Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Apirilean Eskoriatzako eta Usurbilgo 2016ko kale-neurketa emaitzen aurkezpenak

Apirilaren 6an eta 27an izango dira, hurrenez hurren, Eskoriatzako eta Usurbilgo Hizkuntzen erabileraren kale-neurketen emaitzak aurkeztuko ditugun hitzaldi irekiak.

Usurbilen egindako kale-neurketak badu berezitasun bat: ohiko erabileraz gain, hitanoaren kaleko presentzia ere aztertu ahal izan genuen. Horretarako, iaz, hizkuntzen kale-erabilera behatzeko erabili ohi dugun metodologia egokitu eta modu pilotuan aplikatu genuen Azpeitian eta Usurbilen. Hala, apirilaren 27ko aurkezpenean, hizkuntzen kale-erabilera emaitzez gain, Usurbilgo hitanoaren kale-erabilerari buruzko datuak ere emango ditugu ezagutzera.

Ahalik eta informazio osatuena eskaini nahi dugularik, gure webguneko “Herrietako Kale Neurketak” atala hizkuntzen kale-erabilerari buruzko emaitzekin ari gara etengabe elikatzen. Dagoeneko eskuragarri dituzue martxoan zehar aurkeztu ditugun Zarautz, Zumaia, Hondarribia, Bermeo, Igorre, Oiartzun eta Errenteriako laburpen-txostenak, eta apirilekoak ere bertan txertatuko ditugu.

Era berean, aurkezpen publikorik aurreikusita ez dagoen udalerrien kasuan ere, 2016an kale-neurketak burutu zituztenez gero, pixkanaka-pixkanaka bertako kale-erabilera emaitza nagusiak ere webgunean jarriko ditugu. Horien artean daude, adibidez, Soraluze, Legazpi, Ermua, Zestoa, Anoeta, Ondarroa eta Gorbeialdeko Kuadrillako Zuia, Zigoitia eta Urkabustaiz.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN