2025eko urtarrilean abiatu da Soziolinguistika Klusterraren hurrengo urteetako norabidearen gaineko hausnarketa estrategikoa, Emun aholkularien laguntzarekin. Lehen hilabeteetan Bulego Teknikoak eta Zuzendaritza Batzordeak erakundearen egoeraren diagnostikoa egin dute, hainbat urratsen bidez.
Klusterraren baitan eta ikergunearekin harremanean diharduten guztien ikuspegia jaso eta parte hartzea errazteko asmoz, bi saio zabal aurreikusi dira hausnarketa prozesuan: bata pasa den martxoaren 26an egin zen eta bigarrena ekainean egingo da.


Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako saioan Klusterraren Bulego Teknikoko langileak, Zuzendaritza Batzordeko kideak, bazkide diren erakundeetakoak, unibertsitateko ikerlariak eta administrazio publikoko langileak izan ziren. Guztira 30 bat pertsonak parte hartu zuten. 2004tik hona Klusterrak egindako ibilbidearen errepaso kolektiboa egin zen, mugarri nagusiak nabarmenduz. Erakundearen misioa eta bisioa errebisatu ziren, moldaketa posibleak baloratzeko. Eta aurrera begira landu beharreko estrategien gainean eztabaidatu zen, lehentasunak adosteko asmoz. Ekainean egingo den bigarren saio zabalean hausnarketa prozesua borobildu eta bukatzeko lanei helduko zaie.
Bideoan jaso dugu saioaren egindakoaren berri:
