Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Kitxuaren biziberritze estrategien ikastarotik bigarren kronika

Belen Urangaren bigarren eta azken kronika, Ekuadorreko Ibarra hirian egiten ari den Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Nazioarteko Lehen Ikastaroaren abiatze moduluaren amaieran:

Pasa den astean eman genuen Kitxuaren Biziberritze Estrategietako ikastaroaren berri Ekuadorreko Ibarra hiritik. Gaurkoan, kurtsoaren sarrera-modulua amaitu eta gero, lehen begirada emateko unea heldu da.

Goizean egin diguten elkarrizketa batean ikastaroa nola joan den eta maleta egiteko ordu honetan etxera zer daramagun galdetu digute. Bi asteburu hauetan partekatu ditugun ideiak eta sentimenduak hiru minututan laburtzea ez da erraza izan, baina saiatu, saiatu gara.

Hizkuntza-komunitatearen sendotasuna irudikatzeko gutako askok hizkuntza-zuhaitzaren metafora erabili ohi dugu, zein eta enborra elikatuko duen sustraiak sakon eta sendoak izan behar duten, ahalik eta adar indartsu eta zabalenak gara ditzan. Metafora biologikoak oso tentuz erabiltzekoak baldin badira ere, ezin ukatu irudi honen indarra.

Hizkuntza-komunitatearen nortasunak, izateko borondateak, identitateak edota hizkuntza garatzeko bestelako barne-motibazioek osatzen dute arbolaren sustrai-multzoa. Jakina, horien nolakotasunak definituko dute hizkuntza-enbor bakarra. Hala, hizkuntzaren erabileran gauzatuko diren adarrak begien aurrean bistaratuko dira, besteak beste, etxeko erabilera, eskolan duen presentzia, komunikabideetako lekua, esparru formaletan ospea, kultura adierazpenetan espazio sinbolikoa edo corpusaren garapena.

Ikastaroaren egitura ondo baino hobeto egokitzen da aipatu metafora horretara. Hala, helburu nagusia adarretako egitasmo zehatzak diseinatzea da: komunikabide-esparruan pausu zehatzak ematea, eskolan eragitea, udalerrietan hizkuntza-plangintzan proiektu zehatzak aplikatzea, helduen “kitxueratzean” ideiak partekatzea, edota aktibismo digitalean eragitea; guztiak proiektu zehatzen bitartez.

Baina, lehen modulu honen amaieran pentsatu nahi dugu sustraietan eragin dugula. Bertan parte hartu duten irakasle kitxuek hizkuntza biziberritzearen inguruan arrazoiak identifikatzen, azaleratzen, partekatzen, eztabaidatzen, sendotzen… aritu dira. Motibaziotan eragiten, probokaziotan, elkarri kontuak eskatzen.

Baina, hemen ere, ez dago pentsamendu bakarra; benetako “runa” izatearen garrantziaz aritu dira (runa, “benetako gizakia”), Inca inperioaren irakurketa historiko berriaren aldarria egin dute, runa izatearen harrotasunaren bitartez egundaino inposaturiko bazterketa eta zapalketari aurre egiteko; kosmobisio indigena eguneratu nahia erakutsi dute (pentsamendu espirituala) edo tradiziozko naturarekiko harremana berreskuratu beharra (familia zabala, lurra, gainerako izaki bizidunak, ura edo mendi zehatzen esanahia), kitxua izatearen sinbologia agerian jarri nahia (ile luzea, janzkera, eta, batez ere, tradiziozko izena); guztia euren izatearen ukazioa eragin duen pentsamendu eta praktika kolonialaren aurrean.

Baina, horren parez pare jartzen den beste joerak ere ikusi ditugu: inperioaren aldarria baztertu nahi dutenak, bestelako pentsamendu erlijiosoak dituztenak, edo espiritualtasunaren gaia formulatzeko beharrik ikusten ez dutenak. Ikuspegi dibergente horiek tentsioak eta lehiak sortu ditzaketelako kontzientzia ere badute. Baina zerbait argi ikusi badugu, horien gainetik proiektu partekatuaren beharra izan da. Norberak bere ikuspegitik, baina hizkuntzaren biziberritzeko proiektua sendotzeko motibazio horietan modu bateratuan eragin beharra antz eman dugu. Eta horretan saiatu gara.

Gure aldetik hiru mezu eman nahi izan ditugu: momentuaren larritasuna (izan ere, hizkuntza kitxuaren transmisioaren etenak alarma gorri guztiak piztu ditu), egungo belaunaldiaren erantzukizuna (hizkuntza horretan hitz egiten duen azkena –edo azkenetakoa- izan daitekeelako), baina, baita ere, itxaropenarena (egoerari itzulia eman dakiokeelako). Horretan arituko dira datozen asteetan 50 kitxua hiztun, lekukoa hartzera Euskal Herritik etorriko diren bost irakaslerekin batera.

Eta, helburu eta mezu horiekin ari ginela topatu dugu Euskal Herrira itzultzean daramagun pentsamendua eta kezka ere. Badirudi kitxuaren kasuan, hizkuntza galeraren eta berreskuratzearen artean aldaketarako tentsio-unea heldu dela; alegia, hizkuntzaren errepresioari “nahikoa da” esan, eta, sustraiak indartuz, hizkuntzaren funtzioak berreskuratzen hasteko unea. Euskal Herrian ez gaude euskararen momentu berean; gurean lan horretan duela 50-60 urte hasi eta adarrak harrigarriki sendotzen ikusi ditugu, banan bana.

Baina, itzultzean, galdera bera nabarmentzen zaigu behin eta berriz: ez ote da heldu sustraiei begiratu berri eta berritzailea emateko ordua? Ez ote zaizkigu eroriko adarrak sustraien sakonera eta zabalera handitu ezean? Beldur gara duela 50-60 urte abian jartzeko baliatu genituen horiek ahulegiak ez ote diren XXI mendeko haizeei aurre egiteko.

 

Belen Uranga

Ibarra, 2020ko otsailaren 4a

 

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN