Pasa den apirilaren 30ean Kike Amonarrizek idatzitako liburuaren inguruan barne-mintegi monografikoa egin zuen Soziolinguistika Klusterreko bulego teknikoak. Euskararen biziberritzearen aldeko ahalegina eta Euskal Herriko bilakaera soziolinguistikoa alderdi askotatik jorratzen dituen lana da Euskararen bidegurutzetik. Barne-mintegiko saioan, parte hartzaileen eta idazlearen arteko iritzi-trukea eta solasaldia egin zen, aurrez formulatutako iruzkin eta galderak oinarri hartuta.
Soziolinguistika Klusterrak urtean lau barne-mintegi antolatzen ditu. Saio hauek baliatzen ditu bulego teknikoak soziolinguistika gaien inguruko hausnarketa, eztabaida, proiektuetako jardunaren barne-komunikazioa eta formazio teknikoa lantzeko. Batzuetan jorratuko diren gaietan ezagutza zuzena duten adituak gonbidatzen dira saioetara. COVID-19ak eragindako itxialdiaren ondorioz, apirileko saioa bide telematikoetatik gauzatu zen, Kike Amonarrizen parte hartzearekin.