Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
This section is only available in Basque See it

Hitanoaren lanketa Azpeitian eta Zumaian

Hitanoa lantzeko egitasmoa izan zen egitasmo hau. Hitanoaren erabilerak euskararen erabileran eta ezagutzan izan lezakeen eragin baikorraz jabetuta ekin zitzaion egitasmo honi.

2010ean jarri zen martxan eta 2015era bitarte hitanoa sustatzeko materiala sortzen, probatzen eta hobetzen ibili zen Soziolinguistika Klusterra Azpeitiko eta Zumaiako ikastetxe guztietako irakasleekin elkarlanean. Lau urte horietan zehar egindako bidearen azken emaitza aurkeztu zen 2015ean eta martxan jarri zen azken material berritua, bai Azpeitian, bai Zumaian, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara bitarte.

Azken ikasturtean, materialak praktikara eraman ziren eta 12 material didaktiko sortu ziren herri bakoitzeko hitanoaren erabilera sozialak ezagutu, hitanoa darabiltengana hurbildu eta erabiltzen hasi edo jarraitzeko.

Segimendua egin zitzaion Azpeitiko eta Zumaiako ikasle eta irakasleekin batera sortutako bideari; batetik, urtean zehar ikasleek egindako lan-bilduma bat jaso zen; bestetik, irakasleekin elkartu eta ekintza ezberdinen balorazioa egin zen.