Este apartado solo está disponible en euskera Ver

XII. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2020. Nerabe eta gazteen hizkuntza errealitatea

XII. EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA 2020. NERABE ETA GAZTEEN HIZKUNTZA ERREALITATEA

Euskal Soziolinguistika Jardunaldien hamabigarren edizioa urriaren 28an izan zen. Gazte eta nerabeen esparruan euskararen biziberritzearen ikuspegitik aurrera eramaten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak ezagutu eta lantzeko aukera eskaini zuen. Hizlariek Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik jardun zuten eta gainontzeko parte hartzaileek streaming bidez jarraitu zuten jardunaldia. Honako ataletan jasota dago egunbak eman zuena, euskarri desberdinetan.

GAZTE-BIZIMODUAN EUSKARAK TOKIA IZAN DEZAN ZENBAIT GAKO NABARMENDU ZIREN EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIAN

  • 115 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, ikerlari, profesional eta aktibistek ezagutza trukatu eta elkarrekin hausnartzeko baliatu zuten saioan.
  • Hezkuntza sisteman hizkuntzek duten tokia eta papera berrikusi eta berregokitzeko beharra nabarmendu da alde batetik. Bestetik, eskolaz kanpoko testuinguruan esperientzia gozagarriak eta talde ahalduntzea sustatzearen garrantzia azpimarratu dute adituek.
  • Euskal Soziolinguistika Jardunaldien hamabigarren edizioa ere COVID19aren osasun larrialdiak baldintzatu zuen. Hasieran presentzialki eta online egitekoa zen topaketa, streaming bidez soilik garatu zen azkenik. Eskoriatzan Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean izan ziren Jardunaldiko saioak, baina ordenagailu bidez jarraitu zituzten izena-emandakoek, beraz.

Nagore Ipiña HUHEZIko dekanoak, Mikel Irizar Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak eta Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ikerketa zuzendariak eman zioten hasiera ekitaldiari.

Soziolinguistika Klusterraren hiru proiektutan oinarritutako hitzaldiak izan ziren lehen zatian. Jone Miren Hernandez eta Olatz Altuna ikerlariek Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia ikerketa kualitatiboaren emaitzak aurkeztu zituzten. Iñaki Martinez de Luna eta Maialen Iñarrak Arrue proiektuaren ibilbidetik eskola-giroko hizkuntza erabileraren inguruko datuetan oinarritutako gako batzuk eman zituzten. Agurtzane Azpeitiak eta Olatz Bengoetxeak Berba-lapiko proiektuaren baitan euskararen ezagutza baxueneko ingurune soziolinguistikoetako ikastetxeetan ahozko komunikazioa lantzearen inguruko aurkezpena egin zuten.

Bazkal aurretik eta ostean egindako bi paneletan bildu ziren bederatzi ikerketa eta esku-hartze proiekturen aurkezpen laburrak. Aisialdia, hezkuntza, kirola, unibertsitatea eta kulturgintzaren eremutik, besteak beste, bidean ikasitakoa plazaratu zuten eremu akademikoko eta aplikatuko ikerlari eta eragileek.

Azkenik, jardunaldia borobiltzeko, mahai-ingurua egin zuten Jone Miren Hernandez (Euskal Herriko Unibertsitatea), Jone Goirigolzarri (Deustuko Unibertsitatea) eta Pablo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra) ikerlariek. Egunean zehar aurkeztutako ikerketa eta ideiak oinarri, aurrera begirako lehentasunezko eginbeharrak identifikatzen saiatu ziren solasaldian.

Jardunaldian gazteen hizkuntza errealitatearen ikuspegi anitz jorratu ziren eta hamaika ideia, hausnarketa eta proposamen atera ziren. Horien artean hainbat aldiz errepikatu zirenak daude, hizlari desberdinen ahotan eta esperientzia bat baino gehiagoren ondorioetan atera ziren gakoak. Adibidez, honakoak:

  • EAEko hezkuntza sisteman, D ereduaren arrakasta eta zabalpen handiak behar berriak azaleratu dituela gaur egun. Duela 35-40 urtekoengandik desberdintasun soziolinguistiko esanguratsuak dituztela gaur egungo ikasleek, irakasleek eta ikastetxeek. Errealitate berri horiei egoki erantzuteko berrikuspen zorrotza eta eraldaketa ausartaren beharra agertu zen.
  • Gazteek euren gazte-bizimoduan euskarari toki bat emateko, eskolaz kanpo esperientzia gozagarriak, motibagarriak eta talde kohesioan oinarrituak izatea funtsezkotzat ikusten zen, bizitzaren garai horretan familia eta eskolaren eragina gutxitzen dela jakinda.
  • Hizkuntzen inguruko diskurtso politikoki zuzenetatik haratago, gazteen artean bere hizkuntza-praktikak eta bizipenak partekatzeak eta beren ingurune soziolinguistikoaz solastea bera kontzientzia hartu eta ahalduntzeko potentzial handia duen jarduera dela nabarmendu zen.

Hurrengo egunetan jardunaldiaren kronika, argazkiak, hitzaldien bideoak eta hizlarien materialk eskuragarri egongo dira Soziolinguistika Klusterraren webgunean (soziolinguistika.eus/jardunaldia).

Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia – Jone Miren Hernandez eta Olatz Altuna

Eskola giroko hizkuntza erabileraren azterketa – Iñaki Martinez de Luna eta Maialen Iñarra

Ahozko komunikazioa euskararen ezagutza baxueneko inguruneetako ikastetxeetan – Agurtzane Azpeitia eta Olatz Bengoetxea

Bertso-eskolak sozializazio eremu gisa – Miren Artetxe 

Kirol-taldeak erabilera gune – Jaime Altuna

Ludikotasuna eta emozioetatik eragiten – Pulunpa- Ibon Kobeaga

Euskararen erabilerara espedizioa – Beñat Garaio

Lidergoetatik eragiten – Eusliderrak-  Maialen Begiristain

Aisialdiaren gakoa – Itxaso Paia

Soziolinguistika lantzen ikasgelan – Ainhoa Lasa

Unibertsitateko ikasleen hizkuntza-profilak eta erronkak – Letizia Garcia

Dokumentuaren Izenburua Data Egilea
1970ko urtarrilak 1 Jaime Altuna
1970ko urtarrilak 1 Itxaso Paia
2020ko urriak 28 Idurre Alonso. Agurtzane Azpeitia. Olatz Bengotxea.
1970ko urtarrilak 1 Miren Artetxe Sarasola
1970ko urtarrilak 1 Beñat Garaio
2020ko urriak 28 Iñaki Martinez de Luna. Maialen Iñarra.
2020ko urriak 20 Jone M. Hernández Garcia. Olatz Altuna Zumeta
1970ko urtarrilak 1 Maialen Begiristain
1970ko urtarrilak 1 Ibon Kobeaga
1970ko urtarrilak 1 Letizia Garcia
1970ko urtarrilak 1 Ainhoa Lasa