Bigarren saria ex aequo eman zaie Tolosaldeko eskoletako esku hartze bat eta Orioko gazteen hizkuntza-bizipenak aztertzen dituzten bi lani.
Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzten sarien banaketa ekitaldia abenduaren 15ean izango da Bilbon; UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, 12etatik aurrera.
Xan Aire
Imanol Artola Arretxe
Iñaki Beristain Agirre
Xan Airek jasoko du lehen saria, “Elkarrekintzaren eragina euskararen erabileran: lehen pistak Ipar Euskal Herriko ikastoletan” lanarekin. Artikuluan, elkarrekintza eta euskararen erabilera lotzen aitzindari izan zen Uztaritzeko ikastolako esperientzia deskribatzen du. Hortik, pista orokorrak ateratzen saiatzen da eta lan-marko baten proposamena egiten du, ikastetxe gehiagotan esperimentatzeko eta ikerketa sakonagoei bide emateko. Epaimahaiaren iritziz lan iradokitzailea da eta norabide interesgarrian kokatua. Ikuspegi pedagogikoa eta soziolinguistikoa gurutzatzen dituen potentzial handiko esku-hartze ildoa da.
2022ko edizio honetan, epaimahaiak erabaki du bigarren saria ex aequo ematea bi lani.
Horietako bat Imanol Artola Arretxeren “Tolosaldeko ikasle eusleak” lana izan da. Aldahitz Ikerketak lantokietarako prestatutako metodologia DBHko ikasgeletan aplikatu da, moldatu ostean. Euskara nagusi den ikastetxeetako zenbait gelatan hainbat ikasleri eskola eremuan euskaraz egiteko, eusle izateko rola ezarri zaie. Esku hartze horren emaitzak eta ondorioak jasotzen ditu lanak. Epaimahaiaren ustez, ekintza eta hausnarketa lotuz egindako esku hartze baten balorazio zientifikoa egiten du eta beste testuinguru soziolinguistikoetan erabilgarria izan daiteke.
Bigarren saria eraman duen beste lana Iñaki Beristain Agirreren “Gizarte elebidun bateko gazteen hizkuntza hautaketan eragiten duten faktoreen azterketa” da. Antropologia lan honek Orioko gazteek hizkuntzekin duten harremana, euren sarea eta hizkuntza hautuak ulertzeko hurbilpena egiten du. Epaimahaiak azpimarratu du lanak eskema akademikoa zuzen jarraitzen duela eta iritziak eta lekukotzak ondo tartekatuta daudela azterketaren kontakizunean. Bereziki interesgarri ikusi da familiatik euskaldundutakoen eta eskolan ikasitakoen azterketa.
Sari-emate ekitaldia
Lan irabazleen egileei sariak banatzeko eta lan horien laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.
- Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien Banaketa Ekitaldia
- Abenduak 15, osteguna
- 12:00-13:00
- Bizkaia Aretoa – UPV/EHU, Bilbo
Ekitaldian parte hartu ahal izateko txillardegihausnartu@soziolinguistika.eus helbidera idatzita izena ematea beharrezkoa da. Epemuga: abenduaren 12a.
Informazio gehiago: https://soziolinguistika.eus/eu/txilardegi_hausnartu/2022/