2024 eta 2025 artean garatutako Hausnarketa Estrategiko prozesua amaitu da, eta 2026-2029 epealdirako Plan Estrategikoa onartu da urriaren 29an egindako Ez-Ohiko Batzar Orokorrean.




Prozesuaren helburua Klusterraren hurrengo urteetarako norabidea zehaztea izan da, erakundearen egoeraren diagnostikotik abiatuta eta ikuspegiak kontrastatuz. Lanketa Emun aholkularien laguntzarekin garatu da, eta Bulego Teknikoak zein Zuzendaritza Batzordeak hainbat urratsen bidez osatu dute oinarrizko diagnostikoa.
Parte-hartzea errazteko, hausnarketa-prozesuan saio zabalak egin dira (martxoaren 26ean eta ekainaren 19an) Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, aliatu, laguntzaile, bazkide, ikerlari eta administrazioko langileekin batera. Saioetan, Klusterrak egindako ibilbidearen errepasoa egin da, misioa eta bisioa berrikusi dira, eta hurrengo urteetarako estrategien inguruan eztabaidatu da.
Onartutako 2026-2029 Plan Estrategikoak tresna dinamiko gisa ulertzen den markoa finkatzen du, ziurgabetasun eta aldakortasun garaiei egokitzeko modukoa. Lau ildo estrategiko nagusi zehaztu dira: (1) ikerketan eta ezagutza soziolinguistikoan erreferentzialtasuna handitzea (besteak beste, nazioarteko harremanak eta komunikazio-plana eguneratuz); (2) ikerketa-proiektuen kalitatea sendotzea (ikerketaren eta inpaktu sozialaren eredua garatuz, kudeaketa-sistemak berrikusiz, Batzorde Zientifikoa abian jarriz eta Adimen Artifizialaren erabilera arduratsua txertatuz); (3) antolaketa eredua egokitzea, talde-lanaren kultura eta praktikak hobetuz; eta (4) finantziazio eredu sendo eta jasangarria eraikitzea.

