Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
This section is only available in Basque See it

Euskaraldia I. Ikerketa

Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eta Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskaltzaleen Topagunearen lankidetzarekin egin du Euskaraldiaren lehen edizioaren inguruko ikerketa-lana.

Ikerketa proiektuaren baitan bi iker lerro jorratu dira: kuantitatiboa eta kualitatiboa. Iker lerro kuantitatiboak Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikustea du xede. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin da, ekimeneko hiru une desberdinetan herritarren hizkuntza ohiturak nolakoak diren neurtu dituena. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu dira, guztiak ere e-mail bidez igorri direnak. Ikerketan hiru galdetegiak bete dituzten pertsonen emaitzak hartu dira soilik kontuan:

  1. Lehenengo galdetegia: Euskaraldia hasi aurretik (2018ko azaroaren 23a baino lehen).
  2. Bigarren galdetegia: Euskaraldia amaitu berritan (2018ko abenduaren 3a ondoren).
  3. Hirugarren galdetegia: Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera (2019ko martxoan).

Azterketa kualitatiboak Euskaraldiaren inguruan sortu diren diskurtso sozialak aztertu ditu, parte-hartzaileen (ahobizi eta belarriprest-en) zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jasoz. Horretarako, Euskaraldian izena eman duten herrien lagin bat osatu da lau aldagai erabiliz: lurraldea, gune soziolinguistikoa, hiri/herrien dentsitate demografikoa eta, azkenik, batzordeen jarduera edo aktibitate maila.

EMAITZAK ETA INFORMAZIO OSAGARRIA EUSKARALDIAREN WEBGUNEAN: www.euskaraldia.eus/2018-ikerketa

 

Proiektu-zuzendaria: Pello Jauregi (EHU)

Proiektu-teknikaria: Uxoa Anduaga (Soziolinguistika Klusterra)