This section is only available in Basque See it

Berba-Lapiko proiektuaren hizkuntza-errutinen metodologia aurkeztu da Fontes Linguae Vasconum aldizkarian

Fontes Linguae Vasconum aldizkariak argitaratu berri duen artikulu batean Berba-Lapiko proiektuaren metodologietako bat aurkeztu da: hizkuntza-errutinetan oinarritutako proposamen pedagogikoa, euskarazko ahozko oinarrizko komunikazioa sistematikoki lantzeko helburua duena.

Hizkuntza-errutinak: euskarazko ahozko oinarrizko komunikazioan trebatzeko ibilbidea” izeneko artikuluak eguneroko komunikazio-egoeretan txertatutako jardun errepikakorren bidez ikasleen ahozko gaitasuna, segurtasuna eta jariotasuna garatzeko ibilbidea azaltzen du. Lanak metodologia horren oinarri teorikoak eta aplikazio praktikoa jasotzen ditu, lehen hezkuntzako testuinguru batean egindako esperientzian oinarrituta, eta emaitzek erakusten dute ikasleen ahozko ekoizpenean hobekuntza esanguratsuak lortu direla.

Artikuluaren egileak dira Agurtzane Azpeitia, Mondragon Unibertsitateko ikerlaria eta Berba-Lapiko proiektuaren zuzendaria; Olatz Bengoetxea, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria eta Berba-Lapiko proiektuaren koordinatzailea; eta Idurre Alonso, Mondragon Unibertsitateko ikerlaria. Lana proiektuaren baitan garatutako ikuspegi pedagogikoaren eta ikerketa aplikatuaren arteko uztarketan oinarritzen da. Berba-Lapiko proiektua Soziolinguistika Klusterrak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, 2017tik aurrera eramaten duten egitasmoa da. Proiektuaren helburua da testuinguru soziolinguistiko ezberdinetan ikasleen euskarazko ahozko komunikazioa indartzeko tresnak eta estrategiak garatzea, irakasleen prestakuntza, metodologia berritzailea eta ikasgelako praktika errealak uztartuz.

Argitalpen honek Berba-Lapiko proiektuan garatutako metodologien oinarri teoriko eta praktikoak komunitate akademikoari zabaltzen dizkio, eta, aldi berean, hezkuntza-eremuan euskararen erabilera areagotzeko egindako lanketa ikusgarri egiten du.

Hizkuntza-errutinak: euskarazko ahozko oinarrizko komunikazioan trebatzeko ibilbidea
Agurtzane Azpeitia Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea) https://orcid.org/0000-0002-5962-3881
Olatz Bengoetxea Manterola (Soziolinguistika Klusterra)
Idurre Alonso Amezua (Mondragon Unibertsitatea) https://orcid.org/0009-0006-5854-4133
DOI: https://doi.org/10.35462/flv140.4
Gako-hitzak: hizkuntza-errutina, ahozko gaitasun komunikatiboa, hizkuntza-konplexutasuna, jarioa
Laburpena: Ikerketa hau Soziolinguistika Klusterrak eta Mondragon Unibertsitateak gauzatu dute. 2017an abiatutako Berba-lapiko egitasmoaren baitan sortu dira euskarazko ahozko gaitasun komunikatiboan eta motibazioan eragitea helburu duten hizkuntza-errutinak. Artikulu honetan hizkuntza-errutinen metodologiaren hatsarre eta ezaugarriak aurkeztuko dira, eta horrekin batera, hasierako fasean gauzatutako esperientzia pilotu baten emaitzak. Hain zuzen, bigarren gune soziolinguistikoko eskola batean metodologia hau gelaratu da eta ikasleen ahozko berbaldietan aurretestutik ondotestura hizkuntza-konplexutasunean eta jarioan alde nabarmenak egon direla erakutsi da.
pdfa deskargatu
Argitaratuta: 2025-12-30
Nola aipatu: Azpeitia Eizagirre, A., Bengoetxea Manterola, O., & Alonso Amezua, I. (2025). Hizkuntza-errutinak: euskarazko ahozko oinarrizko komunikazioan trebatzeko ibilbidea. Fontes Linguae Vasconum, (140), 349-382. https://doi.org/10.35462/flv140.4
Zenbakia: zk: 140 (2025): Fontes Linguae Vasconum
Egile-eskubideak: 2025 Agurtzane Azpeitia Eizagirre, Olatz Bengoetxea Manterola, Idurre Alonso Amezua
Lan hau CreativeCommons Aitortu-Partekatu-EzKomertziala 4.0 nazioarteko lizentziapean argitaratu da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN