- 2001ean SEI elkarteak argitaratutako liburuaren jatorrizko eskuizkribua eskualdatu dute Martin Ugalde Kultur Parkean.
- Liburuak euskaldunen hizkuntzarekiko leialtasuna aztertzeko eredu matematikoa biltzen du.
- Jakinek dokumentua digitalizatu du eta edonorren eskuragai jarri du Txillardegiren gainontzeko obrarekin.
Txillardegik eskuz idatzitako liburua da; SEI elkarteko Imanol Esnaolak koordinatu zituen argitaratu arteko lanak eta Jose Ramon Etxebarriak gainbegiratu zituen formula matematikoak. SEI elkartearen ondare guztia Soziolinguistika Klusterrak jaso zuen modu naturalean erakundea bera eraldatzearekin batera. Orain, Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirre eta Jakineko lantaldearen eskuetan utzi du eskuizkribu gogoangarri hau. Jakin arduratuko da dokumentu originala gorde, kontserbatu eta zaintzeaz. Gainera, edonork ikusteko moduan dago eskuizkribua Txillardegiren obra digitalizatuta jasotzen duen webgunean: Hacia una Socio-Lingüística Matemática [Eskuizkribua] . 2000. 189 or.
Txillardegik bazuen ustea euskaldunon artean euskaraz egiteko joera dagoela; askok uste baino handiagoa. Uste hori ez zetorren bat iritzi orokortuarekin: euskaldunen artean ere, erdara nagusitzen dela erabat. Usteetatik harago, eta ingeniaria izaki, ahalegina egin zuen euskaraz egiteko aukerei forma matematikoa emateko. Mintza-taldeen osaerari erreparatu zien eta gaitasunaren araberako aukerak aztertu zituen. Euskaraz egingo bada, mintzo denak eta entzuten duenak, biek izan behar dute gutxieneko gaitasuna. Premisa horretatik, formalizazio eta sistematizazio matematikoaren bidez osatu zuen eredua.
1984an eredura sarrera-testu bat argitaratu zuen Txillardegik Udako Euskal Unibertsitatearen bidez: Elebidun gizarteen azterketa matematikoa. Sarrera bat. 1994an Xabier Isasirekin batera kokapen eta azalpen gehigarriekin liburua osatu eta, hau ere, UEUren bidez argitaratu zen: Soziolinguistika matematikoa. Baina, garai hartan, proposatutako ereduak ez zuen behar besteko oihartzunik lortu, egilearen ustez gutxienez. Matematikoegia, akaso. Euskal Herritik kanpo eremu zientifiko-akademikoan gaiarekiko arreta eskuratu nahian, eredua azaltzeko liburua gaztelaniaz osatu, berridatzi eta argitaratu zuen Txillardegik: Hacia una Socio-Lingüística Matemática.
Garatutako eredu matematikoak Txillardegiren ustea berretsi zuen. Liburuan esaten den bezala, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea “hiztunen arduragabekeria errudunaren” ondorio zela ukatzeko eman nahi zuen ezagutzera eredu matematikoa. Gaur egun ere, erabileraren eta gaitasunaren arteko azterketak egiten ditugunean, ezinbesteko baliabidea da Txillardegik landutako soziolinguistika matematikoaren eredua.