Soziolinguistika Klusterrak EHUrekin elkarlanean egin duen “Jendaurrean erabili” proiektuaren aurkezpen publikoa egin da gaur Bilbon.
Ekintza eta ikerketa uztartzen dituen proiektu honek, euskarazko komunikazio publikoa errazteko eta hobetzeko elkarlaguntzako sarea jarri du abian. Jendaurreko euskarazko komunikazioa burutzeko garaian zalantzak edo zailtasunak dituzten erakunde eta enpresei, jardun horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen dizkie egitasmo honek. “Praktika-komunitate” bat osatu da horretarako, enpresa eta erakundeek elkarrengandik ikasi eta elkarri laguntzeko gunea dena.
2015etik hona bederatzi erakundek hartu dute parte “praktika-komunitatean”, horiek dira ADEGI, AEK, Athletic, UPV/EHU, EITB, ELA, Getxoko udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Guggenheim Museoa. Orain, proiektua publikoki aurkeztearekin batera, erakunde guztiei zabaltzen zaie sare horretara gehitzeko aukera.
Ekitaldi honetan, beraz, orain arte egindako prestatze lana ezagutzera eman da, eta horrekin batera, proiektuak hemendik aurrera izango duen ibilbide publikoari hasiera eman zaio. Aurrerantzean, proiektuaren gaineko informazioa www.jendaurrean.eus helbidean eskuragarri egongo da.