Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Hizkuntza gutxituen ikerketarako metodologien gaineko konferentzia egin da Galesen

Uztailaren 9an eta 10ean egin da Galeseko Aberystwyth herrian “Research methodologies and regional or minority language research” konferentzia, bertako Centre for Welsh Politics and Society, Wiserd institute eta Coleg Cymraeg formazio guneak antolatuta. Soziolinguistika Klusterra bazkide den bi sare-erakunde konferentziaren babesle izan dira: Hizkuntza aniztasuna sustatzeko NPLD sarea eta Europako hizkuntza gutxituen inguruko ikerguneak biltzen dituen UniNet sarea. Bi egunetan hizkuntza gutxituen ikerketan metodologietan gaur egungo berrikuntzak eta erronkak izan dira aztergai.

Soziolinguistika Klusterreko bi ikerlarik komunikazio bana aurkeztu dute:

Paula Laita Pallares-ek Empowering indigenous Language Revitalization through Community-Based Research and Indigenous methodologies: The case study of Nenqayni ch’ih and proposals for European minority languages komunikazioa aurkeztu du. Kanadako komunitate batekin garaturiko bere doktorego-tesian baliatutako metodologiak Europako hizkuntza gutxituen ikerketara egokitzeko hausnarketak eta proposamenak aurkeztu ditu.

Pablo Suberbiola Unanuek Analysing New Language Practices in Basque from the Perspective of Social Value komunikazioa aurkeztu du. Bertan, Aldahitz Ikerketan azken urteetan hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuetan sakontzen duen ildo baten berri eman du. Lanak aldaketa-prozesu horiek hizkuntzaren balio sozialarekin duten lotura aztertzen du, besteak beste, Eusle eta Ulerrizketa metodologien aplikagarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin.

Europako herrialde ezberdinetatik etorritako ikerlarien bilkura izan da, berrikuntza metodologikoak zein datozen urteetako erronkei begira ikerlariek luzaturiko proposamenak ezagutzeko aukera eman duena. Esate baterako, nola baloratu modu zehatzagoan hizkuntzak sustatzeko politikek gizartean duten babesa, nola uztartu azterketa etnografikoak ikerketa-ekintza parte hartzaileekin, edo nola baliatu teknologia berriak hiri eleanitzetan hiztunek dituzten portaerak eta hautemateak hobeto ezagutzeko.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN