“Euskarak eta hizkuntza berdintasunak aurrera egingo badute, hiru alor nagusitan eragin behar dugu, horietatik etorriko baita aurrerabidea. Gizarte aktibazioa, berrikuntza eta elkarlana”. Hitz horiekin ireki du gaurkoan Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoa Berdinago egitasmoko kideek Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako jardunaldia. Hizkuntza erabilera aurreratuak partekatu eta sustatzeko sortutako egitasmo hau, gaineratu duenez, hiru ardatz horiekin “lerrokatzen” da. “Komunikazio publikoak garrantzia berezia du euskara biziberritzeko lanean eta horretan ere eredugarriak izateko ardura dugu”, azpimarratu du Olanok.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soziolinguistika Klusterraren koordinazioarekin, 2016tik elkarlanean ari dira Gipuzkoako 18 enpresa, erakunde, kirol talde eta elkarte. Gipuzkoan hizkuntza-berdintasunaren norabidean paper garrantzitsua joka dezaketela sinetsita, komunikazio publikoaren eremuan burutzen duten jardueran euskararen presentzia eta erabilera handitzeko bat egiten dute. Erakunde horietako bakoitzak antolatzen dituen barne-ekitaldi jendetsuetan jarri dute arreta ikasturte horretan eta, testuinguru horretan, euskararen erabilera eta ikusgarritasuna handitzeko urrats praktiko zehatzak partekatu dituzte gaur. Jardunaldian izan dira erakunde eta elkarteotako kideak, baita Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, Garbiñe Mendizabal, ere.
Kaikuko komunikazio taldeko Ariane Barrenak, Mondragon taldeko komunikazio arduradun Javier Marcosek eta Deustuko Unibertsitateko Itziar Navarrok azaldu dute zer nolako berrikuntzak bultzatu dituzten azken hilabeteotan beren erakundeetako barne ekitaldietan.
Jardunaldiari amaiera emateko, berriz, komunikazio publikoan hizkuntzen erabilera berritzailearen kasu aurreratu kasu bezala, CCMA Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals taldeko hizkuntza-aholkularitza zerbitzuko kide Jordi Solé Travéren hitzaldia izan da. Besteak beste, komunikabideetan ere elkarrizketa eleanitzak sustatzearen garrantzia azpimarratu du. “Normalizatu dezagun komunikabideetan ere hizkuntzak tartekatzeko ohitura. Hizkuntzak integratzeko modu bat da eta, ahalegin horretan, katalana integraziorako eta kohesiorako hizkuntza bilakatzen da”. aipatu du.
Hizkuntzaren ikuspegitik Kataluniako hedabide publikoek egindako ibilbidea azaldu du Solék, kontuan izanda, gaur egun, kataluniarren %94,4 katalana ulertzeko gai dela eta %85,5 hizkuntza idatzia irakurtzeko gai dela. Datu horien gainean erabaki logikotzat jo du hedabide publikoek katalanez lan egiteko erabakia hartu izana; hortik aurrera, 1980ko hamarkadan, “eduki interesgarrien bitartez” herritarrak hizkuntzara gerturatzeko hautua egin zuten TV3 de Catalunya Radiok. Urte hauetako lanaren ondoren, hizkuntza “irizpide bateratuak” dituzte hedabide publiko guztiek.
Gipuzkoa Berdinagoko kideak dira: Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustoko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea eta Real Sociedad.