Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

#Arnasguneak2025 Konferentzia [Urriak 16 goiza] “Arnasguneek hizkuntzaren indarberritze-prozesuan toki zentrala behar dute”

Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia da gaur eta bihar Azpeitian egiten ari den nazioarteko konferentziaren ardatza. UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Europako Coppieters fundazioak antolatutako konferentziak 250 lagun inguru elkartu ditu Soreasu antzokian. Gaur goizean, soziolinguista, hizkuntzalari, irakasle eta erakunde publikoetako ordezkariekin batera, nazioarteko zein Euskal Herriko hainbat eragilek zuzenean entzun ahal izan dituzte bi eguneko egitarau mamitsuaren lehen hitzaldiak.

Antolatzaileen eta konferentzia babestu duten erakunden ordezkariek hartu dute hitza lehenik, guztiek ere arnasguneen garrantzia nabarmenduz. Nagore Alkorta (Azpeitiko Udala), Garbiñe Mendizabal (Gipuzkoako Foru Aldundia), Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Irazabalbeitia (Coppieters fundazioa), Ane Sarasua (UEU), Jasone Mendizabal (Soziolinguistika Klusterra) eta Martin Aramendi (UEMA) izan dira hizlari, eta nazioarteko hizkuntza gutxituetako ordezkariek arnasguneei buruzko ezagutza partekatzea garrantzitsua dela ere adierazi dute, elkarren berri izateko, ikasteko, eta arnasguneak sendotzeko beharrezkoak diren hizkuntza politikak aldarrikatzeko.

Martin Aramendi: “Euskararen erabileran eta biziberritzean duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu izan gara urte askoan”.

UEMAko lehendakari Martin Aramendiren hitzetan, “euskararen erabileran eta biziberritzean duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu da urte askoan UEMA. Zehazki, horixe da UEMAren izatearen eta izaeraren oinarri nagusietako bat: udalerri euskaldunak eta arnasguneak sendotzea, babestea eta garatzea”. Horregatik, Aramendik nabarmendu du “atsegin handiz” datozela UEMAko kideak eta UEMAko kide diren herrietako ordezkariak “arnasguneen garrantziari buruzko nazioarteko lehen konferentzia honetara. Izan ere, urte askoan UEMAk etenik gabe aldarrikatu duena, gaur egun oinarri sendoarekin defendatzen da, bai euskalgintzan, eta baita bateko eta besteko erakunde publikoetan ere. Gaur eta bihar, berriz, Euskal Herriko eta nazioarteko adituek ere hitz egingo digute hizkuntza gutxiberrituen biziberritzean arnasguneek duten funtzioari eta garrantziari buruz”.

Mikel Zalbide: “Arnasgunea hizkuntza gutxitua sozialki nagusi den espazio geoterritoriala da, eta hizkuntzaren indarberritze-prozesuan toki zentrala behar du”.

Josua Fishman hizkuntzalariaren “Breathing Space” kontzeptua euskarara ekarri eta “arnasgunea” bihurtu zuen Mikel Zalbide euskaltzain eta soziolinguistaren bideoa ikusi ahal izan da ondoren. Arnasguneak zer diren eta zer ez diren adierazi du bideoan Zalbidek: “Arnasgunea hizkuntza gutxitua sozialki nagusi den espazio geoterritoriala da. Bertako hiztunek hizkuntza gutxitua darabilte nagusiki euren hartu emanetan, hizkuntza horretan moldatzen dira errazago, eta testuinguru horretan, transmisio betea gertatzen da belaunaldi berrietara. Arnasguneak funtsezkoak dira hizkuntza gutxituarentzat. Hizkuntzaren indarberritze-prozesuan toki zentrala behar dute”. Horrekin lotuta, adierazi du ordua dela “gure paradigma soziolinguistikoan beste ikusmolde eta lege berrien inguruan hausnartzeko, bizirik iraun nahi badugu”.

Zalbiderentzat, “arnasguneak ez dira bitxi eta anormal, gure artean dauden espaziorik normalenak baizik. Hori azpimarratu egin behar da, zeren badago joera zenbakiz txikiak direlako garrantzia kentzekoa”.

Mikel Zalbideren bideoa, osorik:

Conchur O Giollagain: « Irlandan eta Eskozian egin den akatsa izan da hiztun komunitate biziari behar duen zentralitatea ez ematea, eta hizkuntza politikek beste zeregin batzuetan jartzea arreta”.

Eskoziako gaelikoa eta Irlandako gaelikoa gertukoak dituen Conchur O Giollagain (Dublin, 1966) irlandarraren hitzaldia izan da ondoren. Highlands and Islands unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria aditua da hizkuntza gutxituen kulturan, soziologian eta hizkuntza plangintzan, eta gaelikoaren biziberritzeaz aritu da bereziki. Hizkuntza gutxituen dinamika nazioartean aztertuta, argi adierazi du “hizkuntza-talde bat mantentzeak esan nahi du bizirik dagoen gizarte-errealitate gisa mantentzea. Toki askotan, Irlandan eta Eskozian kasu, egin den akatsa izan da hiztun komunitate biziari behar duen zentralitatea ez ematea; hizkuntza-politikek funtsezkoa den alderdi horretan beharrean, beste zeregin batzuetan jartzea arreta”.

Besteak beste, aitortu du « arreta osoa” eman diotela “bigarren hizkuntzaren irakaskuntzari, baina ez dugu aintzat hartu lehen hizkuntzak izan duen beherakada ».

Atsedenaldiaren ondoren, Quebec-etik heldu den Etienne Lemyre soziologoaren txanda izan da. Statistique Canada estatistika erakunde publiko ofizialeko ikerketa unitateko burua da Lemyre, eta frantses hiztunen konzentrazioak adierazle soziolinguistika nagusiekin nolako harremana duen aletu du bere hitzaldian, Kanadako datuetatik abiatuta.

Adieraz duenez, « Kanadatik, ikasi dugu bi hizkuntza lehian dauden lurraldeetan dentsitatearekin loturik, dinamika soziolinguistiko ezberdinak garatzen direla lurraldean. Eta hori fenomeno orokortua izan daitekeela, segur aski, hizkuntza gutxituetan. Laburtuz, gutxiengoan dagoen hizkuntza nagusi duten lurraldeek hizkuntza indartzeko joera dute, bai erabileran eta bai transmisioan; dentsitate gutxiago dutenetan, berriz, berezko joera gutxitzean sakontzen jarraitzearena da ».

Garikoitz Goikoetxea: « Kualitatiboki ez ezik, kuantitatiboki ere garrantzia handia dute arnasguneek, eta horiek desagertzea egundoko galera litzateke euskararentzat ».

Garikoitz Goikoetxea kazetariaren eta Tolosako Udaleko euskara zerbitzuburuaren txanda izan da ondoren. Berria egunkariko kazetaria eta UEMAko ikerketa-teknikaria izandakoa da Goikoetxea, eta 2017, 2020 eta 2023an Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan saritua izan da. 2016an Euskara irabazteko bidean liburua argitaratu zuen eta 2025ean Esnatu ala hil aurkeztu berri du Iñaki Iurrebasorekin batera.

Euskararen arnasguneen egoera soziolinguistikoa ulertzen laguntzeko argazki bat erakutsi du, datuak emanez eta horien interpretazioa eginez. Nazioarteko beste hizlariek esandakoa euskararen arnasguneetan ere errepikatzen dela erakutsi du Goikoetxeak: “Soziolinguistikoki dinamika ezberdinduak daude hizkuntzaren nagusitasun mailaren arabera. Arnasguneak dira aldeko joko-zelaiak, eta arnasguneeetan bizi diren gurasoek euskara transmititzen dute batez ere, baita euskaraz hain eroso jarduteko gaitasuna ez dutenen artean ere. Arnasguneetan ekosistema bat dago, euskara erabiltzera bultzatzen duena. Baina arnasgune gutxi ditugu Hego Euskal Herrian, eta ahultzen ari dira. Gainera, egindako proiekzioek iragartzen dute, zer edo zer egin ezean, galdu egingo ditugula arnasguneak datozen urteotan. Arnasgune bete batzuk erasanak izatera igaro dira, eta erasan batzuk nagusitasunik gabekora. Euskararen nagusitasun eremuaren galera argia da”.

Arnasguneen ekarpena ere erakutsi du datuetan Goikoetxeak: “Ikuspegi demografikotik, arnasguneetan Hego Euskal Herriko biztanleen %5a soilik bizi da, baina euskararen eguneroko erabileran askoz pisu handiagoa dute: %30a”. Beraz, alde kualitatibotik ez ezik, alde kuantitatibotik ere arnasguneek egundoko garrantzia dutela adierazi du.

Siadeco etxeak UEMArentzat egindako proiekzio demografikoaren datuak erakutsi ditu ondoren, egoera irauli ezean 2036rako arnasguneen galera sakondu eta areagotu egingo dela gogoratuz. Demografikoki, %0,2an geratuko lirateke euskararen arnasguneak.

Horren aurrean, honek aldaketa eskatzen duela eta benetan gai honi sakon heldu behar zaiola nabarmendu du, eta lau gako nagusi edo titular emanez amaitu du:

· Arnasgunea ez da euskara asko erabiltzeko lekua bakarrik: ekosistema osoa osatzen du.
· Galera nabarmena izan zen XX. mendean, eta ez da eten: arnasgune bete oso gutxi geratzen dira.
· Erabileraren herena dute arnasguneek: kuantitatiboki ere ekarpen handia egiten dute.
· Proiekzioek ez dute aurreikusten bilakaera aldatuko denik: desagertzeko bidean daude arnasguneak, eta hori galera handia litzateke.

Elin Haf Gruffydd Jones: “Larrialdi linguistikoari orain heldu behar diogu; ezin diegu hurrengo belaunaldiei pasatu zama guztia”.

Elin Haf Gruffydd Jones galestarrak hartu du hitza ondoren. University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria da Haf Gruffydd Jones. Baita ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarearen lehendakaria ere. Euskaraz egin ditu lehen minutua. Izan ere, Euskal Herriaren aspaldiko laguna da, eta hainbat aldiz izan da hemen kongresu, jardunaldi edo ikastaroetan zein lagunen ohiko bisitetan. Hizkuntza gutxituetako hedabideen gaia izan da bere ikergai nagusia urtetan zehar.

Galesen inoiz egin den ikerketa-proiektu handiena den BRO inkesta gidatzen duen taldeko kide da, gaur egun, eta horixe aletu du datuetan: hizkuntza gutxituko hiztunen dentsitate handiko zonaldeen errealitatea zein den Galesen. Eremu horiek zein harreman eta zein eragin duten galeseraren presentzia baxuko eremuekin erakutsi du hitzaldian.

Soziolinguistikoki galesaren eta euskararen arteko antzekotasunak aipatu ditu, eta eremu digitalean hizkuntza gutxituek erronka handiak dituztela ere adierazi du.

Galesaren egoera ulertzeko zenbait kontu aipatu ditu: hiztun kopurua handitu da, bikoiztu da erabilera, baldintzak hobetu dira… baina kezkatzeko arrazoiak ere erakutsi ditu. Batez ere galesaren dentsitate handiko eremuak biztanleak galtzen ari direla esan du, eta arnasguneen biziraupena kolokan dagoela gaur egun Galesen.

Horren aurrean, “arnasguneak loratu nahi baditugu, erdi mailako dentsitateko galestar hiztzunak erakarri behar” direla adierazi du. “Larrialdi linguistikoari orain heldu behar diogu, eta ezin diegu hurrengo belaunaldiei pasatu zama guztia”.

Jon Aizpurua: « Eskualdean izaten diren eguneroko joan-etorriak oso kontuan izan beharko lirateke euskararen erabilera normalizatzeko neurriak proposatzeko orduan ».

Goizeko saioa amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan Saileko zerbitzuburua aritu da hizlari: Jon Aizpurua. Azken urteotan Eustatek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eginiko inkesta soziolinguistikoen eta ikerketen ezagutza handia du Aizpuruak. Argitalpen ugariren egilea izateaz gain, Euskaltzain urgazlea ere bada.

Arnasguneen biziberritze prozesuan eskualde-buruek zer-nolako garrantzia duten erakutsi du, datuak erakutsita eta batez ere Tolosaldeko egoera aipatuta. Hiru gakorekin amaitu du bere hitzaldia:

Batetik, “eskualdean izaten diren eguneroko joan-etorriak oso kontuan izan beharko lirateke euskararen erabilera normalizatzeko neurriak proposatzeko orduan”. Bestetik, “udalerriz udalerri egin daitezkeen euskararen ekintza-planez gain, eskualde-mailako ekintza-plana landu beharko litzateke, eta eskualde-buruek giltzarri izan beharko lukete”. Azkenik, “gizartearen mugimenduak (migrazio-mugimenduak zein eguneroko mugikortasuna) hizkuntzaren ikuspegitik aztertzeak ikerketa-lerro ugari irekiko luke”.

MATERIAL OSAGARRIA

ARGAZKI BILDUMA:
·
Urriak 16, osteguna: goizeko argazkiak

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN