Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Euskaraldiaren ikerketa NPLD-Coppieters Campusean

Urtero Europako hainbat hizkuntza gutxituetako eragile sozial eta instituzionalak elkarrekin gaiak jorratzeko biltzen dira NPLD-Coppieters Campusean. Aurtengo edizioa Donostian izan da urriaren 17 eta 18an eta “Hizkuntza gutxituen erabilera aktibatzen” izenburua eman diote.

 Euskaraldiaren esperientziak bi eguneko egitarauaren zati handi bat hartu du. Pello Jauregi EHUko irakasleak ariketa sozial honen oinarriak eta printzipioak azaldu ditu hitzaldi batean. Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoa, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek erakundeen arteko lankidetzaz jardun dute. Iñigo Fernandez aholkulariak Euskaraldiaren komunikazioan erabilitako estrategiaren berri eman du. Topagunearen izenean, Jasone Mendizabal zuzendariak Euskaraldiaren oinarrian dagoen komunitate-lanketa xehetu du. Arabako Lautada eta Donostiako erakunde publiko eta euskara elkarteen ordezkariek beren esperientzia zehatzak kontatu dituzte. Soziolinguistika Klusterreko Uxoa Anduagak, berriz, Euskaraldia I. Emaitzen azterketa lanaren emaitzak aurkeztu ditu parte hartzaileen aurrean. Euskaraldiak aktibaziorako ekimen zabal eta berritzaile bezala eta honen azterketarako baliatutako ikerketa-lanak Europako hizkuntza-komunitateetako ordezkarien interesa piztu du.

 

Campuseko beste saioetan, beste lurralde batzuetako ekimenak aurkeztu dira, hala nola, Katalunia eta Galesekoak. Horrez gain, Euskal Herrira kanpotik heldutako bisitariek egitarau soziala izan dute Donostiako Udala eta Chillida Leku Museoa ezagutzeko, besteak beste.

NPLD hizkuntza aniztasuna sustatzeko Europako sarea da. Europako hizkuntza gutxituetako gobernuak eta eragile sozialak biltzen ditu bere baitan. Soziolinguistika Klusterra sareko kide da eta modu iraunkorrean parte hartzen du ekimen eta ekitaldietan, euskararen biziberritzearen esperientziak zabaldu, baliagarri izan daitezkeen ikasgaiak jaso eta elkarlan aukerak sortzeko asmoz.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN