Irailaren 11 eta 12an Donostiako Miramar Jauregian izan da ikastaroa, EHUren uda ikastaroen baitan.
Ikastaroko lehen saioan Garbiñe Bereziartuaren hitzaldian “Zenbateraino hika Azpeitian?”, Olatz Altunak Azpeitiako eta Usurbilgo kale-erabileretan hitanoaren presentzia zenbatekoa den erakutsi du. Bereziartuak Azpeitian egindako ikerketa mamitsuaren osagarri izan dira datuok. Azpeitian euskarazko elkarrizketen hamarretik lautan hitanoa erabiltzen da, eta Usurbilen hamarretik hirutan. Bi udalerrietan, gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago erabiltzen dute hitanoa, eta erabilera altuena gazteen artean jaso dugu. Noka gehien Azpeitiako adineko emakumezkoei entzun diegu, gainotzeko adin-taldeetan erabilera %15 baino txikiagoa da.
Bigarren saioan, Beñat Muguruzak azken hamarkadetan hitanoak bertsolaritzan izan duen lekua zenbatekoa izan den azaldu digu, eta ikustegi kualitatibo batetik, hainbat bertsolari eta gai-jartzaile ezagunen iritziak aurkeztu ditu “hitanoa bertsolaritzan: genero-begiradak” hitzaldian. Goizeko atsedenaren ostean nokeraren galera izan da hizpide; Arratian eta Antzuolan egindako bi ikerketa aurkeztu dituzte Karlos Aretxabaletak eta Onintza Legorburuk, hurrenez hurren. Bi ikerketak bat datoz nokeraren atzerakada azpimarratzerakoan. Goizeko saioek galdera interesgarriak plazaratu dituzte, esate baterako: Toka aldaera gizonezkoen identitatea eraikitzeko elementutzat har al daiteke, eta nokak zer eskaintzen die gizonezkoei?, izan al daiteke noka emakumezkoentzat identitate emale? Nokaren erabilerak talka egiten al du gaur egungo feminitate hegemonikoarekin?, edo eta, hitanoa euskaldun egiazko autentikoarekin lotzen bada askotan, ez al da gainditzeko handicap handiegia hitanoa jaso ez duten euskaldunentzat, eta areago, euskaldun berrientzat?
Arratsaldean, Josune Zabalak “hitanoaren erabilera: ikuspuntu desberdinak” mahai-ingurua gidatu du, Bernardo Atxaga eta Amelia Barquínekin.
Bigarren eguneko lehen saioan, Olatz Bengoetxea eta Josune Zabalak “Hitanoa eskolan lantzeko egitasmoa: Azpeitia eta Zumaia” hitzaldia eskaini dute. Zumaia herri euskalduna izanik, hitanoaren erabilera jaisten ari zelako pertzepzio handia zegoen herritar euskaltzaleen artean; baita erabilera arauak aldatzen ari zirenarena. Gai honi heltzeko desioz eta hitanoa sustatzeko beharrari erantzun nahian, tratamendu honen erabilera eta kalitatea hobetzeko egitasmoa abiatu zen 2011n. Bide horretan, Azpeititik ere asmo eta helburu berarekin jarri ziren harremanetan. Egitasmo honen zer-nolakoak, emaitzak eta ondorioak aurkeztuko dira aurkezpenean.
Jarraian, Jone M. Hernández, Jaime Altuna eta Iñigo Beitiak “Ba al dago hizkuntza neutrorik? Euskara generoaz ere mintzo da” hitzaldia eman dute. Hitanoak, euskararen erabilerak gizartean ezarritako genero sistemarekin dituen loturez hausnartzeko parada egon da. Hizkuntzek, hizkuntzalaritzatik harago, bizitza sozial bat dutelako eta euskara generoaz ere mintzo delako.
Andoni Egaña eta Elixabet Pagola “Aizank hi mainontzi” hitzaldian, bertsogintzaren usadioan tratramendu hori erabiltzeko dagoen joeren berri eman da, besteak beste, oholtzatik behera, oholtzako jardunean, adinkide direnak, gazteagoak direnei…