”Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean” izenburupean izango da ekimena, urriaren 16an eta 17an .
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea eta Coppieters Fundazioa dira topaketa honen sustatzaile nagusiak.
Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak ere bilduko ditu konferentzia honek bi helburu nagusirekin: alde batetik, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertzea eta gogoeta piztea; eta bestetik, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa sendotzeko proposamen zehatzak eta neurriak partekatzea eta zabaltzea.

Bi egunetan zehar, hizlari esanguratsuek aurkezpenak, eztabaidak eta mahai-inguruak egingo dituzte, arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz. Gaiari ikuspegi askotatik helduko zaio, besteak beste, dinamika soziolinguistikoa, demografia, hizkuntza-politika, garapen sozioekonomikoa, kulturgintza, lege-babesa eta hiztunen ahalduntzea aztertuz.
Azpeitian egingo da konferentzia, euskararen erabileragatik eta hizkuntzaren indar sozialagatik arnasgune gisa hartzen den herrian. Eta aukera bikaina eskainiko du hizkuntza komunitate desberdinetako errealitateak eta esperientziak gertutik ezagutzeko, hizkuntza gutxituen etorkizunari begira ekarpen praktikoak eginez.
Ekitaldiaren antolatzaileek azpimarratu dute hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa indartzeko estrategia eraginkorren premia dela eta arnasguneen garrantzia handia dela biziberritze-prozesuetan. Horregatik, konferentzia hau hizkuntza gutxituen mundu mailako erreferentziazko topagune bilakatu nahi dute, esperientzien eta proposamenen trukea sustatuz.
Konferentzian parte hartzeko aukera dagoeneko zabalik dago: www.labur.eus/arnasguneak-konf