Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Gazteak, sare sozialak eta hizkuntza kudeaketa

Egitasmo honetan gazteek beraiek kudeatutako edo (batez ere) gazteei zuzendutako sare sozialetan hizkuntzen kudeaketa izan dugu aztergai. Horretarako sei kasu zehatz aztertu dira. Hiru helburu zehatz izan ditu egitasmo honek:

  • Batetik, euskaraz jardunez interneteko sare sozialen bidez gazte askorengana heldu eta eurekin komunikazio maila esanguratsu bat lortu duten sei kasu identifikatzea eta deskribatzea.
  • Bestetik, sare sozialen bidez gazteengana zuzentzen diren sei kasu horietan oinarrituta egoera ulertzeko gako batzuk identifikatzea. 
  • Azkenik, sare sozialen bidez gazteengana zuzentzen direnentzako jarraibideak eta estrategiak proposatzea.

 

Egitasmo honek “arrakastatsutzat” jotzen ditugun 6 bat esperientzia deskribatu eta bertatik estrapolagarriak izan daitezkeen ikasgaiak ateratzea bilatzen du. Esperientzia guztiak gazteekin harremana dutenak dira, baina esparru desberdinetakoak izan daitezen bermatu da: hedabideak, gazte-taldeak, kirol arlokoren bat, musika taldeak… Gainera, sare sozial ezberdinetan kokatzen diren esperientziak izan dira aukeratuak: Tuenti-n, Facebook-en eta Twitter-en. Sei kasu horiek honako hauek izan dira: Doka kafe antzokia, Euskal Herria Zuzenean festibala, Gaztea irratia, Ken 7 musika taldea, Gernikako Gaztetxea eta Mikel Astarloza kirolaria.

 


 
Egitasmoa lantzeko Soziolinguistika Klusterra Elkarteak lan taldea osatu du bere bazkideetako birekin: Emun Kooperatiba Elkartea eta Urtxintxa Eskolarekin. Emunek “Enpresa, sarea eta hizkuntzak”[1] ikerketa lana burutu zuen 2011n eta Urtxintxak ibilbide luzea du gazteen eta soziolinguistikaren arloan.
Egitasmoa bere testuinguruan kokatzeko, Koldo Diazengana jo dugu[2]. Koldo Diaz doktoregaia da, “Euskal identitatearen eraikuntza Facebook-en” da bere tesirako gaia.
 
Amaitzeko, gaur egungo egoera ulertzeko hainbat gako eta etorkizunera begirako hainbat jarraibide landu ditugu txosten honetan. Egoeraren gakoak ulertzeko Gorka Juliorengana[3] jo dugu. Gorka Juliok hainbat aldiz landu du hizkuntzen erabilera interneteko sare sozialetan gaia[4]. Egitasmo honen gakoak eta jarraibideak jasotzeko eta horiek elkarrizketatuen hitzen bidez janzteko bideoa egin dugu.
 
 
ERANSKINAK:

 

Eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmoa garatzeko behar-beharrezkoak izan direnei: Koldo Diazi, Gorka Juliori, Dokako ordezkari Aritz Mujikari, Euskal Herria Zuzeneaneko ordezkari Eneko Etxegarairi, Gazteako ordezkari Eider Jauregiri, Ken 7ko ordezkari Eñaut Elorrietari, Gernikako gaztetxeko ordezkari Oskar Granado eta Naroa Idoiagari, eta Mikel Astarlozari. Baita proiektu hau diruz lagundu duen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari ere.

 

[1] Ikerketari buruzko informazio gehiago: http://www.lantalan.com/lantalan/enpresa-sarea-eta-hizkuntzak

[2] Koldo Diaz: http://ehu.academia.edu/KoldoDBizkarguenaga, https://twitter.com/koldobizkar

[3] Gorka Julio: https://twitter.com/teketen

[4] Adibidez hemen: http://www.youtube.com/watch?v=ymlzJItbYjE, http://teketen.com/2010/sare-sozialak-nerabeak-eta-euskara/