduaz aritu da.

[Urriak 17] “Arnasguneak euskararen biziberritze prozesuaren motor gisa hartzen dituen lurralde estrategia behar dugu, gainbehera iraultzeko”

Antolatzaileek ondorioak irakurrita amaitu da atzo eta gaur Azpeitian egin den ‘Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean’ nazioarteko konferentzia. “Arnasguneak desagertuz gero, biziberritze prozesuan asko egingo dugu atzera, eta asko gerturatuko gara desagertzetik gu baino askoz gertuago dauden hizkuntzetara. Ezin dugu hori gerta dadin utzi. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta abiarazi beharra dugu” nabarmendu dute.

Horretarako, arnasguneek lege babesa behar dutela adierazi du Miren Segurola UEMAren koordinatzaileak, konferentzia antolatu duten eragileen (UEMA, Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea eta Europako Coppieters Fundazioa) eta parte-hartzaileen izenean. “Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa behar dute arnasguneek. Erdarek bereganatu dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, erdaldunak erakartzeko eta eremu horien garapen jasangarria sustatzeko politikak eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz egingo diren politika transbertsalak: demografiari, harrerari, ekonomiari, lurralde antolaketari, kulturari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu”.

Esku hartze sozio-ekonomikoa dentsitate altuko eremuetan: kontratazio irizpideak eta beste ekintza batzuk 

Cynog Prys eta Rhian Hodges doktoreen saioarekin hasi da gaurko saioa. Biak ere Euskal Herriko hainbat eragilerekin harremanean eta elkarlanean aritu izan dira azken urteetan. Prys Bangor Unibertsitateko irakasle titularra da, soziologian, gizarte-politikan eta hizkuntza-plangintzan espezializatua.

 

Azkenaldian, bere ikerketak galesaren eta faktore ekonomikoen arteko harremanean oinarritu dira. 2024an, ARFOR Challenge Funtseko beka bat eman zioten, Langile Elebidunak Kontratatzeko Tresna Sorta bat garatzeko. Horren nondik norakoak ere aurkeztu ditu bere hitzaldian.

Rhian Hodges, berriz, soziologian doktorea eta gizarte politikan aditua da. Bere lanaren ardatza Galeseko hizkuntza-plangintza eta gutxiengoen hizkuntzen berreskurapena da. Lehendik ere ibili izan da Euskal Herrian, Galesko hizkuntza plangintzari buruzko hitzaldiak ematen. Galesko dentsitate altuko eremuetan egin beharreko esku hartzeko sozio-ekonomikoez aritu da, kontratazio irizpideei arreta berezia jarrita.

 

Kontratazio irizpideak biltzen dituen gida-liburu bat egin dute, ARFOR proiektua, bi hizkuntzetan lan egin ahal izateko baldintzak lortu ahal izateko lan-munduan. Galesko Administrazio publikoan galestarrez hitz egiteko gaitasuna ziurtatu behar da legez, baina batzuetan zailtasunak daude hiztun elebidunak lortzeko. Gales hiztunen kopurua bikoizteko helburua daukagu jarrita 2050erako herrialdean, baina horretarako, besteak beste, garrantzitsua da gazteak dentsitate handiko eremuetan mantentzea, eta horretarako plangintza sozio-ekonomikoa beharrezkoa da. ARFOR proiektua egin zen eremu horien sostenibilitatea bermatzeko eta eremu horietan galesera sustatzeko.

Lan akademikoa egin dute, baina hortik harago interbentzio praktikoak ere sustatu dituzte komunitate horietan. Gazte eta helduek lana bilatzera beste eremuetara joateko joera dute, baina era berean ikusi dute arnasguneetako enplegatzaileek zailtasunak dituztela galesera dakiten langileak aurkitzeko. Kontradikzio horri aurre egiteko sustatu dute proiektu hau, lan leku batzuetan arnasguneak sortzeko asmoarekin.

Kontratazio planaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Hasteko, dentsitate handiko eremuak zeintzuk diren argi izatea garrantzitsua dela aipatu dute, eta Gales mendebaldean kokatzen dira; horietan eskuhartze praktikoa egitea izan da haien helburua. Enplegatzaileak galestar hiztunekin harremanetan jartzeko bideak jarri dituzte, horretarako. Sektore publikorako, pribaturako edo zerbitzu enpresetarako enplegatzaile elebidunak bilatu dituzte, nahiz eta sektore pribatuan galesez jakitea ezinbestekoa ez izan legez. Bi baliabide dituzte proiektuan: praktika onen gida, eta galestar hiztunen tipologiaren eredu bat sortu dute.

1-   Praktika onen adibideak erakutsi dituzte: 1) hizkuntza eskakizunak ondo komunikatu behar dira 2) Galestar hiztunengana ondo iristeko baliabideak ematen zaizkie enpresei, ohiko bideetatik haragoko komunikazio baliabideak erabilita 3) Gales hiztunengana iritsiko diren hedabideak erabiltzen dira kontratazio iragarkiak egiteko 4) Galestar hiztunak ongietorriak izango direla jakinarazteko bideak

2-   Galestar hiztunen tipologia zehaztu dute. Horretarako gazteekin egon dira, eta gazteen tipologia desberdinak bereizi dituzte hiru kategoriatan: bertan geratzea erabaki dutenak, beste eremuetara joan direnak eta beste eremuetatik arnasguneetara itzuli direnak.

Bukatzeko, etorkizuneko ildoak zehaztu dituzte: estrategia zehaztu eta ondo koordinatu behar da alde guztien artean, enpresa mundutik harago dauden beste arloak ere kontuan hartu behar dira hizkuntza politika eraginkorra egiteko, baina gero praktika horiek komunitatera egokitu behar dira.

Gutxiengoen babeserako Italiako marko legala: Hego Tiroleko italiera, alemaniera eta ladiniera hiztunen ikuspegia

Mattia Zeba ikertzailearen txanda izan da ondoren. Zeba ikertzaile seniorra da EURAC Gutxiengoen Eskubideen Ikerketa Institutuan, Bolzanon (Italia). Besteak beste, hizkuntza-eskubideak, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna, gutxiengo berriak eta ondare-hizkuntzak, aitortu gabeko «eskualde-hizkuntzak», hizkuntza-aldaerak eta praktika hibridoak aztertu ditu azkenaldian, hizkuntza gutxiagotuen babeserako marko legalari arreta berezia jarrita.

 

Bere lanak gutxiengoen eskubideetan eta aniztasun linguistikoaren kudeaketan oinarritzen dira batez ere. Hego Tiroleko kasuaren berri eman du konferentzian. Alpeetatik gertuko eskualde horretan, Italiar eta Alemaniar estatuen arteko mugan eta ladiniera bezalako hizkuntza gutxitu baten presentziarekin, udalerri mailan hizkuntzak legez kudeatzeko dauden aukerak eta praktikak aurkeztu ditu.

Arnasguneen kontzeptua Hego-Tirolen baliagarria den galdetu dio bere buruari saioari ekin aurretik, betiere kontuan hartuta Italiako egoera soziolinguistiko eta legala.

Italiako lege esparrua deskribatu du hizkuntza gutxiagotuei dagokionez, eta gero Hego-Tiroleko testuinguruan oinarritu du bere hitzaldia batik bat. Konstituzioaren arabera, hizkuntza gutxiagotuak babestu egin behar dira Italian. Errepaso historikoa egin du, eta esan du Ikuspegi holistikoa duten proposamenak lantzen joan direla 1970eko hamarkadatik aurrera, 1999an zehaztu zen gaur egungo legea,. Horren arabera, hizkuntza gutxiagotuak (eta kulturak) babesten dira Italian, baina modu arbitrarioan onartu zen nagusiki ze hizkuntza babesten diren Italian (hizkuntza gutxiagotu batzuk gehiago babesten direlako beste batzuk baino), eta ez da sekula ondo argudiatu zergatik hautatu ziren hizkuntza batzuk, eta ez besteak. Ausaz hautatu zirela dio. Zeintzuk dira gain-babestutako hitzkuntza horiek? alemana Hego Tirolen, frantsesa Aosta bailaran eta esloveniarra Friuli-Venezian (estatu-hizkuntzak, alegia). Adibidez, aipatu du Legeak ez dituela babesten bertako hizkuntza propio gutxiagotuak aurretik aipatutako hiru hizkuntza horiek bezainbeste, nahiz eta komunitate desberdinetan asko hitz egin (ladiniera aipatu du, adibidez, eta hizkuntza gutxiagotu horren lege-babesaren azterketa egin du).

Hego-Tirolen eta ladinieraren egoera aztertu du. Italiar hiztunak batik bat Hego-Tiroleko hiri handietan kokatzen direla aipatu du. Probintzia hiru-eledunik ez dagoela esan du (alemana, italiarra eta ladiniera hitz egiten dira Hego-Tirolen). Gainera, aipatu du zeinbait probintzietan alemaniaren dialekto desberdinak hitz egiten direla, eta horrek integrazioa zailtzen duela, alemaniar hizkuntzaren aldaera handiak dituztelako. Ladiniera probintzia autonomo desberdinetan hitz egiten da, baina probintzia bakoitzak lege-babes maila desberdina dauka, eta hori arazoa da ladiniera hizkuntzaren normalizazioa lortzeko. Hizkuntzen inguruko lege-babes mailaren hierarkia bat dago ezarrita probintzia bakoitzean, lege-babes desberdina batetik bestera, eta estatu-hizkuntza nagusiak babesten dira gehien.

Serbiako Voivodina Probintzia Autonomoan gutxiengoen hizkuntza-politiken ezarpena
Adrian Borka Voivodinako Gobernu Autonomoko kidearen hitzaldia izan da gaur hirugarrena. Serbian dago Voivodina probintzia, eta bertan ofizialak diren gutxiengoen hizkuntzen erabilera bermatzen eta ikuskatzen aritzen den  idazkaritzako kidea da Borka. Gutxiengoen hizkuntza eskubideen inguruko aditua da.

Serbiako gobernu zentraletik eskuordetutako zenbait gai kudeatzen ditu Voivodinako Gobernuak, autonomia-maila batekin, eta horien artean dago Gutxiengo Etnikoen Hizkuntza Politika. Borkaren lana hor kokatzen da, aitortza ofizial partziala duten sei hizkuntzen erabilera legala bermatzea baita haren zeregin nagusia. Partzialki sei hizkuntza ofizialki aitortuta dituen eremuan hizkuntza politika nola kudeatzen duten azaldu du.

Euskarak ez du periferiarik, zentrorik ez baitauka

Atsedenaldiaren eta kaferako eta solasaldirako tartearen ondoren, Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia EHUko irakasle eta ikerlariak eta Mikel Artola Bertsozale Elkarteko langilea, Filologia lizentziatua eta euskalgintzako eragilea aritu dira hizlari. Azken urteetan Euskal Herrian ‘euskararen periferia’ kontzeptua azaleratu da eta hainbat hausnarketa eta eztabaidari bide eman die. Horien inguruan duten ikuspegia partekatuko dute hiru hizlariek, eta zentro-periferia dinamikak gure hiztun komunitatean nola ulertzen dituzten azaldu dute, besteak beste.

Mikel Artolak euskarak zentrorik eta periferiarik ba ote duen galdetu du. “Euskararen periferiak baldin badaude, zer zentro sortzen dute periferia horiek, eta nolakoa da zentro hori”. Euskararen periferien diskurtsoaren xedea zein den ere galdetu du. Euskararen normalizaziorako arriskutsua den diskurtso batzuk hedatu direla esanez, horrek fabore baino kalte gehiago egiten duela iritziz.

Euskararen periferiak diskurtsoaren lau ezaugarriak nabarmendu ditu Haritz Garmendiak.

1. Diskurtso askotariko eta nahasia. Zapalkuntza batetik besterako saltoen arriskuez aritu da.

2. Hizkuntzaren bueltan, baina hizkuntzan ardaztu gabeko diskurtsoa da. Ez du kontuan hartzen euskararen bilakaera historikoa, edota euskara estaturik gabeko nazio bateko hizkuntza dela, eta ez du hartzen kontuan euskararen zapalkuntza. Euskal komunitatearen diskurtsoa galdu da diskurtso horretan.

3. Arnasguneak jo puntuan? Diskurtso berri honek eta periferia hauek badute jopuntuan duten zentro bat, eta guztien artean elikatzen duten ideia da euskararen arnasguneak direla euskararen zentroa, EAE edota Gipuzkoa diren bezala. Euskararen arnasguneak, ordea, ezin dira erlazionatu hegemonia, boterea edota pribilegioa bezalako hitzekin. Gauza bat da zentroa izatea eta beste bat zentrala izatea. Hizkuntza batek, hilko ez bada, behar du gune trinko bat. Hizkuntzalaritzatik kanpoko ikuspegi bategatik hori ere zalantzan jarri behar al da?

4. Aurreiritzi linguistiko-kultural kolonialak indartzen ditu. “Arnasguneetatik kanpo dago euskararen aldeko benetako erresistentzia eta borroka”. “Arnasguneetako euskaldunak pribilegiatuak dira”. “Arnasguneetako euskaldunak berdinak dira, periferiakoak askotarikoak”, eta abar. Horrelakoak zabaltzen ari diren aurreiritziak.

Horren aurrean, euskararen periferia(k) diskurtsoaren helburua zein den auzitan jarri dute. Alaitz Aizpuruk galdetu du arnasguneak indartzea ala arnasguneak eraistea den helburua: “Lehenengoak euskararen biziberritzea indartuko luke. Baina bigarrenak? Zer elikatzen du arnasgunerik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeak?”.

“Gure ustez, euskararen periferia deituriko diskurtsoa ez da euskararen periferia. Espainolaren eta frantsesaren periferia. Euskararen periferia deitutako diskurtsoa ez da arnasguneen periferia, Madril eta Parisen periferia dira. Gure ustez, diskurtso hau, nahita ala nahi gabe, euskalgintzaren helburuekiko atzera egitea dakarrena da, eta ez litzateke euskalgintzaz mozorrotu beharko”.

Argi hitz egiten jarraitu du Alaitz Aizpuruk: “Euskara ez da inoiz botere hizkuntza izan. Euskara atzo eta gaur bigarren mailako hiritarrena da. Erdara, frantsesa edo espainola, derrigorrezkoa den herri batean bizi gara. Arnasguneetan ere diglosia linguistiko eta kultural gogorra bizi da. Euskal Herriaren gehiengoa, euskaraz bizi nahi dugunontzat, zer-nolako itogunea den ezin da ahaztu”.

“Diskurtso hau euskaran ardaztua balego, euskaraz eta euskaratik abiatuko balitz, ez litzateke banatzen gaituen gai bat izango”. Diskurtso hauek euskalgintzaren barruan eta kasu askotan asmo onez ari den jendeak esanak direla gogoratu, eta horrek “gure arazo estrukturalaren neurria erakusten” duela nabarmendu.

Galdera batzuk egin ditu amaitzeko:

Erdalgintzaren euskalgintza existitzen al da? Erdalgintzaren euskalgintzaren zantzuak ba al daude gurean? Hizpide dugun euskararen periferien diskurtso hau ez al da horren adibide bat?

Diskurtso honek, modu honetara kokatuta eta osatuta:
· Hizkuntza zapaldu baten errealitatea eta barne logikak ez ditu argitzen.
· Ez zaigu kontzeptualki ere tresna ona.
· Banatu egiten gaitu batu beharrean, komunitate izaera zartatzen digu.
· Arrazionalitate moderno inperialistaren gakoetatik pentsatzera garamatza, ikuspegi dekolonialaren kontrako norabidean, pribilegioa eta boterea euskaldunon artean kokatuz modu iruzurti batean.

Horri aurre egiteko, formakuntza soziolinguistiko sendoa beharrezkoa dela nabarmendu dute, besteak beste, eta orain arteko txalo zaparrada handiena jaso dute hiru hizlariek.

Lurralde estrategia bat euskararen biziberritzerako, Iñaki Iurrebasoren ahotik

Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAko ikerlariak hartu du hitza ondoren. Azken urteotan euskararen egoeraren gako nagusiak ulertzeko ekarpen erraldoia egin du bere doktore tesian, eta bereziki aztertu du arnasguneek eta udalerri euskaldunek zer-nolako funtzioa betetzen duten euskararen biziberritzean.

Datuak aletu ditu hitzaldiaren lehen zatian, ikerketa baten emaitzak aurkeztuz. Horiekin, erakutsi du zein eragin izan duen euskalduntzeak (etxean euskara jaso ez zutenek euskara ikasteak) erabileran, zonalde euskaldunago eta erdaldunagoetan. Eta hortik ondorioztatu du zein izan den euskalduntzearen ahaleginaren inpaktua zonaldeka. Ondorioa: etxean euskara jaso ez duten hiztunek duten euskararen erabilera-maila zeharo aldatzen da udalerriaren euskalduntasunaren arabera (euskaldunagoetan erabilera handiagoa, jakina). Horrela, Iurrebasok nabarmendu du euskalduntze politiken inpaktua askoz indartsuagoa dela zenbat eta zonalde euskaldunagoa izan. Datu bat ere eman du: zonalde oso erdaldunetan baino 5-6 aldiz gehiago erabiltzen dute euskara arnasguneetako euskaldun berriek. “Beraz, horietan jarritako ahaleginak askoz fruitu hobeak eman ditu (erabileran) zonalde erdaldunetan egindako ahaleginak baino. Baratze askoz emankorragoak dira arnasguneak”.

Ondoren, adierazi du lurralde estrategia bat behar duela euskarak indarberritze prozesuan. “Ikerketaren emaitzei jarraituta, eta gauden minorizazio egoeran, errazago aurreratu dezakegun zonaldeei arreta berezia jartzea sen onekoa dirudi. Ideia nagusia: zonalde euskaldunei motor izaera aitortu behar zaie indarberritze prozesuan. Horiek indartzea eta sendotzea lehentasunezkoa da. Ondoren zonalde horietatik irradiatuko baita euskara gainerakoetara. Horretarako, besteak beste, zonifikazio bat proposatu beharko litzateke, zonalde euskaldunagoetan politika aurreratuagoak abian jartzeko. Horrez gain, politika integraletara jauzia ere egin behar da, noski, arnasguneetatik abiatuta”.

Bost irizpide zehaztu ditu lurralde estrategia horretan jarduteko:

  1. Lurralde eremu guztietan eragin behar da.
  2. Esku-hartze-molde ezberdinduak-egokituak lurraldean.
  3. Ingurune euskaldunagoei motore-lidergo-aintzindaritzaz papera.
  4. Arreta berezia lurralde eremu euskaldunenei. Oinarrizko printzipioa: zenbat eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta arreta bereziagoa.
  5. Zonalde euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkor(ago) bihurtu.

Solasaldia, Irati Urdalleta kazetariak gidatuta: Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza) eta Jabi Arakama (Nafarroako Gobernua).

Euskararen indarberritzerako Iurrebasok proposatu duen lurralde estrategia entzun ondoren, Hego Euskal Herrian hizkuntza politikan ardura dutenen txanda heldu da. Erakunde publikoetako bi ordezkari jarri ditu solasean Berria egunkariko Irati Urdalleta kazetariak: Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Jabi Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria. Arnasguneen inguruan egin denaren, egiten denaren eta egin behar denari buruz galdetu die Urdalletak.

Bakoitzari dagokion erakundearen hizkuntza politikaren zertzelada nagusiak azaltzeko eskatu die lehenik. Erronka handiena euskara zeharlerrotasunez lantzea eta beste sailak horretara bideratzea izango dela aitortu du Aldasorok. UEMArekin batera 2019az geroztik abian duten arnasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara ekimenaren beharra zergatik ikusi zuten azaldu dute ondoren.

Euskara biziberritzeko arnasguneak oinarritzat dituen eta Iurrebasok proposatu duen lurralde estrategiaren inguruko iritzia eskatu die ondoren Urdalletak. Herri zehatzetarako estrategia beharrean, bailara buruen garrantzia aldarrikatu du Aldasorok, arnasguneen funtzioa hizkuntzaren kalitateari lotuz batez ere, eta beste eremuetan ere jarduteko beharra aipatuz.

Ondorioak: «Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu».

Konferentzia amaitzeko, antolatzaileek ondorioak irakurri dituzte. Iñaki Irazabalbeitia (Coppieters Fundazioa), Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterra) eta Miren Segurolak (UEMA) hartu dute hitza antolatzaileen eta batzorde akademikoaren izenean, eta bi egun hauetako  jarduna borobildu nahi izan dute, nazioartetik etorritako lagunei, hizlariei eta parte-hartzaile guztiei eskerrak emanez.

Miren Segurolak irakurri ditu proposamen zehatzak:

«Atzo eta gaur bateko eta besteko soziolinguistak, hizkuntzalariak eta adituak entzun ditugu hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneek egundoko garrantzia dutela esaten. Euskararen biziberritzerako udalerri euskaldunen eta arnasguneen zaintza eta garapena giltzarriak direla sinesten dugunontzat, benetan garrantzitsua da bi egun hauetan entzun dugun guztia.

Beste behin ere agerian geratu da hipotesiez eta usteez harago, ikerketek eta estatistikek argi erakusten dutela arnasguneak ezinbestekoak ditugula aurrera egingo badugu, bai munduko hizkuntza gutxituetan, eta baita Euskal Herrian ere.

60ko hamarkadatik asko aurreratu dugu indarberritze ahaleginean: ezagutzan, alor formaletako erabileran eta hainbat esparru funtzionaletan. Ez dugu aurreratu, ordea, euskara nagusi izango zuen lurralde eremua sendotzen. Alderdi hori ez da lehentasunen artean egon eta sendotu beharrean, arnasguneak ahultzen ari dira. Proiekzioek are ondorio ilunagoa iragartzen diete eremu hauei.

Arnasguneak desagertuz gero, biziberritze prozesuan asko egingo dugu atzera. Kanpoko esperientziek hori erakutsi digute. Atzera egingo dugu. Eta ezin dugu hori gertatzen utzi. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Arnasguneek Euskal Herria euskalduntzeko trakzio lana egitea ahalbideratuko duen estrategia marraztu behar dugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta martxan jarri. Arnasguneetan hasi, eta eremu erdaldunenetara iritsiko den lurralde estrategia.

Arnasguneek lege babesa behar dute. Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa. Erdarek janda dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, hiztun berriak erakartzeko eta eremu horren garapen jasangarria sustatzeko politika eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz eta norbanakoei begira baino komunitateari begira egingo diren politikak. Politika transbertsalak: demografiari, ekonomiari, lurralde antolaketari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu.

Eta argi izan, etorkizuna ez da kristalezko bola batean ikusten. Etorkizuna gu guztion artean marrazteko aukera daukagu. Erabakimenez, elkarlanean eta adostasunak lortuz, euskara nagusi den lurralde eremua sendotzea posible da. Eta guk konbentzimenduz, aurrera egingo dugu».