Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Hizkuntzen Erabileraren Neurketen datu basea berritzen eta hobetzen ari da Soziolinguistika Klusterra

Hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira behaketa bidez ahozko hizkuntza erabileraren datuak bildu eta aztertzen direla Euskal Herrian. Nagusiki kaleko erabilera behatu izan da, baina neurketak beste hainbat eremutan ere egin dira. Esate baterako, ikastetxeetan, unibertsitateetan, kirol-jardueretan, administrazio publikoko edo enpresetako lantokietan edota ospakizun eta jarduera berezietan (EuskarAbentura, Ikastolen aldeko festak, eta abar). Urte hauetan guztietan pilatutako datuak milaka dira, eta berebiziko balioa dute hizkuntzen erabilera, bere bilakaera eta hiztunen ezaugarrien araberako aldakortasuna aztertzeari begira.

Azken hamarkada hauetan teknologiaren arloan eman den garapena eta aldaketa oso handia izan da. Urteak aurrera egin ahala, Soziolinguistika Klusterrak datuak jaso, ustiatu eta eskaintzeko baliatzen duen datu-basearen teknologia zaharkitua geratu da. Gaur egun, eta hurrengo urteetako neurketei begira, tresna eraginkorragoa behar da, teknologikoki aurreratuagoa eta premia berrietara egokitutakoa.

Skootik enpresa garatzen ari den datu-base berriak, besteak beste, datuen antolaketa hobea izango du, erabileran eragiten duten aldagaien azterketa erraztuko du, eta datuen analisia aberasteko adimen artifiziala ere integratuko du. Datu zientifiko multzo handiak aztertzeko eta ezkutuko ereduak eta erlazioak aurkitzeko aukera eskainiko du; baita eredu konplexuen simulazioa egiteko ere.

Datu base berria, 2016 eta 2021 artean tokian tokiko behaketak egiteko IZT kooperatibak garatutako sakeleko telefonorako aplikazioarekin zuzenean konektatuta egongo da.

Proiektu honek Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien finantzazioa jaso du.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN