Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Datuen jabekuntza, hizkuntza ohituren aldaketa eta arnasguneak, besteak beste, Bulego Teknikoaren barne mintegian

Soziolinguistika Klusterraren bulego teknikoan udaberriko barne-mintegia egin da maiatzaren 30ean, langile eta bekadunen formakuntza, hausnarketa eta ideia trukerako topagune bezala.

Euskararen Adierazle Sistemaren gainean hausnartu da genero perspektibatik. Euskararen egoeraren gaineko datuen bilduman “sexua-generoa” aldagaia sistematikoki txertatzeko aukerak, beste aldagaiekin gurutzaketak, adierazle berriak sortzeko aukera, feminizazio-indizeak kalkulatu beharra eta genero-ikuspegidun irakurketak izan dira saioan landutako gaietako batzuk.

Datu zientifikoen eraginaz hausnarketari tarte bat ere eskaini zaio. Yayo Herreroren zenbait ideia abiapuntutzat hartuta. Datuen baliagarritasunaz eta hauen aurrean hartu beharreko jarreraz jarduteko aukera izan da.

Aldahitz proiektuaren garapenaren testuingurutik eratorritako gai batean jarri da begirada, halaber. Hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologien sorrerak eskala handiko esku hartze komunitarioetara jauzi egitean agertzen diren aukerez, erronkez eta oztopoez solasaldia izan da.

Atsedenaren ostean, zenbait kontzeptu soziolinguistikoren argipen ariketari heldu zaio. Arnasgune kontzeptuaren definizioa mahai-gainean jarri da, azken urteetan egin izan den kontzeptuaren erabilera lausoa eta malgua mugatzeari begira. Arnasgunearen definizioaz gain, hurrengo urteetarako arnasguneetan dauden erronkak aipatu dira. Babesgune kontzeptua eta ingurune erdaldunetan kokatutako gune euskaltzaleen balizko izendapena agertu dira euskal soziolinguistikan argitu eta bateratu beharrekoak bezala.

Saioa bukatzeko ECMI ikerguneko Maddi Dorronsoro ikerlariak lantzen ari den ikerketaren zenbait ezaugarri aurkeztu ditu. Gipuzkoako arnasguneetako euskaldunak, etorri berriak eta hizkuntzekiko jarrerak dira elementu gakoak. Ikerketa baten definizio fasean egin beharreko hautuez aritzeko aukera eman du aurkezpenak eta baita Klusterrarekin elkarlanera gerturatzeko ere.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN