This section is only available in Basque See it

Itzultzaile neuronala eta hizkuntza teknologiak erabiltzeko moduak euskararen erabilera nola baldintzatzen duen ikertu du Itzulinguru proiektuak

  • Gaur egun egiten den itzultzaile neuronalaren erabilera ikertu da, esku hartze esperimentalak egin dira 25 gunetan eta ikasgaiak atera dira euskararen biziberritzea eta erakundeen funtzionamendu eraginkorra ahalbidetzeko.
  • Hizkuntza jarduera aratuetan sortzen diren distortsioak, gatazkak, egokitzapenak eta berrikuntzak aztertu dira enpresetan, administrazio publikoan, hedabideetan, osasungintzan, euskaltegietan, bigarren hezkuntzan eta unibertsitateetan.

2023 eta 2024 artean garatutako proiektu honetan, arreta itzultzaile neuronalean jartzeko hautua egin da, gizarteko testuinguru arrunt eta anitzetan baliatzen delako eta euskaraz garapen teknologiko maila aurreratua duen tresna delako. Dena den, proiektua ikerketa ildo orokorrago baten abiapuntu gisa planteatu da, adimen artifizialaren bestelako efektu linguistikoak aurreikusteko aukera ematen duelako eta hizkuntza teknologia berriak garatu eta errotu ahala, erabilerak eta ondorioak monitorizatzeko.

Itzulinguru proiektuak hiru helburu izan ditu: Itzultzaile neuronalak, baliatzen den inguruneetan eragiten dituen eraldaketak, erabilerak, ahalmen berriak eta berrikuntzak identifikatzea (1); esku hartzeen bidez itzultzaile neuronalaren bestelako erabilerak probatu eta ondorioak ateratzea (2); eta euskararen biziberritzearen ikuspegitik, landu beharreko ahalmenak eta irizpideak proposatzea.

Proiektuaren sustatzaileak Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateko Innoklab ikerketa taldea izan dira. Eduardo Apodaka (UPV/EHU) izan da zuzendaria eta Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra) koordinatzailea. Gidaritza lanak hainbat erakundek osatutako Garapen Taldeak egin ditu: Osakidetza, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, AEK, Elhuyar, Hekimen, Innoklab ikerketa taldea (EHU) eta Soziolinguistika Klusterra. Proiektuak hainbat erakunde publikoren finantzazioa jaso du: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN