Didaktika eleaniztunaren inguruko formakuntza dispositibo desberdinak (Uda Ikastaroa)

Azalpena

Mugaz gaindiko Uda Ikastaro honek didaktika eleaniztunaren inguruan garatzen diren formakuntza-dispositibo desberdinak aztertzea eta balioan jartzea du xede.

Interreg POCTEFA AFOMEF-HEZHI proiektuaren baitan kokatzen da. HEZHI proiektuaren helburu nagusia da lurraldeko hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza sustatzea, hizkuntza-oztopoak murriztuz eta, horren bidez, mugaz gaindiko lankidetza, mugikortasuna eta gizarte-integrazioa erraztea.

Abiapuntutzat hartzen da hizkuntza-aniztasuna lurraldearen ezaugarri estrukturala dela. Euskara, frantsesa eta gaztelania testuinguru soziolinguistiko, instituzional eta didaktiko oso desberdinetan irakasten dira Euroeskualdean, eta horrek irakasleen formakuntza, praktika pedagogikoak eta ebaluazio-ereduak baldintzatzen ditu. Egoera horrek agerian uzten du didaktika eleaniztunean formakuntza espezifiko, egituratu eta testuinguruetara egokitua eskaintzeko beharra.

Uda Ikastaroak formakuntza-dispositiboen aniztasuna izango du ardatz: hasierako eta etengabeko irakasle-formakuntza, prestakuntza instituzionalak, unibertsitateko ikastaroak, sare profesionalak, eta esperientzia formal zein ez-formaletan oinarritutako dispositiboak. Ikuspegi teorikoak eta praktika errealak uztartuz, ikastaroak didaktika eleaniztuna lantzeko ikuspegi metodologikoak, tresnak eta estrategiak aurkeztuko ditu, bereziki ahozkoaren didaktika, didaktika integratua eta ebaluazio-praktikak ardatz hartuta.

Uda Ikastaroa hiru mahai-ingururen inguruan egituratzen da, didaktika eleaniztunaren funtsezko arloetan garatutako formakuntza-dispositibo desberdinak aztertzeko. Lehen mahai-inguruan, ahozkoaren didaktika eta haren dimentsio soziolinguistikoa landuko dira, irakasleen hasierako eta etengabeko formakuntzan ahozko gaitasuna garatzeko erabiltzen diren ikuspegiak, tresnak eta estrategiak aztertuz. Bigarren mahai-inguruak didaktika integratua izango du ardatz, arlo ez-linguistikoen bidez hizkuntzak irakasteko irakasleen formakuntza-ereduak eta prestakuntza-dispositiboak aztertuz. Azkenik, hirugarren mahai-inguruan hezkuntza eleaniztuneko ebaluazio-praktikak jorratuko dira, ebaluazio-irizpideak, tresnak eta horien inguruko formakuntza-ereduak aztertuz, hizkuntza-gaitasunak eta eduki akademikoak modu koherentean uztartzeko. Arratsaldeko saioan, irakasleei zuzendutako tailer praktiko bat eskainiko da, didaktika eleaniztuna ikasgelan aplikatzeko dispositibo pedagogiko zehatzak lantzeko. Goizeko mahai-inguruetan aurkeztutako ikuspegiak oinarri hartuta, parte-hartzaileek ahozkoaren didaktika, didaktika integratua eta ebaluazioa uztartzen dituzten jarduera eta sekuentzia didaktikoak diseinatuko dituzte. Tailerrak esperientzia-trukea eta hausnarketa kolektiboa sustatuko ditu, irakasleek beren testuinguru profesionalean zuzenean aplikatzeko moduko tresnak eta estrategiak eskuratzea helburu.

Helburua lurraldeko eragileen arteko elkarrizketa sustatzea eta esperientzia transferigarriak identifikatzea da, hezkuntza-espazio eleaniztun koherenteago baten eraikuntzan laguntzeko.

Helburuak

Hezkuntza eleaniztuneko modelo nagusiak ezagutzea: lurraldean indarrean diren ereduak eta esperientziak aurkeztea, haien oinarri teorikoak, antolaketa-ereduak eta testuinguru soziolinguistikoak kontuan hartuta.

Hezkuntza eleaniztunari buruzko formazioa eskaintzea: Irakaskuntza-praktikan erabilgarriak diren ikuspegi eta tresnak eskaintzea, bereziki ahozkoaren didaktika, hizkuntzaren eta gizarte-testuinguruaren arteko harremana, didaktika integratua, eta ebaluazio-praktika eleaniztunak.

Eragileen arteko elkarrizketa eta sare-lana sustatzea: Unibertsitatea, administrazio publikoa eta hezkuntza-eragileak harremanetan jarriz, esperientzien trukea eta etorkizuneko lankidetza bultzatzea.

Jarduera nori zuzenduta

  • Publiko orokorra
  • Unibertsitateko ikaslea
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak

Lankidetza

  • Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea

Zuzendaria

  • Marie Heguy-Urain

Date

Jul 03 2026

Time

9:30 - 16:30

More Info

Read More

Location

Cité des arts
Baiona

Organizer

Uda Ikastaroak. EHU
Uda Ikastaroak. EHU

Other Organizers

Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdea
Read More