This section is only available in Basque See it

Bat aldizkariaren 138. zenbakiak euskararen erabilerari eta hizkuntza-hautuei buruzko bost begirada bildu ditu

Bat Soziolinguistika Aldizkariak 138. zenbakia kaleratu du, Miszelanea izenburupean. Oraingoan ez da gai monografiko bakar bat hartu ardatz: bost ekarpenek euskararen biziberritzeari lotutako eremu, adin-talde eta eskala desberdinak jorratzen dituzte. Osasun-arretatik gaztetxoen eguneroko hizkuntza-hautuetara, helduen aisialditik familien hizkuntza-ideologietara eta lurralde-antolamendura zabaltzen da alearen begirada.

Ikerketa enpirikoak eta hausnarketa aplikatuak uztartzen dituzte artikuluek, euskararen erabileran eragiten duten baldintzak eta hizkuntza-hautuak hainbat testuingurutan aztertuz. Honako lan hauek osatzen dute zenbakia:

  • Osasun arreta euskaraz: Aramaioko egoera. Atzera begirako azterketa deskriptiboa — Aitor Montes Lasarte, Jon Zarate Sesma eta Eider Madina Lizarralde. Aramaioko osasun-zentroan mediku eta erizainen eta pazienteen arteko ahozko zein idatzizko harremanetan euskarak duen presentzia aztertzen du.
  • Hizkuntza-hautaketak gaztetxoen eguneroko praktiketan — Aizpea Oria Irigoras. 11-12 urteko gaztetxoen hizkuntza-hautuetan talde-dinamikek, genero-sozializazioak, erreferenteek eta sare sozialek duten eragina ikertzen du.
  • Emaritik uholdera. Helduen euskararen erabilera areagotzeko aukera Hernaniko aisialdi-taldeetan, 2024-2025 ikasturtean — Leire Goñi Iradi. Hernaniko bost aisialdi-talde aztertuta, helduen hizkuntza-ohituretan talde horiek izan dezaketen eragina eta euskararen erabilera areagotzeko aukerak lantzen ditu.
  • Ipar Euskal Herriko familien hizkuntza-ideologiak eta hautu linguistikoak — Nahia Sarria Gutierrez eta Saioa Larraza Arnanz. Familien hizkuntza-hautuen atzean dauden ideologiak eta motibazioak aztertzen ditu, Ipar Euskal Herriko testuinguru soziolinguistikoan.
  • Irlandako arnasguneetarako politika espazial berria: gure lurralde-estrategiarako ideiak — Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuesta. Irlandako Gaeltacht eremuetan garatzen ari diren lurralde-antolamendu, hirigintza eta etxebizitza politikak aztertzen ditu, Euskal Herriko arnasguneetarako baliagarriak izan daitezkeen erreferentzien bila.

Belen Uranga Arakistainen hitzaurreak osatzen du alea. Zenbaki osoa nahiz artikuluak banaka PDF eta EPUB formatuetan daude eskuragarri Bat Soziolinguistika Aldizkariaren webgunean; paperezko alea eskuratzeko aukera ere badago.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN