This section is only available in Basque See it

Maria-Jose Azurmendik jaso du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Euskal soziolinguistikaren garapena aitortu eta eskertu dio, horrela, Eusko Ikaskuntzak, martxoaren 13an Donostiako Miramar Jauregian ospaturiko ekitaldian. Bertan, Itsaso Olaizolak eta Belen Urangak egin diote eskaintza hitzak.

Euskal soziolinguistikaren garapena aitortu eta eskertu dio, horrela, Eusko Ikaskuntzak, martxoaren 13an Donostiako Miramar Jauregian ospaturiko ekitaldian. Bertan, Itsaso Olaizolak eta Belen Urangak egin diote eskaintza hitzak.

Maria-Jose Azurmendik 1970-1971 ikasturtean abiatu zituen unibertsitateko irakasle-lanak, lehenik Donostiako Deustuko Unibertsitateko Filologia fakultatean, soziologia ikasgai berria irakasten, eta, ondoren Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatean 1983-1984 ikasturtean, psikologia, psikologia soziala eta soziolinguistika elkarlotzen dituen psikosoziolinguistika ezagutza-esparrua lantzen. Ibilbide horretan euskararen egoera sozial minorizatuaren ikuspegitik eta gizarte psikologiatik abiatuta, hiztunen psikologia-gaiak aztertu ditu etenik gabe.

Berrogei urteko lanaren emaitza da bakarka edo taldean eginiko 100etik gora argitalpen zerrenda. Bere lanaren ezaugarri garrantzizkoak izan dira, besteak beste, diziplinartekotasuna finkatzea: soziolinguistika esparrua zabaltzea hizkuntzalaritzaren, soziologiaren eta psikologiaren arteko loturak eginez, edota Identitate etnlinguistikoa eta hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoaren azterketa zientifikoa egitea, baita subjektiboarena ere.

Euskal hezkuntza sistema abian jarri zenetik bertatik, bestalde, arreta berezia jarri izan dio prozesu horretan parte hartzen duten aldagaiei ere. Horrela, euskararen ikasketa-prozesuaren alderdi psikologikoak eta sozialak aztertu ditu, baita euskaraz erraz edo zailtasunez hitz egitearen eragin emozionalari ere, hezkuntza-sistemaren hizkuntza-aniztasunaren plangintzaren alderdi psiko-sozialei edota euskal Curriculumean euskarak izan behar zuen lekuari ere.

Aipagarria da, bestalde, urte hauetan guztiotan nazioarteko adituekin izandako harremana (Fishman, Ninyolesen, Mackey, Bourhis, besteak beste) eta baita Euskal Herrikoekin ere, hasiera batean Koldo Mitxelena, Paulo Agirrebaltzategi, Txillardegi, Luis Villasante, eta beste, eta ondoren Mikel Zalbide, Xabier Erize, Itziar Idiazabal, Nekane Larrañaga, edota Iñaki Martinez de Lunarekin.

Unibertsitatetik haragoko aktibitatea etengabea izan du. Garratzi berezia du, esate baterako, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegirekin BAT Soziolinguistika Aldizkaria proiektuan parte hartu izana, abiapuntuan haren zuzendaritzarekin, eta ondoren, zuzendaritza berak hartuz 2001etik 2006ra bitartean, eta harrez gero Argitalpen Batzordekidekide izanik. Era berean, azpimarratu nahi dugu Soziolinguistika Klusterreko  fundatzaileetakoa ere izan zela, eta harrezkero lankidetzan aritu dela.

Maria-Jose Azurmendiri, hortaz, ZORIONAK, BAT Argitalpen Batzordearen eta Soziolinguistika Klusterraren talde osoaren izenean

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN