Aldahitz ikerketa 2014. Eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan munduan lana argitaratu berri dugu, Aldahitz proiektuan 2013 eta 2014. urteetan zehar egindako ikerketaren emaitza jasotzen duena.
Ikerketa aplikatua izan da hau, lan munduko erakunde publiko eta pribatuetan egindakoa, eta Eusle metodologian oinarritu dena. Metodologia horrekin, lankideen arteko eguneroko harremanak gaztelaniatik euskarara aldatzearen inguruko ikerketa egin da, langileen borondatezko erabaki kolektibotik abiatuta. Lanak ikerketaren emaitza eta ondorio guztiak jasotzen ditu, hala nola, baliatu diren oinarri eta erreferentzia teorikoak. Aldahitz ikerketaren zuzendari den Pello Jauregik (EHU) eta Pablo Suberbiolak (Soziolinguistika Klusterra) osatu dute lana.
Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz ikerketa euskara planen kudeaketan zein hizkuntza erabilerari loturiko gaietan ezagutza zabala duten erakunde hauekin lankidetzan garatzen du: AEK-Ahize, Elhuyar Aholkularitza, Emun Koop. E., Hernaniko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Bi urteko lan hau Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin gauzatu da, eta Zarauzko Udalaren laguntza ere jaso du.
Zehaztasun guztiak argitaratutako liburuan aurki daitezke, helbide honetan:
Aldahitz ikerketa 2014. Eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan munduan