This section is only available in Basque See it

Badalab hizkuntza eta berrikuntzarako laborategia abiarazi dute erakundeek eta euskalgintzak elkarlanean

Euskararen biziberritzea eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko esperimentazio gune erreferentziala bihurtzea du helburu; oinarrian izango duen partzuergoa eratu dute Gipuzkoako Foru Aldundian egindako sinadura ekitaldian

Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin jaio da badalab hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia. Jomuga horrekin abiarazi dute gaur proiektu berri hori euskal erakundeetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik Gipuzkoako Foru Aldundian egindako sinadura ekitaldian, zeinetan osatu duten erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa.

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan dagoeneko hezurmamituko den zazpigarren proiektu estrategikoa izango da badalab –aurretik sortuak izan dira Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLab eta Naturklima–. Kasu honetan, euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Hala nola, euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea izango du jomugan, baita ere.

Helburu horietatik abiatuz, badalabek hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin. Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin. Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen. Hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz –aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan, eta abar–.

Aitzindaria nazioarte mailan

Zimendu horiekin ekingo dio ibilbideari datozen hilabeteetan Errenteriako Torrekua eraikinean, bertan izango baitu behin-behineko egoitza. Euskal Herriko mugez haratago erreferentzia bilakatzeko bokazioa ere hasiera-hasieratik garatuko du, egitasmo aitzindaria izango baita nazioarteko mailan. Horrela, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean diharduten guztientzat erreferentzia izango da badalab.

2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta  –Gipuzkoa Foru Aldundiak, Langunek, Elhuyarrek eta Emunek gidatu dute, Soziolinguistika Klusterrarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. Dagoeneko aurreratua dago prozesu hori eta gaurko lan bileran badalab martxan jartzeko estreinako bi erabaki nagusiak finkatu dira: egitasmoa babesten duten entitate publiko eta sozialek osatu duten partzuergoa eraketa, batetik, eta egitasmoaren abiaraztea gidatuko duen gobernu batzordearen osatzea.

Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiaren “izaera kooperatiboaren” lekuko, batzarrean parte hartu dute Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak, Bingen Zupiriak; Errenteriako alkateak, Aizpea Otaegik; Kontseiluako idazkari nagusiak, Paul Bilbaok; Soziolinguistika Klusterreko zuzendari nagusiak, Imanol Larreak, EITBko zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoak; UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreira; ArantzazuLABeko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak; Languneko zuzendari nagusiak, Lohitzune Txarolak; eta Euskaltzaindiako Andres Urrutiak.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN