Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoan eta praktiketan aldaketa nabarmenak gertatu dira

Soziolinguistika Klusterrak, UEMAk eta Euskal Herriko Unibertsitateko DREAM taldeak elkarlanean egin dute ikerketa 7 herritan.

Ikerketak helburu gisa izan du haurren euskararen erabilera eta hizkuntzarekiko atxikimenduan eragina duten faktoreak identifikatzea; herri horietako praktika onak eta indarguneak ezagutzea; hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzea; udalerri euskaldunetako hizkuntza-ohituren irudi orokorra osatzea; eta ikerketa-prozesuan parte hartu duten haur eta helduen artean hausnarketa soziolinguistikoa bultzatzea.

Lehen Hezkuntzako 5. Mailako ikasleen errealitatea hobeto ezagutzeko, ikasleez gain, eskola horietako zuzendaritzako kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin egin da ikerketa. Metodologia kualitatiboa erabili da: hizkuntza biografia eta hizkuntza erretratua, testuinguruaren ezagupena, rol-jokoak, konfrontazio saioak eta eztabaida taldeak.

Aztertutako herrien diagnostikoa osatu da, haur horien hizkuntza praktiketan eragina duten 140 faktore identifikatuz, testuinguruko eremu ezberdinetan kokatzen direnak. Ikerketa Araba (1), Bizkaia (2), Gipuzkoa (2) eta Nafarroako (2) herri zehatz batzuetan egin da, elkarren arteko aniztasuna bermatuz. Herri horietako eskoletan ikusitako ezaugarrien arabera, hiru herri-profil bereizi dira:

  • Haurrentzako arnasguneak: haurrek euskararen erabilera oso handia dute eta hizkuntzarekiko lotura estua dute, etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Gurasoen eta herriko eragileen kezketatik abiatuta ekimenak jarri dira abian euskararen erabilera sustatzeko.
  • Udalerri euskaldun tipoak: haurren euskararen erabilera altua da, batik bat ikasgelan. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira eskolan eta euskararen erabilera behera egiten ari da herrian. Herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.
  • Udalerri erasanak: gaztelaniaren erabilera nagusi da herrian eta euskararen erabilera behera egiten ari da, baita ikasgela barruan ere. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira herrian eta herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.

Herri tipologiaz gain, egindako azterketatik 10 ondorio nagusi atera dira.

  • Euskara hizkuntza nagusia da ikasgelan, baina ikasgelatik kanpo bere erabilera gutxitu egiten da.
  • Eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla da, baita helduen praktika linguistikoena ere.
  • Identifikatu diren faktore gehienak elkarren artean lotuta ageri dira eta haurren eskumen eta fokutik kanpo daude, baita UEMAren irismenetik kanpo ere.
  • Herritarren eta, honenbestez, haurren profila aldatzen ari da: geroz eta gehiago dira etxeko hizkuntza euskara ez dutenak.
  • Gizartea eraldatzen ari da eta hizkuntza dinamika berriak agertu dira: udalerri euskaldunetako haurrek mundura begirako bizitza-ikuspegia dute.
  • Herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, hiztun komunitatea banatuta dago eta honek euskararen erabileran eta atxikimenduan eragiten du.
  • Ez dago nahikoa baliabiderik euskararen erabilera bultzatu eta herrietako euskalgintza berraktibatzeko.
  • Eskualdeetako inertziek eta ezaugarriek eragin handia dute udalerri euskaldunetako hizkuntza ohituretan.
  • Jasotako erantzun eta hautemate asko ezkorrak diren arren, datuek ez dute euskararen egoeraren atzerakada dagoenik esaten.
  • Haurrak jakitun dira euskararen egoera zein den, eragiten duten faktoreak identifikatzen dituzte eta euren ikuspegia helduena baino baikorragoa da.

Proiektuaren jatorria

2021ean egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketen emaitzek erakutsi zuten UEMAko zenbait herritan erabilera jaitsi egin zela. Ikastetxeetan egindako beste ikerketa eta hausnarketa batzuk, haur eta gazteen artean gaztelania erabiltzeko ohitura adin gero eta gazteagoan agertzean jarri dute arreta. Kezka horretan du jatorria 2021 eta 2022an egin den ikerketa honek.

Informazio osagarria eta emaitzen txostenak: https://soziolinguistika.eus/eu/proiektua/ueh-ikerketa/

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN