This section is only available in Basque See it

Euskara Kirolkide proiektuak aurrera egin du webgunea eguneratuz, hedapen aukerak landuz eta kirol-klubetan esku hartuz

Gazteak-kirola-euskara hirukotean sakontzeko eta bertan modu eraginkorrago batean jarduteko helburua duen proiektua da Euskara Kirolkide. Kirol-klubak (euskararen) babesgune gisa aritzeko ahalmenean oinarritzen da. Azken hilabeteotan hainbat urrats eman dira, proiektuaren garapenarekin jarraitzeko.

Batetik, 2022an aurkeztu zen euskarakirolkide.eus webgunearen gaztelaniazko eta ingelesezko aldaerak garatu dira. Proiektuaren filosofia eta oinarri teorikoak, hainbat klubetan egindakoa eta gaiarekin lotutako erreferentzia interesgarriak jasotzen ditu aipatutako webguneak, denetariko euskarrien bidez. Orain interesa izan dezaketen nazioarteko eragileentzat eskuragarri jarri da, edukiak ingelesez ere eskainiz.

Bigarrenik, Soziolinguistika Klusterrak azken urteetan frisieraren inguruko eragileekin landutako harremanen baitan, proiektuarentzat ate berri bat zabaltzeko aukera jorratzen ari da. Fryske Akademy eta Afûk erakundeekin elkarlanean diseinatzen ari da bi hiztun komunitateetan aldi berean gauzatuko litzatekeen nazioarteko proiektua.

Hirugarrenik, Euskal Herriko hiru kirol-klubetan kluba bera euskararen babesgune bilakatzeari begirako prozesuek martxan jarraitzen dute: Berriozarko Kirol Elkartea, Universitario Bilbao Rugby eta Bilboko Unamuno Saskibaloi kluba. Klub barruan erabakiak hartzen eta hainbat dinamika martxan jartzen aritu dira eta prozesu honen amaieran atera ahal izango dira ondorioak eta komunikatu da bakoitzean egindakoa.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN