2020ko irailean Gazteak Euskararen Eszenatokian ikerketaren emaitzak argitaratu zirenetik, jakinmina sortu izan dute gaia ikuspegi desberdinetatik bizi duten pertsona eta taldeen artean. Pasa den otsailaren 23an Jone Miren Hernandez eta Olatz Altuna, ikerketaren zuzendari eta koordinatzaileak emaitza hauen gako nagusiak aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen bileran.
Batzordekideek interesez hartu zituzten ikerketaren ondorioak eta gazteen hizkuntza-errealitatea hobeto ulertzeko tresna hau eskuratu izana eskertu zuten. Ikerketaren egileek azpimarratu zuten ikerketak baliatuak izateko bokazioz sortzen direla eta legebiltzarkideak gonbidatu zituzten emaitzetan ikusitakoa erabakiak hartzerakoan edo politika publikoak diseinatzerakoan kontuan izatera. Era berean, aurrerantzean gaian sakontzeko eta harremanean jarraitzeko borondatea berretsi zuten guztiek, besteak beste, EAEko gazteria lege berriaren sortze prozesuari begira.