Elkar behar dugun organismoak gara; handiak eta txikiak, kolore guztietakoak. Elkar elikatzen dugu, gure ingurunearen baldintzen baitan. Euskal soziolinguistikarena ekosistema bizia da. Bizirik dago, bizitasunez betea.
20 urte dira euskararen biziberritze prozesua ezagutza soziolinguistikoz hornitzeko Soziolinguistika Klusterra sortu zela. Ikerguneari forma ematean, eremu teorikoan eta aplikatuan dihardutenak harremanetan jartzeko gune bezala irudikatu zen. Euskararen lurralde osoaren ikuspegian jardutea eta ezagutza zientifiko zorrotza produzitzea ezarri ziren lehentasun gisa. Bi hamarkada beranduago, irizpide horiek berretsiz, etengabe egokitzeko eta berritzeko erronkak indarrean dirau.
2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian, euskara biziberritzeko interesgarriak eta baliagarriak izan daitezkeen zenbait auziri helduko diegu. Eta, bide batez, hurrengo 20 urteetan datorrenaz eta egin nahi genukeen bideaz hausnartuko dugu. Urtero bezala, euskal soziolinguistikaren ekosistema biziaren topagune izan nahi du jardunaldiak; ikerlariak, aktibistak, erakunde arduradunak, teknikariak, irakasleak, aholkulariak eta ekosistema hau osatzen duten denetariko izakiak elkarlanean jartzea aurrera begira emankorra dela baitakigu.
Soziolinguistika Klusterrak duen gizartearekiko konpromisoari erantzunez, Europa Jauregiarekin lankidetzan, jardunaldia “ERRONKA GARBIA ekitaldia” izan dadin beharrezko neurriak hartuko ditu. MUGIKORTASUNA, EROSKETAK, AZPIEGITURA, HONDAKINAK, ENERGIA eta URAri lotutako neurriak hartuko dira ekitaldiaren antolakuntzan. Neurri hauen bidez, guztion ekarpenarekin, ekitaldi jasangarriagoa eta hobea lortzea eta pixkanaka irizpide eta ohitura berriak ezartzea lortuko dugulakoan gaude.