Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Eneko Gorrik irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria Ipar Euskal Herrirako ekosistema komunikatibo euskaltzalearen proposamenarekin

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak 2020 from Soziolinguistika Klusterra on Vimeo.

 

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzte sariak eta irabazleak jakinarazi dituzte bideo bidez.

Lan irabazleen aurkezpenak Soziolinguistika Klusterraren webgunean izango dira ikusgai azaroaren 25ean 11:00etatik aurrera (soziolinguistika.eus/txillardegi-hausnartu)

 

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreorde Jon Zaratek eta Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Mikel Irizarrek bideo batean iragarri dituzte Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2020ko edizioan garaile izan direla lanen izenburuak.

 

LEHEN SARIA (Jose Luis Zumetaren litografia eta 2000€ko saria):

Ongi etorri. Euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa.

Egilea: Eneko Gorri Gantier

Epaimahaiaren esanetan saiakera honetan sistematizazio lan aberatsa egin du egileak. Ideia berriak eta ekarpen ugari jarri ditu mahai gainean. Hausnarketatik, eskaintza atomizatua gainditzeko eta Ipar Euskal Herrian bide berri batzuk zabaltzeko aukerak seinalatzen ditu. Xede taldeak oso ongi aztertu dituela eta azken urteetan argitaratu diren erreferentziazko lan asko bere hausnarketan integratu dituela ere aipatu da.

Laburpena:  2020ko udaberrian mundu mailan zabaldu den pandemiak gure biziak inarrosi ditu, gure suntsierraztasuna eta jendartean diren desorekak aurpegiratuz.

Etxean konfinaturik, euskaraz bizitzeko, gozatzeko edo ikasten segitzeko baliabideak beharrezkoak izan ditugu. Eta bereziki horiek aterpetzeko espazioak ere. Eragile anitz edukiak partekatzen hasi dira molde erreaktiboan. Ipar EHan berean, «Etxean euskaraz» kanpaina abiatu zen eragile sozialen partetik eta erakunde publikoen babesarekin. Aspaldi lortu ez zen oihartzuna bildu zen. Eta asko ikasteko aukera ere.

Etorkizunera begirako galderak pausatzen ditu: nola hedatu euskaraz bizitzeko baliabideak, behar duten pertsonen eskura iritsi daitezen? Larrialdi egoeran posible izan den lankidetza eredua errepikatzen ahalko litzateke molde antolatu, gogoetatu eta anbiziotsuago batean? Eta tresna bateratu bat sortzearekin, beste premia periferikoei erantzuten bagenie ere?

Burutazio hauei erantzun batzuk proposatzea da lan xume honen helburua.

BIGARREN SARIA (1300€ko saria):

Euskara Tolosaldean: kartografia bat

Egilea: Garikoitz Goikoetxea Etxeberria

Lan honi buruz, epaimahaiak aipatu du lan osoa dela, datuz eta erreferentziaz ondo hornitua. Soziolinguistika kuantitatiboaren ikuspegi klasikoa erabili du, eskuragarri dauden datuen ustiaketa eta erabilera bikaina eginez. Gainera, ondorio argietara heldu da horien bidez. Alderdi positibo eta negatiboen azterketa zorrotza egin du eta horiek sistematizatuz proposamenetara urratsa ere barneratu da lanean.

Laburpena: Geldialdia: ezagutza gora, baina erabilera trabatuta. Atzerakada: arnasguneen galera nabarmena. Euskararekin lotutako adierazleek kezka sortu dute azken urteetan, batez ere eremu euskaldunetan. Zer gertatzen ari da? Azken hamarkadetan eskualde euskaldun batean izandako bilakaeraren analisia egin nahi du lan honek, informazio estatistikoa ustiatuta: Tolosaldea hartu da aztergai, eskualdeko 28 herriak, eta aldagai soziolinguistikoak eta bestelakoak gurutzatu dira, joerak eta horien oinarriak zein diren jakiteko. Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa da Tolosaldea, baina ñabardura handiak daude herri batzuetatik besteetara. Urteotako aldaketa soziolinguistikoei buruzko iritziak eta ikuspegiak datuekin kontrastatzea, helburu horixe du azterketa honek.

HIRUGARREN SARIA (1000 €ko saria):

Tokiko komunikabideak hizkuntza biziberritzeko eragile: Ipar Euskal Herriko eta Yukatan penintsulako hiru kasu-azterketa apreziatibo.

Egileak: Ainhoa Morón Lasa eta Beñat Garaio Mendizabal

Epaimahaiak nabarmendu du gurea aztertzeko kanpoko erreferentziak baliatzea, Txillardegiren izpirituaren bidetik. Interesgarri ikusi da oinarri sozialeko eta bolondreseko ekimen txikiak sakon aztertzeko ahalegina. Arakatze apreziatiboa metodologia bezala ekarpen eta ikuspegi aberats bezala hautematen da. Aktibismo digitala eta oso gaur egungoak diren gaiak eta kontzeptuak barneratu dira lanean.

Laburpena: Hainbat ekimen daude abian mundu mailan jazotzen ari den hizkuntza galera azkar eta etengabea iraultzeko. Esaterako, hizkuntza gutxituak biziberritzeko ohiko tresnak dira tokian tokiko hedabideak; alde batetik, hizkuntza erabiltzeko aukera ematen baitute, eta bestetik, hizkuntza gutxituek ez duten prestigioa lortzen lagundu dezaketelako. Lan honetan Mexikoko Yukatan penintsulako eta Ipar Euskal Herriko hiru hedabide aztertu ditugu, yukatango maiera eta euskara sustatzeko sortu zirenak hurrenez hurren. Lanaren helburua hedabide horiek hizkuntza biziberritzeari egindako ekarpenak ezagutzea eta partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatzea zen, eta horretarako, egitasmo horietako sortzaile eta esatariak elkarrizketatu ziren. Jasotako erantzunekin hizkuntza biziberritzeko hainbat ekimen-ildo eta joera interesgarri topatu dira, hizkuntza gutxituetako eragile eta kideentzako baliagarriak izan daitezkeenak.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

Txillardegi – Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN