Soziolinguistika Klusterrak « Shaping the Future of Linguistic Diversity: The Role of Young People » NPLD-Coppieters Campus 2026 topaketan parte hartu du azaroaren 12 eta 13an, Palman.

« Engaging Young Speakers Across Europe » panelean aurkeztu zuen Miren Otxotorena Arangurenek « Arabako gazteen erreferenteak: etorkizuna imajinatzeko bideak » lana. Arabako Foru Aldundiaren eskariz garatzen ari den proiektu horrek hiru helburu ditu: Arabako gazteen erreferenteak identifikatzea, erreferente horietan hizkuntzak duen tokia aztertzea eta esku-hartzeko proposamenak egitea. Gazteekin egindako talde-elkarrizketetan oinarrituta, ikerketak erreferenteak zein gizarte-esparrutan sortzen diren eta gazteen hizkuntza-praktikekin zer harreman duten aztertzen du. Ondorioz, esku-hartzeari begira, espazio iraunkorrei loturiko erreferente hurbilak sortzeko beharra nabarmendu zen, euskararen presentzia eguneroko praktiketan normalizatzen laguntzeko.
Campusean, Europako hizkuntza-testuinguru gutxituetako esperientziak, ezagutza eta esku-hartzeak elkarbanatu ziren. Gazteen hizkuntza-erabilera sustatzeko, erabilera-esparru informal eta erakargarriak sortzeaz ere hitz egin zen, musika, kirola eta ikus-entzunezkoak, besteak beste. Halaber, gazteek komunikabideetan beren burua islatuta ikustearen garrantzia eta hizkuntza-politikak neurri sozial eta ekonomikoekin batera lantzeko beharra aipatu ziren.



