“Zer egin ahozko komunikazioa lantzeko” lantegia antolatu du Soziolinguistika Klusterrak EHUko XXXV Uda Ikastaroen baitan, eta iritsi da momentua diseinatutako tailerra bigarren aldiz proban jartzeko. Aste honetan (uztailaren 28an eta 29an) izango dira saioak Miramar Jauregian.
Bereziki praktikan oinarrituko da tailerra: gogoetatuko da gai honen gaineko oinarri soziolinguistiko eta pedagogikoez, esperientzia ezberdinen berri izango da, eta ahozko komunikazioa lantzeko jarduerak esperimentatu eta sortuko dira.
Proposamen honek izan duen eskaera kopuru handiagatik, garaia baino lehen itxi behar izan da izen-ematea eta bi talde egin behar izan dira formakuntza jasotzeko. Uztailaren 4an eta 5ean eman zen lehen tailerra Miramar Jauregian lehen taldearentzat. Izen-ematetik kanpo gelditu direnei begira, berriz, hurrengo urtean aukera izan dezaten ahaleginduko gara.
Zer egin ahozko komunikazioa eskolan lantzeko? izeneko tailerraren egitaraua hemen topatuko duzue.