Jendaurreko komunikazio egoeratan hizkuntzen erabileraren inguruan ikuspegi askotatik hausnartzeko aukera eman du uztailaren 9 eta 10ean Bilboko Bizkaia Aretoan egin den ikastaroak. Soziolinguistika Klusterrak Jendaurrean Erabili proiektuan lantzen diren gai eta edukien inguruan egituratu du EHUren Uda Ikastaroen baitan antolatutako egitaraua.
Jendaurreko komunikazio egoeratan hizkuntzen erabileraren inguruan ikuspegi askotatik hausnartzeko aukera eman du uztailaren 9 eta 10ean Bilboko Bizkaia Aretoan egin den ikastaroak. Soziolinguistika Klusterrak Jendaurrean Erabili proiektuan lantzen diren gai eta edukien inguruan egituratu du EHUren Uda Ikastaroen baitan antolatutako egitaraua.
Lehenik eta behin, Beatriz Zabalondo, EHUko ikerlari eta proiektuaren zuzendariak Jendaurrean Erabilin orain arte egindako ibilbidea azaldu du. Eralan proiektuak emandako zenbait haritik tirata eta ikerketa-ekintza metodologian oinarrituz sortu zela zehaztu du, besteak beste. Proiektuaren baitan praktika komunitate bat sortu dela argitu du Zabalondok, eta komunitatean parte hartzen duten entitateek nola lan egiten duten, nola partekatzen dituzten ikuspegiak, zein gaien inguruko formakuntza jorratzen den eta gaur egun proiektua zertan den ezagutzeko aukera eman du aurkezpenak.
Bigarren saioan Eduardo Apodakaren txanda izan da. Jendaurrean Erabili, Euskaraldia eta azken urteetako bertako zein nazioarteko beste hainbat proiektuetatik abiatuz egindako hausnarketa plazaratu du EHUko ikerlariak. Politikaren paradigmatik gobernantza paradigmara aldaketa emana dela azaldu du. Gobernantza neoliberalak zein ezaugarri dituen xehetu ostean, 90eko hamarkadatik aurrera gobernantza eredu berri baten agerpenaz ohartarazi du. Gobernantza komunitarioa izeneko eredu honek hizkuntzaren biziberritzearen esparruko hainbat elementu eta hainbat ekimen ulertzeko balio duela defendatu du Apodakak. Boterea banatzeko (sakabanatzeko) eredua dela adierazi du; norbanakoen eta taldeen parte hartzeko egiturak ditu oinarrian; eragileen arteko elkarrekintzaren ondorio da gobernantza hori eta gobernuek egitura hauetan parte hartzen dutenen trebatzaile funtzioa beteko lukete. Gobernantza komunitarioranzko joerak ikusten dituela ebatzi du irakasleak.
Kokapenerako lehen bi saioen ostean, erakunde zehatz baten praktikari eskaini zaio hirugarrena. Ruth Perez de Anucita komunikazio arduradunak Donostia Zinemaldiaren errealitate linguistikoa xehetu du. Ibilbide historikoa errepasatzetik hasi da; Zinemaldiaren bolumena eta eragina hobeto ulertzeko hainbat datu emanez eta beste hainbat erakunderekin alderagarriak izan daitezkeen hainbat erabilera-esparrutan nola jokatzen duten azalduz. Euskara, gaztelania eta ingelesa dira Donostia Zinemaldiaren hizkuntza ofizialak eta ohiko egoera eta euskarrietan nola aplikatzen dituzten errepasatu du Perez de Anucitak. Ohiko egoera horiez gain, nazioarteko zinema jaialdi honek bereizgarritzat dituen egoerei eskaini die hurrengo tartea: gala eta prentsaurreko eleanitzak, filmen azpitituluak, sare sozialak… Amaitzeko Zinemaldiaren irudi korporatibo berriaz hizkuntzei dagozkien erabakiak hartzeko unean kontuan hartutako faktoreen berri eman du.
Arratsaldean Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kideak gidatu du mahai ingurua eta Jendaurrean Erabili proiektutik eratorritako Gipuzkoa Berdinago ekimenaren inguruan jardun dute parte hartzaileek. Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari ohiak ekimenaren jatorriaz eta 2017ko azaroan sinatutako adierazpenaren garrantziaz jardun du, besteak beste. Joseba Imazek Gipuzkoako Foru Aldundiaren komunikazio bulegoaren ikuspegitik hitz egin du eta erakundeak ekimenean hartutako lidergoa eguneroko praktikan iraunkor bihurtu beharra azpimarratu du. Ariana Barrena eta Javier Marcosek Kaiku eta Mondragon Korporazioaren komunikazio arduradun direnaren ikuspegitik kontatu dute Gipuzkoa Berdinagoko esperientzia. Ekimenaren funtzionamendua eta bertan parte hartzeak beren erakunde barrura begira egiten duen ekarpena nabarmendu dituzte.
Ikastaroaren bigarren egunari euskararen erabilerak Athleticen duen tokia ezagutuz eman zaio hasiera. Patxi Xabier Fernandez prentsa-arduradunak barne- eta kanpo- komunikaziorako dituzten irizpideak azaldu ditu eta euskararen erabilera landu eta handitzeko baliatzen dituzten lanabesak aurkeztu ditu. Prentsaurrekoen gaiari eskaini dio hitzaldiaren zati bat eta azken urteetako komunikazio ohituren aldaketen izan duten eraginaz jardun du. Sare sozialei ere arreta berezia eskaini zaie eta arrakasta handikoa den Athleticen eredua zertan datzan jakiteko aukera izan da.
Atsedenaldiaren ostean, komunikazio-harremanaren beste toki batean kokatu da hizlaria. Arritxu Iribar kazetariak Euskadi Irratiko esatari gisako ibilbidean hizkuntzen inguruan ezagutu izan dituen formulak, zailtasunak, anekdotak eta, azken finean, bizipenak kontatu ditu. Gaur egungo egoera duela urte batzuetako baino hobea dela adierazi du. Baina era berean, entzule edo hartzailearentzat hauteman ezinak diren arazo eta zailtasunak badaudela eta zeintzuk diren ere kontatu du. Kirolari eta kirol-taldeen artean euskararen erabilera handitzeari begira jarrera ezberdinak egonda ere, aurrera-pausoak egitekon potentziala badagoela uste du Iribarrek. Hedabideetako profesionalen eta hartzaileen artean azken bizpahiru urteetan euskararen erabilera sustatu eta eskatzeko beharrezko arreta erlaxatu denaren sentsazioa ere transmititu zuen Euskadi Irratiko esatariak. Guzti honetan EITB taldeak duen funtsezko papera azpimarratu eta hizkuntzen inguruko barne-lanketaz ere jardun du.
Hedabideen arlotik heldu da hurrengo ekarpena ere. Iñaki Sotok Gara taldearen ikuspegitik jardun du. Euskal Herriko gaur egungo testuinguru sozial, politiko eta soziolinguistikoaren hainbat ezaugarri errepasatu ditu eta, horrez gain, hedabideetan bizi dituzten baldintzak ere deskribatu ditu. Euskal hedabide sistemaren azterketa propio bat eginez, gauza asko birplanteatu beharra azaleratu du; hizkuntza politika, kultur industriak eta hedabideen sistema barnebiltzen dituen eztabaida zintzo baten beharra jarri du mahai gainean. EITBren inguruan eta administrazio publikoaren paperaren inguruan eztabaida da, bereziki Gara taldeko hedabideen bilakaeraren kontakizuna entzun ahal izan da hitzaldian eta baita aurrera begira begitantzen zaizkien erronken zerrenda ere. Horien artean, esaterako, gai bakoitzaren inguruko edukiak hizkuntza batean edo bestean komunikatzeak izan dezakeen eragina estrategikoki baliatzearena.
Ikastaroa Jendaurrean Erabili praktika komunitatean parte hartzen duten zenbait entitatetako pertsonen arteko mahai-inguruarekin amaitu da. Klusterreko Uxoa Anduagak gidatu duen saioan Getxoko Udala, ELA sindikatua, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean proiektuan parte hartzen duten pertsonak izan dira. 2018an planteatutako lan-ildoak azaldu dituzte eta orain arte emandako urratsen gaineko euren ikuspegia agertu. Urte hasieran erakunde bakoitzak barne-mailan finkatutako erronkak aletu dituzte, zertan diharduten erakusteko. Gainera, hedabideek beren komunikazio publikoa nola baldintzatzen duten eztabaidatzeari tartea eskaini zaio. Horretaz aparte, erakundeen artean bakoitzaren errealitatea eta praktikak zuzenean ezagutzeko bisitak egiten ari dira; esperientzia hauetan hasi direnen iritziz probetxugarria eta aberasgarria da bisiten lan-ildoa.
Ikastaroak orokorrean ikuspegia zabaldu eta eztabaidak mahai-gainean jartzeko balio izan du. Jendaurrean Erabili proiektuak bere bidea jarraituko du eta gai hauen inguruko lanketa etengabea izango da. Ikastaroko hitzaldi guztien bideoak eta hizlariek erabilitako aurkezpenak publikoki eskuragarri jarriko dira, gainera.
Argazkiak: Soziolinguistika Klusterra eta Gara