Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Gipuzkoa Berdinago: erronka bateratua eta lan-jardunaldi irekia

Emandako urratsak partekatu eta hizkuntza erabilera berritzaileak aztertzeko, egitasmoko kideek jardunaldia antolatuko dute abenduaren 16an Etorkizuna Eraikiz Gunean

Gipuzkoa Berdinago proiektuaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soziolinguistika Klusterraren koordinazioarekin, 2016tik elkarlanean ari dira Gipuzkoako 18 enpresa, erakunde, kirol talde eta elkarte. Gipuzkoan hizkuntza-berdintasunaren norabidean paper garrantzitsua joka dezaketela sinetsita, komunikazio publikoaren eremuan burutzen duten jardueran euskararen presentzia eta erabilera handitzeko bat egiten dute. 2017ko azaroan aurkeztutako Gipuzkoa Berdinago adierazpena izan zen borondate partekatu hori jaso zuen dokumentua. Ordutik, bertan jasotako edukiak gauzatzen ari dira hausnarketa partekatua, formakuntza eta erakunde bakoitzak hartzen dituen konpromiso zehatzen bidez.

2019-2020 ikasturte honetan, erakunde horietako bakoitzak antolatzen dituen barne-ekitaldi jendetsuetan jarri dute arreta. Euskararen erabilera eta ikusgarritasuna handitzeko urrats praktiko zehatzak emateko konpromisoak hartu dituzte eta uda ostetik gauzatzen hasiak dira. Erakunde bakoitzaren barne ekitaldi jendetsuak ezaugarri eta baldintza bereziak ditu: kirol klubek akziodunen batzarra egiten dute, kooperatibek bazkideen asanblada, unibertsitateek ikasturtearen irekiera ekitaldi eta abar. Horrez gain, erakunde bakoitzaren testuingurua eta hizkuntzekiko harremana ere ezberdina da.

Ekitaldietan emango diren urratsek, ekitaldien antolaketan eta gauzatze prozesuko egiteko desberdinetan izango dute eragina: ekitaldi horien diseinutik planifikatuko dira; ekitaldien gonbidapen eta iragarpen euskarri zein ekintzetan txertatuko dira; ekitaldietako hizlarien prestakuntzarekin lotutakoak izango dira; hitzartzeetako hizkuntzetan kontuan hartuko dira; pantaila bidez ikusaraziko diren aurkezpenetan eragingo dute; ikus-entzunezkoetan ere gauzatuko da; eta bestelako neurriak ere izan daitezke.

Lan-jardunaldi irekia

Abenduaren 16an, astelehenarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean herritar eta eragile orori irekitako lan-jardunaldia antolatu du Gipuzkoa Berdinagok. Batetik, proiektua egiten ari den ibilbidearen berri emango da. 2016tik gaur arte jarraitzen den filosofiaren gakoak eta eman diren urratsak errepasatuko dira. 2019-2020ko erronka bateratua zertan datzan eta ekitaldien baitan ematen den hizkuntzen-kudeaketa eraldatzen eman dituzten urratsak aurkeztuko dituzte Gipuzkoa Berdinagoko ordezkariek.

Jardunaldiari amaiera emateko, komunikazio publikoan hizkuntzen erabilera berritzailearen kasu aurreratu kasu bezala, CCMA Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals taldeko hizkuntza-aholkularitza zerbitzuko kide Jordi Solé Travéren hitzaldia izango da.

Jardunaldia zabalik dago komunikazio publikoan diharduten enpresa erakunde eta elkarteetako komunikazio arduradunei, euskararen biziberritzean lan egiten duten aholkularitza eta elkarteei, ikerlariei, ikasleei, administrazio publikoko komunikazio- eta euskara-teknikariei zein interesa duen herritar orori. Jardunaldian parte hartzeko izena eman behar da abenduaren 10a baino lehen euskara@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatzita.

Gipuzkoa Berdinagoko kideak dira: Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustoko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea eta Real Sociedad.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN